Duela gutxi `Altuning Pro Gipuzkoa saria´ irabazi duzu. Pozik?
Bai, oso pozik. Egia esan, ez nuen espero. Urtea oso ondo amaitu dut.
Zertan datza sari hori?
Donostiako Foru Aldundiak, Kutxak eta Ignacio Altuna fundazioak antolatutako ekimen bat da, eta Erasmusean dauden gazteei zuzenduta dijoa batez ere. Honen helburua da, bai Gipuzkoako gizartea, bai eta bertako erakundeak hobetzeko ideiak edota proiektu bat aurkeztea. Bertan parte hartzeko, ideiak atzerritik hartuak izan behar dira. Hau da, Erasmusean zauden hiritik, arreta deitzen dizun ideia bat hartu eta kontatu.
Beraz, saria irabazteko ideiarekin joan zinen Erasmusera.
Ez, ez nintzan ideia horrekin joan. Berlinen nengoela sari horren deialdia iritsi zitzaidan e-mailez eta parte-hartzea erabaki nuen. Lan idatzi bat egin eta aurkeztu ondoren, saria eman zidaten.
Zergatik Alemania?
Gehien bat hizkuntzagatik izan zela esango nuke. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit betidanik. Ingelesa txikitatik ikasi dut, eta hitz-egiten den herrietan egon naiz. Batxilergoan bi urtez ikasi nuen alemana eta asko gustatu zitzaidan, beraz, bertara joateko arrazoi nagusia, hizkuntza izan zen. Gainera, Erasmusera joan aurretik urtebeteko ikastaro bat egin nuen.
Zailtasunak izan zenituen?
Bai, hasieran zailtasun asko izan nituen, bai nire pixukide batekin eta baita gelakideekin ere, ulertzeko. Kaixo eta Agur nola esaten ziren jakinez iritsi nintzen Berlinera, hala ere, urte batean asko ikasi nuen.
Ondo moldatuko zara orduan.
Hitz egiteko gai naiz eta asko ikasi nuen urte batean, baina egia esan, ez naiz alemanean aditua. Hasieran, ikasle-egoitza batean egon nintzen, baina hilabete batzuk pasa eta gero, etxe batera joan nintzen Berlineko lagunekin. Hasieran komeriak izaten genituen elkar ulertzeko, hala ere, ohitzen eta ikasten joan nintzen. Bertan asko ikasi nuen.
Bakarrik joan zinen Berlinera?
Ez. Ni eta nire unibertsitateko beste mutil bat joan ginen.
Beraz esperientzia positiboa izan da zuretzako.
Oso esperientzia ona izan da, ikaragarria. Jende guztia animatu beharko litzateke, gutxienez urte bat atzerrira ikastera joateko. Nik behintzat, derrigortu egingo nuke atzerrira ikastera joatea. Ez da ezer galtzen probatzeagatik. Gutxienez bizitzan behin bizi behar den esperientzia da Erasmus.
Hala ere, ez zinen egun osoan lanean egongo.
Ez. Nahiko ondo eramaten nuen dena. Gainera, guk erraztasuna geneukan hizkuntzaren aldetik. Gure karrera oso teorikoa ez denez, nahiko ondo ulertzen nuen zer eskatzen zidaten proiektua egiterako orduan. Gazte gehienak ingelesez zekiten, eta hori oso lagungarria zen niretzako. Irakasleak ere izugarri laguntzen ziguten, eta ingelesez hitzegin behar bazidaten hobeto uler nezan, egiten zuten. Batzuetan ere, bertako ikasleei eskatzen zieten guri dena mantso-mantso eta ingelesez azaltzeko.
Hemen ez da hori gertatzen ordea.
Ez. Atzerritik gurera ikastera datozenek oso momentu txarrak pasatzen dituzte. Erasmusak Euskal Herrira etortzen direnean ikastera, bertako irakasleek ez dute errukirik izaten. Ez dugu gure partetik esfortzu hori egiten. Alemanian berriz, oso eskuzabalak dira kontu horrekin. Etxean bagina bezala portatzen ziren gurekin.
Zer da Erasmusaren
esperientziatik ikasi duzuna?
Batez ere, etxetik irteten ikasi dut. Guk ezagutzen dugu gauza bat eta jende bat, eta kilometro batzuk mugitzen zara, eta gizarte guztiz ezberdin bat ezagutzeko aukera daukazu. Hasieran, gogorra bada ere, esperientziak merezi du. Batzuetan jendea beldurtu egiten da atzerrira ikastera joateko aukera agertzen zaionean. Nire kasuan ez da horrela izaten. Atzerrian bizitzea suertatzen bazait, oso gustura biziko naiz.
Arkitektura ikasten ari zara.
