ZORTZIKO HAUNDIA
Gaurko saioa lasai entzuteko moduan haiz! Bai, bai. Oso lasai!
Baina aitor ezak hala ere, aurtengo txapelketa ez dekela gehiegi prestatu. Bueno. Preparatu, preparatu… egin diat eta faseak aurrera joan ahala gero eta gehiago, baina beharbada, beste urteetan adina denborarik ez diat eduki eta juxtuxeago ibili nauk. Bertsotan hainbeste preparatu ez banaiz ere, egia dek, fase honetarako mentalki preparatu naizela.
Euskal Herriko final erdietan birritan kantatu arren, zergatik tardatu zian Unai Agirrek horrenbeste denbora Gipuzkoako finalera iristen? Eta behin iritsita, zergatik iritsi dek 2 txapelketatan jarraian? Gipuzkoako txapelketaren historia ere badek hori, ez? Oso txapelketa gutxi jokatu dituk eta hor egokitu egin behar zaik sartzea. Nik neure burua ez zeukaat goren mailako bezela; gu gaituk borrokan ibiltzen den talde horretakoak. Orduan, toka liteke pasatzea edo ez. Txapelketara joateko mentalizazioan egon daiteke giltzatako bat? Txapelketara joateko baino, txapelketari aurre egiteko. Tabladuan eta aurretik, gauza batzuk ikasi egiten dituk eta egia dek, orain ere arrisku berdina daukagula lehenengo fasean etxera joateko, baina faseetan aurrera joatea lortuz gero eta gurpil horretan sartuz gero, errazago mentalizatzen nauk. Bertsotan lehen adina egingo diat, baina orain saiatzen nauk kontrolatuago eramaten gauzak.
Aurten zergatik ez da bertsolari gazterik etorri behetik gora? Gazteak konkretuki ez direla etorri galdetzen badidak, hori ziklikoa izaten dek. Tokatuko dek hurrengo txapelketa bat eta sartuko dituk bi gazte, eta txikitu egingo ditek. Eta gero, oso zaila dek zerotik abiatu eta onena izatea norbait. 20 urterekin oso zaila dek azken muturreraino iristea, hori ziklikoa dek eta tokatuko dek berriz ere, baina normalagoa izango dek 26rekin egitea saltoa eta ez 18rekin. Hau dek normala! Oso gaztea dek txapelketa hau eta aurrera doazen guztiak oso gazteak dituk. Ni zaharrenetakoa nauk eta 36 urte dizkiat.
Nahiko txapelketa grisa irteten ari delakoan hago? Orokorrean, bertso maila altua da, baina eliteko bertsolariak falta dira eta hurrengo maila, hurrengo eskailera maila da eta nik uste horixe falta dela: goren goreneko 2-3 izen. Orain arteko saioetan ikusi deguna da, ez dagoela izugarri goitik doan inor.
Hernanin zer moduzko saioa
entzun behar diagu gaur?
Segurasko saio ona izango da. Orain, azkeneko saioak bastante zailak
izaten dira, presio izugarria egongo baita eta bertsolariak berak ere,
pixka bat, abstraitu egin behar du presio horretatik eta bertsotara
joan. Sei bertsolari dira: seietatik, uste det, finalerako hautagai
edozein izan litekeela, ze puntuazio horretara iritsi litezke, baina
pixka bat abstraitu egin beharko dute presio horrek suposatzen duenetik;
eta aprobetxatu, Galarretan egongo den giro bikain hori.
ZORTZIKO TXIKIA
Txirrita jainko litzatekeen erlijiorik balego, Unai Agirre fededun izango litzateke? Banauk!
Lehen mandamentua da: ostegunetan Aranon afaldu gabe ez dago bertsotan egiterik. Egin liteke, baina triste.
Aranon elkartzen da Hernaniko Kronikako lehengo kupula? Batzuetan osotasunean eta besteetan partzialki, baina bai. Beste satelite batzuk tartean direla.
Bakoitzak bere bidea hartu izanaren penarik badaukak? Ez, ez. Inondik ere ez. Nik uste det, garai bat izan zela hura, bide bat markatu duen lan bat egin genuena eta geroztik bakoitzak bere bidea egin degu, baina hori da naturala. Pertsonalki asko erakutsi zidan bide hark.
HAMARREKO TXIKIA
Esaten dute Kofi Annan berriz itzuliko dela sagardogileen arteko gatazkak konpontzera. Momentu zailak izanagatik ere, ez dago konpondu ezin den gatazkarik inon ere.
