Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Jon Ander Ubeda

Kronika - Erredakzioa 2011ko abe. 3a, 01:00

Zertan oinarritu zara aukeraketa egiterako garaian? Zergatik aukeratu dituzu disko horiek?
Hasteko eta behin gurea talde lana dela esango nuke. Nafarroako Kul­turkari elkarteak prestatzen du katalogoa eta enkargua Ma­lores Etxeberriaren eskutik jaso nuen. Batzuk eta besteak estimatzen ditudanez, atsegin handiz lagundu diet katalogoa osatzen. Oinarrizko elementuak kontuan hartu ditugu aukeraketa egiteko garaian. Ba­tetik, lurraldetasuna. Euskal Herri osoko proposamenak kontutan hartzen saiatzen gara. Bestetik, ahalegintzen gara musika joera eta estilo ezberdinak katalogoan txertatzen. Eta, azkenik, bilaketa lan berezia egiten dugu disketxe handiak, ertainak eta autoekoizpenak, bertan izan daitezen.


Aukeraketa urrirako egin behar izaten duzue. Denbora aldetik ondo moldatzen al zarete disko berrienak, hau da, azken ordukoak katalogoan sartzeko?
Ahalegin berezia egiten du­gu, ­baina ez da erraza. Hain­bat disko interesgarri sartu gabe geratu diren sentsazioarekin bukatu behar izaten da katalogoaren ekoizpen lana. Izan ere, liburuxka inprenta-makinan sartzeko orduan, hainbat diskoren portadak eta izenburuak erabakitzeko daude oraindik. Lastima!


Ze talde edo ze estilotako musika kontsumitzen da gehien?
Datu zehatzak falta zaizkit, baina orokorrean Pirritx eta Porrotx, Ken Zazpi, Berri Txa­rrak,… horiek dira gehien en­tzuten diren taldeak. Eta ka­­talogoaren helburua da, bes­­te proposamenen berri ematea, musikazaleak esku artean aukera gehiago izan dezan. Musikaria zara, hainbat taldetan ibilia, hala nola, Deabruak teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetan. 

Nola ikusten duzu euskal musikaren egoera, gaur egun? Kan­tita­tea badagoela esan liteke, eta kalitatea?
Musika saltzailea, disketxeko kontu hartzailea, musika programatzailea,… Horien guztien kasuan nagusi izango da kezka. Luze jo dezake gaiak. Haiei galdetuz gero, musika oro har egoera txarrean dago. Krisiak jota dago Musika industria deitzen dioten hori. Niretzat, ordea, sormenari dagokionez, egoera onean da­go euskaraz egiten den musika. Bada musikagile talde bat ibilbidea egiten ari dena. Eta, zorionez, belaunaldi berriekin zerrenda handituz doa. Sortzaileak ez dira falta, eta batzuk gainera oso onak dira!


Iritzi bat badago esaten duena gaurko talde gehienak oso tankerakoak direla, ze irizten diozu? Estilo aldetik, letra aldetik....
Lasai asko geratuko zen, gainera, iritzi hori bota zuena! Belaunaldi bakoitzak bere joerak ditu. Garai batean heavy-a nagusi zen, ondoren rock-a eta metal-a, berriki hip-hop eta rap-a,… joera horien ondorioz estilo bere­tsuko taldeak sortu ohi dira entsaiatzeko lekuetan. Baina euskaraz egiten den musika, bere osotasunean kon­tuan hartuta, estilo ezberdinetakoa da. Eta berriro diot, maila handiko musika proposamenak dauzkagu. Zorionez.


Ikusi dezakegu, aukeratutako disko horietako ba­tzuk ohiko disketxeek kaleratuak direla, baina gero eta gehiago dira autoprodukzioak. Musikak bizi duen egoera ikusita, hori al da bidea? Zergatik? Ze abantaila ditu autoprodukzioak? Eta desabantailak?
Labur esanda, merkatuaren joera klasikoa oinarrian aldatu da musika entzuteko euskarriak beharrezko izateari utzi dionetik. Horrek estuasunak sortu ditu eraikitako egituratan, eta zailagoa da talde baten alde apostua egitea. Bestalde, teknologiari esker, aurkezpen disko txukun bat egin daiteke modu oso merkean. Hori guztia esanda, musikari batzuk halabeharrez autoekoizpenaren bidea har­tu dute. Baina CD bat argitaratzea erabakitzen badute, bi arazo handi dituzte: banaketa eta promozioa. Egoera zaila da denentzat. Bereziki, hasiberrientzat. Ikus­­­leari orokorrean proposamen berrietara gerturatzea kosta egiten zaio, garai batean baino gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!