Zer da Hernanin eraikiko
zenukeena?
Eraiki batere ez. Pasa dena pasa da, eta gaur egun eraikitzeagatik eraikitzen da. Eraiki behar zena egina dago dagoeneko. Zerbait behar izango bagenu, hutsak dauden eraikinak eta fabrikak erabili edo moldatuko nituzke. Hernanin hutsak dauden eraikin asko ditugu. Ez dauka inolako zentzurik eraikitzen hastea leku asko utzita daudenean.
Nola bururatu zitzaizun
Altuning ekimenean aurkeztutako ideia hori?
Beraiek ematen ziguten hausnarketa kontuan hartuta, Euskal Herrian zeuden arazoetan hasi nintzen pentsatzen, eta alemaniar gizartetik zer barneratu nezakeen. Berlinera iritsi nintzenetik niregan harridura gehien sortu zuen gauza aukeratu nuen.
Beraz, ideia hori Berlinetik hartu zenuen ezta?
Bai, eta hori izan da nire proiektuaren erro nagusia. Ikaragarria izan zen moda honetaz jabetu nintzenean. Garai batean ia Berlin osoa txikituta geratu zen, hala ere, zeukatena baliatzen aurrera atera dira. Hiria pixkanaka-pixkanaka eraikitzen joan dira. Oraindik ere ikusten da hori guztia, izan ere, hori da hiriko benetako bizitza.
Denetik dago beraz.
Bai, eta hori oso onuragarria da. Fabrika bat adibidez, eskalatzeko egoitza bat izan daiteke, marrazkigintza tailerra, antzerki-gunea, diskoteka, musikarien entsegu gela eta abar. Denetarik dago, eta hori guztia eskuzabaltasunarekin lortzen da. Hau da, jabeek, eraikinak udaletxearen eskuetan uzten dituzte, eta hauek horrelako ekimenetarako aprobetxatzen dituzte.
Nolakoa da zure proiektua?
Nik ez nuen proiektu bat egin, lan idatzi bat baizik. Beste batzuek, kanpoan egon ziren bitartean, beraien lanetan egindako proiektuak azaltzen zituzten. Nire kasuan ez zen horrela izan. Lehen esan bezala, ekimen bat iritsi zitzaidan Kutxatik nire e-postara. Bertan, Gipuzkoaren egoera hobetzeko hausnarketa bat egiteko eskatzen zidaten: krisia, egoera politikoa... Betidanik nire zalantza krisia izan denez, honi buruz hasi nintzen idazten. Hasieran ez nuen ondo ulertzen. Hala ere, honetaz idazten hasi nintzenean konturatu nintzen Berlinen egin zutela hori. Zeukaten krisi egoera horretatik, sekulako eraldaketa egin zuten. Beti gauzak eraikitzearen kontuarekin gaude. Hirian ez zeukaten hori egiteko aukera, beraz, eraikin utziak moldatzea erabaki zuten. Ideiak koadernoan ordenatu nituenean konturatu nintzen moda hau zein ikaragarria den.
Zergatik `Irudimenaren boterea´ izena?
Izen hori jarri nion, esaten baitzen, krisia gainditzeko irudimen asko eduki behar zela. Hortik hartu nuen `Irudimenaren boterea´ izena.
Pentsatzen duzu ideia hori Hernanin barneratu daitekeela?
Dudarik gabe. Hemen Euskal Herrian ondare oso garrantzitsua dago industria eraikinetan, eta hauetako pila bat katalogatuak daude. Baina urteak pasata katalogazio hori kendu eta bota egiten dira. Ez dago Alemanian daukaten pentsatzeko modu hori. Eraikinak ez dira mantentzen. Lantegi edo etxe bat gaizki badago, ez da zertan mantendu behar, hala ere, gauzak zentzuarekin egin behar dira. Nire ustez oso garrantzitsua da hiri bat bisitatzera zoazenean, lehen zer zegoen ikustea. Hau da, ez ditut bakarrik hormigoizko blokeak ikusi nahi.
Euskal Herrian ez duzu ikusten Alemanian dagoen giza-
kontzientziazioa eraikinak
mantentzerako orduan?
Ez. Hala ere, potentzial handia ikusten dut. Gogo asko dituen jendea dago. Lekurik gabe dauden erakunde asko daude. Entseguak egiteko lekua behar duten musika eta antzerki talde asko daude. Bere gauzak egin ahal izateko lekurik ez daukan jende asko dago, eta hori guztia ez da toki faltagatik bereziki. Pena da hemen ez edukitzea han daukaten pentsatzeko era. Hemen oso karratuak gara, hau da, eraikin bat okupatzeko Euskal Herrian eskatzen diren baldintza minimoak alto standing esaten den bezala dira. Azkenean, horrek inbertsio altua eskatzen du, hau da, edozer gauza egiteko behar duzun diru kopurua oso handia da. Adibidez lantegi batek hezetasunak badauzka, ez erabilgarritzat jotzen da. Han askoz malguagoak dira eta nire ustez, hemen ere pentsatzeko era hori barneratu beharko genuke denok.
