AGIN REZOLA LABURU
ZORTZIKO HAUNDIA
Ez diagu esango sekulako diferentziarekin, baina puntuaziorik altuena atera dek bai final laurdenetan eta baita final erdietan ere. Besterik ez bada ere, hire buruan sinesteko balioko dik horrek.
Beste aldekoa baino hobea dek, ez? Kosta egiten dek pixka bat txapelketaren logikan sartzea. Finalera sartuta, eta gainera, aurreko bi saioetan txukun xamar arituta, egin dezakekela erakusten diok hire buruari.
Ba huen jendea Irazurekin gogoratuko ez zen beldurra?
Beldurra ez. Nik uste, hemen ez dagoela inor betirako, eta txapelketak, era batera edo bestera, markatzen du bertsolari baten bertso bizitza. Nik banekian txapelketa honetan, hasieran kanpoan gelditzen baldin banintzen, txapelketako zerak bukatu zirela. Hor ez baldin bahabil, bertsolaritzan beste leku bat izango dek: hobea edo txarragoa norberak baloratuko dik, baina beste bat. Ez dek ahaztu edo ez ahaztu, baina txapelketaren zurrunbiloan ibili edo zurrunbilotik kanpo ibili, edade franja batean behintzat, bertsolaritza desberdina izango dek.
Hire ogibide nagusienetakoa bertsoa bihurtzen denean, txapelketan plazak jartzen dituk jokoan. Oso arriskutsua iruditzen zaidak hori.
Bertsoa ez dek nere ogibide nagusia izan. Osagarri bat izan dek eta nik urte askotan lan desberdinak konpajinatu izan dizkiat: ikasle garaian nere bekak eta zerak izan nizkian, Kronikan ere egin dizkiat urteak eta gero, interneterako pausoa eman nian www.bertsoa.com-ekin. Arriskutsua den? Bueno, bakoitzak nola hartzen duen. Nik uste, bertsolaritzak, beste edozein ofiziok bezalaxe, superbibentzi ekonomikoa ere eman behar duela, bestela ez dago maila batean aritzeko behar den dedikaziorik ematerik. Beste jende batek ere aukera balu bertsolaritzari ordu gehiago eskaintzeko, seguruena bertsotan itzuliko litzatekeen emaitza hobea izango huke. Hori inebitablea dek, eta hori horrela izanda, txapelketak asko markatzen dik egoera horretan dagoenaren kriki-krakatekoa. Hori horrela dek bere gordinean. Eta hori arriskutsua den edo ez den? Norberak nola bizi duen. Baina nik defenditzen diat bertsolariak bere lanetik bizitzeko duen eskubidea eta hor esan beharra ziok bertso mundutik laboralki jende asko bizi dela eta bertso jarduna bera dela herren haundiena daukana. Beharbada, jendea horretaz ez dek konturatzen, baina noizbait, hori ere orekatzera etorriko dek.
Hire ibilbidea jokoan jartzen deken une honetan, ze mentalidaderekin igotzen haiz oholtzara?
Nik garbi esango diat: ni txapelketa honetara igo nauk ikustera, txapelketa eta biok ea nola moldatzen ginen. Txapelketa bazen nik egin nezakeena emateko toki bat, edo ez. Horrek erakutsiko zian aurrera begirako bideetako batek zein izan behar zuen. Kale edo baleko mentalidadearekin. Bertsolaritzan gabiltzanok, bazekiagu oso aldakorra dela eta mentalidade hori oso garbi eduki beharra daukakela. 4 urtero aulkiak dantzan jartzen dituk eta horrek ez dik mundua aldatzen, baina gauzak berdin behin ere ez dituk geratzen.
Baina hik badauzkak plaza seguru batzuk!
