Irati Sarasua Arabaolaza
Nazioarteko sari bat eman berri dizute.
Urtero Espainiako Mendi Federazioak, FEDMEk, lehiaketa bat antolatzen du, eskaladaren modalitate ezberdinetan burutzen diren proiektuak saritzeko. Nik aurtengoan, lehenengo aldiz, Ekaitz Maiz etxauriarrarekin batera, proiektu bat aurkeztu dut lehiaketako `Paretako Eskalada´ sailean.
Aurkeztu genuen proiektua izan zen, `Agur eta ohore´ bidearen irekiera eta lehenengo igoera. Marbore Dorreko iparraldean dagoen horma hau, legendarioa da eskaladan, zailtasun mailari dagokionez, gogorrena 8a-koa izan daiteke eta 300 metroko bidea da.
Gerora Juan Mari Iraola eta Juan Vallejo igotzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu eta horien ostean Azkoitiko eskalatzaile batzuk egin zuten saiakera, azken hauek lortu zuten bidea egitea, baina eskalada librean.
Zer suposatzen du sari honek eskalatzaile batentzako?
Aitortza. Lan ona egin genuela bagenekien Maiz eta biok. Saria irabazi aurretik pozik geunden egindako lanarekin, baina sari honek gure lana balioetsi duela uste dugu.
Bide hori noiz ireki zenuten? Zein izan da prozesua eta nola burutu duzue?
Iaz Pirineoetara, Marbore Dorreko iparraldeko hormara, joan ginen eskalatzera eta bideak irekitzeko aukera zegoela ikusi genuen bertan. Egun `Agur eta ohore´ bidea dagoen pareta, birgina zela ikusi genuen eta irekitzea erabaki genuen.
Aurten hiru bidaia egin ditugu bertara eta hauetan horma ekipatzea lortu dugu, lana uztailaren 31n amaitu genuen. Gustura aritu ginen ekipatze lanetan eta proiektu interesgarria izan da.
Zure lehenengo esperientzia da pareta eskaladan bidea zabaltzea, normalean kirol eskaladan aritzen zara paretak zabaltzen, nolakoa izan da esperientzia? Eta zein ezberdintasun du kirol eskaladan bideak zabaltzearekin?
Niri gehien gustatzen zaidana kirol eskalada da, baina egia da edozein eskalada modalitateko proiekturi ezezkoa ematen ez diodala. Horren ondorioz, paretan, boulderrean, txapelketatan etabar aritzen naiz, guztiak uztartuz normalean.
Nire lehenengo esperientzia da paretako eskaladari dagokionean, eta xarma berezia duela esan behar dut. Mendian naturaz inguratuta egotea polita da edozein mendizalerentzat, eskalada mota honetan ekintza bera da zirraragarria. Ireki berri dugun `Agur eta ohore´ bidea dagoen hormara heltzeko, esaterako, 3 orduko oinezko bidea egin behar da, 300 metroko pareta da, 2.700 metrotan hasten da eta 3.000 metrotan amaitzen da lana. Beraz, prozesu horrek guztiak du zerbait berezia, ez da eskalada hutsa.
Etorkizunera begira zein asmo duzu?
Orain arte bezala arituko naizela uste dut. Kirol eskaladan zentratuta, baina beste eratako proiektuak ere burutzen.
Urtebeteren buruan familiako bi kide izan zarete sarituak FEDMEren eskutik. Iaz Andoni Arabaolazaren lana, hau da, zure osabarena, aitortu zuten sari banaketa berean.
Hala da, aurreko urtean nire osabak kazetari moduan egiten duen lana aitortu zuten. Aitortza hori merezita zuela uste dut, mendia eta eskaladaren inguruan egiten duen lana bikaina da, eta eskalatzaile guztiok eta mendia gustuko dugun guztiok eskertzeko modukoa. Beraz, inork merezi bazuen aitortza hori, bera zen.
Nire kasuan, aldiz, Ekaitz Maiz eta biok lana behar bezala burutu dugula uste dut. Polita izan da urtebeteko tartearekin osabak eta biok aitortza jasotzea.
Nori eskaintzen diozu saria?
Batetik, familiari eta lagunei, eta bestetik, Euskal Herriaren alde borrokatu duten guztiei.