Produktu ekologikoen aldeko apustua egina dute Hernaniko bi ekoizlek, Iparragirre Sagardotegiko Arantza Eguzkitzak eta Telleri Zahar baserriko Ramon Mugerzak. Produktu ekologiko horien artean aurki dezakegu Beobide sagardoa, Iparragirre sagardotegian jaioa eta ondua. Ez da denbora asko pasea produktuaren sorreratik, baina dagoeneko lortua dute ziurtagiri ekologikoa, EHNEren (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) eskutik. Ramon Mugerzak berriz, ardi latxarekin lan egiteaz gain, produktu ekologikoen aldeko apostua egin du, esne, arkume eta gaztarekin. Produktu horiengatik ematen dio EHNEk ziurtagiri ekologikoa.
14 urte zituela hasi zen tailer batean lanean. «18 urte nituenerako konturatu nintzen hori ez zela nirea» esan digu; «gazta puska bat eta ogi puska bat jateko, horrela ibiltzeko premiarik ez neukala´. Tailerrean zebilenerako jada, 100 bat buruko artaldea zeukan, Epele-erreka inguruko zelaietan. Soldaduskara joan aurretik egin zuen, ordea, saltoa, Andia mendiko (Urbasa) artalde bat erosi, eta artzain lanetan hasteko. Geroxeago iritsi zen produktu ekologikoekin lan egiteko nahia. Kronikak artzainarekin, Ramonekin, hitz egin du, produktu ekologikoen bidea ezagutu asmoz.
Nola hartu zenuen erabakia,
produktu ekologikoekin lanean hasteko?
Lehen ere, zelaietan ez nuen abonu kimikorik botatzen, eta beti saiatu izan naiz ardiek jan behar dutena neroni lortzen (belarra…). Ia ia ekologikoa egiten nuen, beraz. Ukuilu askok zeramakiten bidea, gainera, produkzioan zentratzen zen, geroz eta produkzio handiagoa izatean; intseminazio bidez eta abar. Nik ez nuen linea horretan sartu nahi.
Produktu ekologikoen eskari bat bazegoelako hartu nuen erabakia.
Zein neurri hartu behar izaten dituzuen ziurtagiri ekologikoa jasotzeko?
Inongo tratamendurik gabe eduki behar ditugu bai artalde, baita zelaiak ere; ardiek larrean ibili behar dute… Konbentzionalean, txertoak erabiltzen dira, produktu transgenikoak ematen zaizkio ganaduari, ukuiluan parrila jartzen dute… Guk hori debekatuta daukagu, baina hori gabe ere produzitu daitekeela ikusi da.
Zeinek ziurtatzen du produktua ekologikoa dela?
EHNE-ko (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) kontseiluak. Elkarte horrek bere inspektoreak ditu, eta eurak etortzen dira ikuskatzera. Animaliei zer ematen diegun erakutsi behar izaten diegu: pentsua, bazka... instalazioak, larreak... Lurraren edo produkturen baten muestrak ere hartu ditzakete analizatzeko.
Nola bideratzen dituzue
produktuak?
Biolur-en (Nekazaritza Ekologikoaren aldeko Elkartea Gipuzkoan) bidetik lantzen ari gara, nola zuzendu produktu hauek bezeroarengana.
Bestalde, kontsumo taldeak ere antolatzen ari dira leku batzuetan (Andoainen adibidez), bertako produktu ekologikoen salmenta ekoizle eta bezeroaren arteko zuzeneko tratura bideratuz. Horrela ez dago bitartekarien beharrik, eta hori interesgarria da.