Plaza segururik ez ziok. Hori mito bat dek. Hori dek Joxe Agirre eta kitto. Gainontzekoak dituk txapelketan lan haundia egindakoak eta utzi arren, maila hori mantentzen dutenak: errekonozimendu hori badutenak. Gaur egunean, sistema antolatu degun bezela, txapelketari ematen diogun oihartzunarekin eta plazak dutenarekin, aldea oso nabarmena dek. Hori ziok desorekatu xamar. Bateko urte osoko lanak, bestean egun batekoak baino dexente gehiago balio dik, baina bueno… Horrela antolatu diagu, hor sartzen gaituk eta hori hobetzeko formularik ez diagu bilatu.
Aurten oso seguru ikusi haugu oholtzan. Zertan ari haizen jakitun. Herorri ere seguruago sentitu haiz orain dela 2 urteko Euskal Herrikoan baino?
Nere ustez, hareako ere txukun xamar eraman nizkian gauzak, baina ez huen hala izango edo ez huen iruditu. Batek zer transmititu nahi duen, eta, hartzen duenak ere, zer hartzen duen, aldea dago. Nik aurten denbora eskaini zioat gehiago eta hori antzemateko arriskua ziok. Ez dek garantia, baina hemen milagrorik ez ziok.
Emaitzaz harago, bertsotan, ze helburu daukak txapelketan?
Nik defenditu izan detena dek, errealitatearen nozioa oso presente izatea bertsotan ari geranean. Jartzen gaituzten egoeratan, ahal den neurrian, benetan nola jokatuko genukeen pentsatuta kantatzea.
ZORTZIKO TXIKIA
Bertsolaritzaren biblian azaldu daiteke: Euskal Herrikoan gurutziltzatu, baina handik 2 urtera Gipuzkoakoan berpiztu zen.
Ni konforme nauk horrela jartzen badu.
Zer aldatzen da, txapelketa edo Irazu?
Nik Euskal Herrikoan nere intentzioak banizkian eh! Eta Oñatin ere tokatu zitekeen poto bat egitea edo ez dakit zer egitea. Txapelketara joaten dena beti joaten da duen onena ematera, baina tokatu liteke egokiera hobea eta beste batzuetan ez horrenbeste.
Sukaldariren batek eskatu dik ziza hori purearen errezeta?
Ez, baina bazekiat onddoak oso ondo jartzen dituzten toki bat, eta ziza horiak igual jarriko dizkitek! kar,kar, kar…
Futbolistek, azken urteetan, euren klubetan kirol zuzendari edo entrenatzaile posturen bat sinatzen saiatzen dituk. Bertsoa.com bertsoari lotuta segitzeko sortu deken beste hari bat dek?
Ez. Bertsoa.com ziok hain zuzen, lehen esan dituten gauza batzuk aldatzeko, edo beste modu batean planteatzeko.
HAMARREKO TXIKIA
Urte batzuk igarota, bere ibilbidea egin dik Bertsoa.com-ek. Erreferentzia bihurtu dek bertso munduan.
Oraindik aukera asko ematen dituen terrenoa dek hori. Azkenean, erakutsi duena dek interneten, komunikabide masiboetako franja hoietaz aparte, plazaz plazakoan badagoela materiala, beste eskaintza bat egiteko. Orain daukagun erronka dek eskaintza hori plazan denaren isla hobea izatea. Eskaintza hori zabaldu eta aberastea.
Hasieratik oso garbi huen hori sortu beharra zegoela eta bakarrik hasi hintzen gurditik tiraka. Nolatan, hasiera hartan, ez zen proiektua Bertsozale Elkartetik bideratu?
Hori nere burutik atera huan, baina nik ez nekian gaur egunean Bertsoa.com zer izango zen. Hasierak nolabaitekoa izan behar dik, baina iritsi geran puntua dek inportantea. Iruditu zitzaigun zentzuzkoena eta aberasgarriena zela indarrak biltzea eta azkeneko bi hiru urte hauetan batera ari gaituk. Bertsoa.com asko aberastu da horretatik eta mundu honetan gabiltzanok jardun behar diagu bertsozaleari ahalik eta eskaintza onena egiteko moduan. Hori egiteko, dudarik ez huan, modurik egokiena zela indarrak biltzea.
