Hernaniko Musika Bandaren historiaz ari zara liburuan baina, nola kontatzen duzu?
Liburuaren enborra Bandaren historia bera da, baina ez da hori bakarrik. Hernaniko Bandaren historia kontatzearekin batera, Hernaniko historiaren hainbat zati kontatzeko aprobetxatu dut: garai desberdinetan bizi izan ziren giro sozial eta politikoa, gertaera anekdotikoak, biografia labur batzuk… Asmoa ez da Bandaren historia besterik gabe, datua datuaren atzetik, kontatzea. Gauza kuriosoak, bandak herritarrekin izandako lotura, anekdotak… bildu ditut. Liburu entretenigarri eta gustagarri bat osatzen saiatu naiz.
Nolakoa izan da liburua idazteko prozesua?
Badirudi zerotik hasi naizela, baina bai zera! Lehenago ere gauza asko idatzi ditu jendeak, eta horri esker dugu oraindik ere Bandaren bilakaeraren berri. Joxean Goikoetxeak adibidez, idatzi izan du Bandaren inguruan, eta Hernaniko Urtekarian ere sarri argitaratu da zer edo zer. Nik hori guztia begiratu dut, Udaleko artxiboa eta hemeroteka arakatu ditut, Manolo Sagarna edota Jose Mari Goñi (semea) elkarrizketatu ditut…
Noiz sortu zen Hernaniko Banda?
Sorkuntza urte gisa 1861. urtea hartzen da, Udaleko Plenoko akta batean `musika sortzeko´ asmoa erakutsi baitzuten bertan bildutako hainbatek. Asmo hori aurrera eramateko diru-bilketa bat egitea proposatu zuten. Manuel Cendoya izan zen Bandako aurreneko zuzendaria, nahiz eta aurreneko urteetan Sanchez Salvador aritu zen klaseak ematen.
Hala ere, lehen urte haiek oso gorabeheratsuak izan ziren. Badirudi batzuetan Banda desagertu eta berriro agertu egin zela. Adibidez, II. Karlistaldian desegin egin zen. Musikari batzuk gerran parte hartu zuten, ejertzitoan bertan korneta jotzen. Bestalde, bonba batek instrumentuak txikitu zituen. XX. mendea hasi arte Banda ez zen guztiz egituratu. Ondoren, Gerra Zibila hasi artean, `urrezko aroa´ bizi izan zuen: bailableak, nazioarteko txapelketak… antolatzen ziren.
Hainbat garai historiko desberdin bizi izan ditu Bandak. Garai bakoitzak bere eragina izango zuen.
II. Karlistaldiaren ondoren hasi zen Banda egituratzen. Orduan sortu zen egutegi moduko bat, gaur egunera arte mantendu diren egun berezi batzuetan kontzertuak eskaintzeko: San Joan egunean diana, Santa Zezilia egunean kontzertua, Gabonetan eta Errege egunean emanaldia…
XX. mende hasieran berriz, loraldi moduko bat bizi izan zuen Bandak, baina Gerra Zibila iristean guztiz desagertu zen. Gerra iritsi baino lehen ere, tentsioa nabaritzen zen giroan. 1920ko Inauterietan esaterako, Sardinaren Ehorzketan liskarrak sortu ziren, politikak eraginda. Gerraren aurretik Bandak oso modu aktiboan hartzen zuen parte Inauterietan, baina urte hartan Sardinaren Ehorzketan parte hartu zuten Bandako kideak bota egin zituzten, debekatuta baitzegoen. 36a baino lehenago hala ere, II. Errepublikaren garaian, berebiziko garrantzia hartu zuen Bandak herriko jai eta ekitaldietan Jose Maria Gonzalez Bastidaren esanetara. Zuzendari hau ordea, Gerra Zibilaren garaian purgatu egin zuten, seme-alabei izen euskaldunak jarri zizkiela eta.