Berlinen ikusi eta ikasi
duzuna kontuan hartuta, zer
gustatuko litzaizuke Hernanin barneratzea?
Praktikoki objektuak eta eraikinak berrerabiltzearen ekimena da barneratzea gustatuko litzaidakeen gauza. Alemanian, lehen aukera berrerabiltzea da. Hau da, objektuak zaborrara botatzea baino, hauek berrerabiltzea nahiago dute. Hala ere, ezin badira aprobetxatu zaborretara botatzen dira. Adibidez, Berlinen zerbitzu publikoek ez dituzte altzairuak jasotzen.
Gurean berriz, ordaindu egin behar duzu hauek jasotzea etor daitezen. Han, zerbitzu publikoak web orrialde bat dauka non zure gauzen argazkiak jarri ditzakezun, eta norbaitek zure objektu edota altzairuarekin egiteko interesa baldin badauka, objektua jasotzera joan beharko du eskaintzailearen etxera. Web orrialde honetan guztiz debekatua dago saltzea, hau da, sarean eskaintzen dituzun objektuei ezin diezu prezioa jarri.
Orduan interneten dagoen ebay izeneko plataforma bezalakoa da, non zure gauzak saldu ditzakezun?
Ez. Kasu honetan zerbitzu publikoaren web orrialdea da, eta ebay izeneko web orrialdea ez da zerbitzu publikoarena. Gainera, batean ez dira gauzak saltzen eta bestean ordea, bai. Duela gutxi San Marcos-eko zabortegiaren webgunean sartu nintzen jakin-minez, eta ikusi nuen bertan altzairuak saldu egiten direla.
Zure ustez, onuragarria da Gipuzkoako Foru Aldundiak
gazteen ekimenak saritzea?
Onuragarria da, baina ez dakit zenbateraino. Nire ekimena ea bideragarria zen ala ez galdetu nien. Beraiek, adierazi zidaten sari honen helburua, jendea iniziatiba batekin erakartzea zela eta horrekin gauzak mugitzen hastea. Azken finean sari bat da eta pozik nago jasotzeagatik, hala ere, nire ideia aurrera eramango duten zalantza daukat.
Unibertsitatetik zure proiektuaren ideia bultzatzen ari zarete?
Bai, nire unibertsitatean zenbait ekimen agertu dira dagoeneko. Eibar hiriko auzo batean adibidez, eraikin ugari daude utzita, eta nire unibertsitatetik ekimen bat sortu da, hauek berrerabiliak izan daitezen. Gainera, Eibarreko Udala ere ekimen honen alde agertu da, eta badirudi gauza aurrera dihoala. Oso garrantzitsua da erakunde publikoen laguntza eta konpromisoa.
Ikusten da beraz, gazteek zeresan handia daukatela gure gizartean.
Dudarik gabe. Jende aditu asko dago urteak daramatzana bere postuan. Hala ere, azken urteetan gazteen iritziak gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira eta hori oso onuragarria da. Gazteen iritzia beharrezkoa da, gizartearen zati handi bat osatzen dutelako.
Sari hau jaso ondoren, zein da zure ideia etorkizun hurbil
baterako?
Printzipioz karrera bukatu nahiko nuke. Azterketak eta proiektua egitea geratzen zaizkit Arkitektura amaitzeko. Oraingoz, ez dut etorkizunean pentsatzen. Hala ere, etxetik irtetea gustatuko litzaidake, hau da, bakarrik bizitzea. Eta atzerrira joan behar baldin banaiz lan egitera, gustura asko joango naiz. izan ere, ez dut uste ikasten jarraituko dudanik.
Proiektua:
`Irudimenaren boterea´
Nagore Goñik Alemanian igaro zuen 2010-2011 urtea. Bertan, arkitekturako bosgarren ikasturtea burutu zuen. Horrez gain, Altuna Erakundeak proposatutako `Altuning Pro Gipuzkoa´ sarian parte hartu eta irabazleetako bat izan zen. Bere proposamena, Alemanian oso barneratua daukaten berrerabilpenaren kulturan oinarritzen da. Proiektuan hiru adibide jartzen ditu: liburu erabilien salmenta, altzairuen jasotzea eta hauen banatzea, eta azkenik, eta garrantzitsuena, eraikin hutsen erabilera. Ideia hori Gipuzkoako gizartean barneratzeko proposatu zuen.