Sagardo mundua barrutik ezagutzen ez duenak 2 marka ikusten dizkik merkatuan: Gorenak eta Labela. Elkarri konpetentzia egiteko jaioak al dira? Berez marka asko dago merkatuan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartean, 51 marka behintzat bai, hori garbi gelditu dadila. Gorenak eta Eusko Label markei dagokienez, ez dute zerikusirik batak bestearekin eta ez lukete elkarren konpetentzi zertan izanik: Gorenak marka kolektibo bat da kanpoko eta bertako sagarrarekin egina; Eusko Labela garantiako marka bat da %100 bertako sagarrarekin egina. Gertatzen dena da, merkatuan bakoitzak bere lekua hartu nahi izaten duela eta nere ustez, batzuetan, ez dagokiona. Denborak bakoitza bere lekuan jarriko duela uste det hala ere.
Publikoak jaso duen konpetentzia irudi hau ez al da gremioaren kaltetan? Euskaldunon joera omen da denok barku berean joan gaitezkeenean barku desberdinetan joatea eta horrek nekez ekartzen du onurarik. Baina, gauzak bere lekuan jarri egin behar direla uste det eta denborak jarriko dituela.
Ze bide hartu behar luke sektoreak? Nik ez zeukat barita majikorik, baina bi apustu garbi ikusten dizkiat: bertako produktuen aldeko apustua dek bata eta kalitatearen aldeko apustua bestea. Hor, etenik gabe, aurrera egin behar da. Gero, merkatu berriak ireki, bestelako alorretan sartu, eta gaur egungo egoerara egokitu beharra dago. Baina oinarria izan beharko luke bertako produktuak eta kalitateak.
Zer ari dira orduan gaizki egiten? Nik ez det uste gauzak gaizki egiten ari direnik. Gauzak ziklikoak izaten dira eta sektore guztietan bezela, gauzak mugitzen ari gera. Sagardo sektorea garai nahasi batean dago baina bizirik dago! Beste sektore asko erori egin dira eta hau ez. Garai oso interesgarrian gaude, baina gertatzen dena da, oinarri sendoak jarri behar direla etorkizunerako.
Oinarriak denen artean jarri nahian zabiltzate orduan? Ni nere lanean buru belarri horretan ari naiz eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea ere bai osotasunean. Gainera itsu. Krisi garai zail hauetan beste erremediorik ez dago: etorkizunerako oinarri sendoak jartzea.
PUNTU ERANTZUNAIker Osak Unai Agirreri:
Hernaniko txapeldun gu gaittuk oaindik
Norbait gogoratzeak poza eman dit.
Baino urte mordo bat igaro da handik,
kolorea galdu du zenbait txapel handik!
Ez det uste zanik, tamainako lanik;
seriyo esanik, guria izanik,
txapela bueltatu zak herritik joanik!
Hernanitik Larraula zenbat bide dago?
Hernaniko Kronika: Hernanin ezinbestekoa bihurtu den berri emailea.
Txakur kakak: Nere obsesio bat kalean paseatzea asko tokatzen zaidan garai hauetan. Hor ere erabaki sendo bat hartu behar litzatekeela iruditzen zait.
Txotx denboraldia: Garai oso interesantea eta hor ere zer izan nahi degun eta nora joan nahi degun hausnartu beharko degu.
Aparkalekuak: Kotxeen aparkalekuen inguruan hausnarketa sakonago bat egin behar genuke. Eskubidea dago kotxeak aparkatzeko, baina jendeak kalean ibiltzeko ere eskubidea behar du. Uste det, bi gauza horiek uztartu egin behar ditugula.
Bertso Eskola: Bertsotan ikasteko baliatu degun tokiaz gain, lagunarte ezin hobe bat. Bertsoaren suari bizirik mantentzeko balio digun eskola.
Bertso Lata: Hemendik bi astera erantzungo dizut! kar,kar,kar…
Oso oroitzapen ona zeukat bertsotako lehen urteez. Gogoratzen nauk Biterin bertso eskolan hasi ginen garaietakoa, Langilekoa… Juanjo Uria nola etorri zen lehenengo egun hartan ume umeak ginela… Ze pazientzi eduki zuen gizon hark gu martxan jartzeko! Hori da aurreneko imajina daukatena buruan. Horrez gain, bazauzkat memorian sartuta Errezilgo soziedadean, egiten ziren Errezilgo bertsolarien arteko txapelketak.Gogoratzen nauk lehenengo eskolarteko txapelketetaz ere. Nola joaten ginen hemendik. Guretzat zer izaten zen hura!
Doinua: Zaldi zuriarenak 2009an Argia aldizkarian publikatuak