Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Arantza Eguzkitza - Iparragirreko sagardogilea

Kronika - Erredakzioa 2011ko aza. 5a, 01:00

Produktu ekologikoen aldeko apustua egina dute Hernaniko bi ekoizlek, Iparragirre Sagardotegiko Arantza Eguzkitzak eta Telleri Zahar baserriko Ramon Mugerzak. Produktu ekologiko horien artean aurki dezakegu Beobide sagardoa, Iparragirre sagardotegian jaioa eta ondua. Ez da denbora asko pasea produktuaren sorreratik, baina dagoeneko lortua dute ziurtagiri ekologikoa, EHNEren (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) eskutik. Ramon Mugerzak berriz, ardi latxarekin lan egiteaz gain, produktu ekologikoen aldeko apostua egin du, esne, arkume eta gaztarekin. Produktu horiengatik ematen dio EHNEk ziurtagiri ekologikoa.

Osiñaga auzoko Iparra­girre sagardotegian topatu dugu Beobide sagardo ekologikoa. Ez da egiten duten sagardo bakarra, beste bi mota ere bai baitituzte; alde batetik Iparragirre sagardoa deitua, konbentzionala izango litzatekeena; beste alde ba­tetik Urniola sagardoa, Label ziurtagiria daramakie­na; produktu ekologikoa soilik ez beraz, bertako sagarrarekin lan egiten baitute. Hi­ru­ga­rrena litzateke, Beobi­de ekologikoa; gure produkzio guztiaren %20. Arantza Eguz­kitza sagardogilearekin egon gara, eta berak azaldu dizkigu produktuaren nondik norakoak.

Noiztik ari zarete sagardo ekologikoarekin lanean?
Hasi berriak gara. Aurtengo kanpainan egin dugu lehen aldiz, baina ideia zortzi bat urte lehenagotik dator. Eusko Jaurlaritzara deitu genuen galdezka, ea bazegoen biderik, laguntzarik, horrelako produktuak ateratzeko, baina ez ziguten laguntza handirik eskaini. Ez omen zuen merezi, salmentarik ere ez omen zeukan… Duela hiru urte hasi ginen honen inguruan lanean, eta datorren urtean bi urte beteko dira gure sagastiak ekologikoan sartu genituenetik. Noski, ez da egun batetik besterako kontua, hiru urtez egon behar baitute konbertsioan sagastiek, ziurtagiri ekologikoa lortzeko baldintzen barruan sartzeko.

Zergatik ekologikoa?
Bueno, oso produktu urria da, eta merkatua oso zail dago. Baina guk honetan si­nesten dugu, eta bezeroari ahalik eta produkturik osasungarriena eman nahi diogu.

Zenbat litro ateratzen dituzue urtean sagardo ekologikoan?
Aurreko kanpainan hasi ginen, eta 19.000 litro inguru atera genituen. Egiten dugun sagardo guztiaren %20 izango litzateke.

Enboteilatu eta merkatura bakarrik zabaltzen duzue?
Edo sagardotegia irekita duzuen denboraldian bezeroak upeletik dastatzeko aukera izaten du? Aurten ez dugu txotxean ireki, zeren, egin genuen azken sa­gardoa zen, atzera zetorren. Gainera, zaindu egin nahi genuen. Baimena eskatu behar genuen ekologikoan… konplikazio bat zen lehenengo urtean jada txotxean jartzea.

Asmorik ba al daukazue gerora irekitzeko?
Ikusi egin beharko da. Gustatuko litzaiguke, baina produktuak berak markatzen du, egoerak berak. EHNE-k ematen dizue ziurtagiri ekologikoa. Zein produktu debekatzen dituzte? Erbizidak (ezin dituzu belarrak produktu kimikoekin tratatu), abonoak naturalak behar dute, ekologikoak, ganadu ekologikotik datozenak, nitratoak ere ezin dira erabili… Baina bueno, mo­mentuz betiko eran sagastiak zainduz, ondo dijoakigu. Hori bai, ekologikoa egiteak ez du esan nahi sagastiak kontu egin gabe eduki behar direnik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!