Besteak beste, Beñat Gaztelumendi ere hirekin ari dek lanean. Oraingoz, adarrik ez dik joko.
Adarrik ez zidak jotzen, ez!
Zer moduz ikusi dek hire lankidea txapelketan?
Gazteak badakik zer izaten duen! Burua beroa eta grina haundia! Baina bueno, eskerrak zaharrok ere hala daukagun. kar,kar,kar… Ea elkarri tamaina hartzen diogun.
Abenduaren 19an ze titular irakurri nahiko huke Bertsoa.com-en?
Besteek jartzen badute seinale ona izango dek.
OROITZAPENEN KUTXA
«Hasieran dena berri bizitzen dek; haize freskoa bezela dek»
Irazuk ondo gogoratzen ditu bertsoetako lehendabiziko urteak:
«Nik aurreneko plaza egin nuena, hemen, Hernanira etorrita egin nian. Gogoratzen nauk gainera, bertso eskolan hasi eta bigarren edo hirugarren asterako, Anatxekin Floridan kantatu nuela. Gero, bestea Sandiusterrin eta tartean, Santa Barbaran. Hoiek denak Anatxen bueltan. Egia esan, oso oso oroitzapen ona diat eta neretzako, poztekoa eta eskertzekoa dek, Hernanik aukera hori eman izana».
Hasieran dena berri bizitzen dek. Batetik bestera joaten haiz, Euskal Herria pixka bat ezagutzen eta egia esan, haize freskoa bezela dek. Gero, konturatzen haiz, ardurak ere pilatzen joaten direla eta asuntoa pixka bat kanbiatzen joaten dek. Baina oso oroitzapen polita gordetzen diat eta nere adinerako, Euskal Herriko geografia eta geografia kulturala ezagutzeko eman zidan bidearen hasiera izan hituen lehen urte hoiek.
PUNTU ERANTZUNA
Iker Osak
Unai Agirreri:
Larrauldik Hernanira
zenbat bide dago
duela hogei urte
baino gehiago
bariante berriak
nahiz azkar igaro
bizimodu berrian
Larraulen oparo
bertso eta trago
nornahiri ordago
horixe nahiago
genuen lehenago
orain bi landaretxon
hesola nago
Jexux Mari Irazuk
Aritz Zeraini:
Nausi jauna ze berri
bertso elkartean?
PUNTUKA
Hernaniko Kronika:
nere kazetaritzako unibertsitatea eta neurri batean, Bertsoa.com-en hazia ere bai.
Bertso eskola:
definizioz bertso kabiya da eta neretzat halaxe izan huen etorri nintzanetik.
Hondakinen kudeaketa:
Ez diat zuzenean probatu, baina planteamenduan eta helburuekin %100ean ados.
Aparkaleku falta:
Hori ez dek Hernaniko arazoa bakarrik. Nik beti lehengo gaztetxearen parean uzten diat eta han tokia egoten dek.
BAKARKA HIRU BERTSO
Bertsua zer zen tankera haundirik
gabe iritsi nitzan ni
burua bero ta masa-masa
zu izan zaitut legami
bertso eskolako labe goxoan
osatu azal ta mami
harro ta umil bezain bihotzez
Eskarrik asko Hernani
Gaztetxo eta ume askori
aldi goxoak ematen...
egitekoak egiten eta
esatekoak esaten
Hernanik urte asko damazki
bertso kabiya izaten
gerora ere segi erakusten
bertsoak zenbat lezaken
Hamabost urtez ibilia naiz
zure soinean barrena
barruagotik ezagutzera
heldu ere bai hurrena
ahuntzak mendira jotzen dula-ta
gaur Larraulen nagoena
ah, ta barkatu kendu badizut
alabarikan onena