Urte batzuk Bandarik gabe igarota, 1949 inguruan Banda Urumea izenarekin eta Jose Mari Goñiren batutapean sortutako taldeak berebiziko garrantzia izan zuen tradizioak aurrera segi zezan, nahiz eta herrian trumoi banda gisa ezagunago egin zen. Ondoren Ignacio Iruin izendatu zuten buru, eta honek beste itxura bat eman zion Bandari. Segidan Jose Antonio Ruiz Bona etorri zen, eta bigarren loraldi bat bizi izan zuen Bandak: trajeak estreinatu zituen, Tilosetako kioskoa inauguratu zen, bailableak sortu ziren… Gainera, 60ko hamarkada hartan euskalzaletasunak indar handia hartu zuen, eta hori ere nabaria zen. Tilosetako bailableetan Bandak etenaldia egin eta jotzera irten ziren txistulariei txistu egin zitzaieneko pasartea ere oso ezaguna da. Baina ez da batzuek uste izan duten bezain anekdotikoa, zerbait gehiago ere bada. 60ko hamarkada Euskal Berpizkundearen garaia zen, eta arratsalde horretan, benetako txoke bat egon zen Tilosetan, identitate kontua izan zen: esaten da, txistu egin zutenak espainolistak zirela, eta txistularien defentsan atera zirenak, euskaltzaleak.
70eko hamarkadatik aurrera berriz, Euskal Herriko herri gehientsuenetan Bandak desagertu egin ziren. Baina Hernanin, gainbehera harri aurre egitea lortu zuen Bandak, Manolo Sagarnaren gidaritzapean. Herriko Musika Akademia egungo Musika Eskola bihurtu izanak ere lagundu egin du jarraipena emateko harrobia sortzen.
Garai desberdin horiek guztiek musika estiloan ere eraginik izan al zuten? Jendeak erraz onartzen al zituen aldaketak?
Errepertorioa garaiaren arabera aldatu da, noski. Himnoak adibidez, batzuetan dezente aldatu dira. II. Karlistaldian guregana iritsi den Hernaniko Martxa sortu zen. Baina beste batzuek polemika handia eragiten zuten. Riegoaren Himnoak ere (`Si los curas y frailes supieran, la paliza que van a llevar...´) polemika handia sortzen zuen, bere kutsu antiklerikala zela medio; batzuk errepublikarrak ziren, besteak abertzaleak…
Frankismo garaian bestalde, zentsura handia izan zen. Manolo Sagarnak kontatzen du nola behin Gora Euzkadi! (`Gora Euzkadi, bizi bedi. Gora Sabino Arana Goiri…´) jotzen hasi eta inspektorea gerturatu zen, kantua berehala bertan behera uzteko eskatuz. Bestalde, irailaren 13an, (frankistek Hernani hartu zuten eguna), eta uztailaren 18an, derrigorrezkoa izaten zuen Bandak kontzertua ematea, eta jende askok boikota egiten zion.
Hernaniko beste musika taldeekin zein erlazio izan du Bandak?
Beti egon da Banda herriko beste taldeekin lotuta. Hori dela eta, Banda lokarri gisa irudikatu nahi izan dut. Lotura handia zegoen taldeen artean: Bandako zuzendariak Akademiako zuzendari ere izaten ziren, edota Parrokiko koruko zuzendari, organista… Ramon Muguruza adibidez, Bandako zuzendariorde zela, La Unión Musical taldeko kide ere bazen, eta abesbatza zuen.
60ko hamarkadan berriz, Agrupación Musical Hernaniarrak, Bandaren babesean, Escola Cantorum abesbatza sortu zuen. Emakumeen taldea eta gizonezkoen taldea zituen, eta arrakasta handia izan zuen. Egun Kukai dantza taldeak berreskuratu duen emanaldi berezi bat sortu zuten: Sorgiñeta. Aurten 50 urte betetzen dituela esango nuke. Ballet-suite bat zen. Ballet Olaeta, Donostiako Musika Akademiako musikariak eta Cantorumeko abeslariek egindako ikuskizuna izan zen, Jose Olaizolak sortua. 1961eko ekainaren 23an Hernaniko plazan estreinatu zen obra. Iragarpen Kontzertuaren aurrekaria izan daiteke!
Noiz egon da osasuntsuen Hernaniko Musika Banda?
Esango nuke orain dagoela ondoen. 60ko hamarkadan indarra izan zuen Ruiz Bonarekin, eta baita lehenago ere, Errepublika garaian, Gonzalez Bastidarekin. Baina egindako ibilbide luzearen ondoren bizirik jarraitzen du, eta Musika Eskolak harrobia ziurtatzen du. Gainera, herrian errotuta dago. Banda nortasun ikurren transmisore izan da. San Joanetan Mendirik-mendi entzun eta sortzen zaigun zirrara Bandak 60ko hamarkadaz geroztik jotzen duelako sortu da.