Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Antton Zabala

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 30a, 02:00

Mikel Aginagalde

Euskal Herriko eskalada txapelketan parte hartu zenuen orain bi asteburu Gasteizen.  Lau­garren sailkatu zinen. Zein izan da zure ibilbidea aurtengo denboraldiko txapelketetan?
Denboraldiko azken eskalada txapelketan izan nintzen duela bi aste Gasteizko Ariz­na­barra kiroldegian, eta bertan laugarren postuan amaitu nuen. Nire hasierako helburua podiumean sartzea zen, baina akats tekniko batzuen ondorioz ezin izan nuen lehenengo hiruren artean egon. Egia esan, aurtengoa ez da amestutako denboraldia izan emaitzei dagokienean. Ekai­nean, esaterako, Espainiako Txapelketan lehiatu nintzen eta finalean sartzeko aukera galdu nuen. Hala ere, ziur nago hurrengo denboraldian gauzak hobeto aterako zaizkidala, eta Euskal Herriko txapelketa irabazteko gai izango naizela. Gogor borrokatuko dut hori lortzeko.

Zenbat aldiz entrenatzen duzu astean? Rokodromoan edo kanpoaldean?
Eskalada munduan hasi nin­tzenetik ordu pila bat entrenatu ditut rokodromoan, eta ondorioz, gauza berriak aurkitzeko beharra sentitu dut. Egun, harrokan (kanpoaldean) eskalatzen dut gehien bat, hori baita gehien betetzen nauen modalitatea. Hala ere, garbi daukat eskaladak dituen disziplina guztiak gustatzen zaizkidala eta ez diodala ezeri uko egiten. Nire bizitza eskaladari lotua dago, eta beraz ia egunero izaten dut kontaktua paretekin.

Orain hilabete batzuk ‘Agur eta Ohore’ pareta zabaldu zenuten zuk eta Ekaitz Maizek Frantziako Pirineoetan. Nolako esperientzia izan zen?

Agur eta Ohore pareta irekitzea Ekaitz Maiz Iruñeako sokakideak proposatu zidan, eta bitan pentsatu gabe onartu nuen eskaintza. Gavarniko Zirkura abiatu ginen,  400 me­troko ipar pareta konkistazera, Marboreko Dorrean (3000 m) bukatzen dena. Lauz­pa­bost egunean amaitu genuen lana. Esfortzu fisiko haundia egin behar izan genuen, alde batetik zeregina betetzeko beharrezkoa zen material pi­sutsua garraiatzeko, eta bestetik, men­diaren altuerara egokitzeko. Nere lehenengo esperientzia izan zen pareta be­rriak zabaltzearen munduan, eta hormaren tamaina eta zailtasuna kontuan izanda, harro egoteko lorpena izan zela uste dut. Sekulako lana egin ge­nuen eta horren fruituak jaso­tzeak benetako poza sortu zi­gun bioi. Lan txukuna egin ge­nuela aitortu ziguten biha­ra­mu­nean, hainbat eskalatzailek.

Gerora begira ba al duzu buruan antzeko proiekturik?

Agur eta Ohore pareta ireki on­doren, beste bide interesgarri bat ikusi genuen Gavar­niko Zirkuan, eta etorkizunean hura zabaltzea adostu ge­nu­en; agian datorren urtean. Aurten ordea, ezinezkoa izango da; negua dator eta baldintzak ez dira egokiak. Hala ere, orain gutxi, beste lerro dotore bat antzeman nuen Aizpunen (Na­farroan), eskalatzen ari nintzela. Lan horri bakarka ekitea erabaki nuen eta denbora gutxian ekipatzea eta kateatzea lortu nuen. Hernaniko gaztetxeari omenaldia egitea bururatu zitzaidan eta Kon­trakantxa izena jarri nion bide horri. Zailtasun teknikoari da­go­kionez, sekula eskalatu du­dan pareta gogorrena izan da.

Fortuna Kirol Elkartean ari zara lanean. Zein da zure eginkizuna?
Goizetan eskalada ins­ta­la­zioen arduraduna naiz; bertako mantenua eramatea izaten da nire eginbeharra. Arra­tsaldetan, berriz, eskalada taldeko entrenatzaile lanak egiten ditut, eta hamar bat ikasle ditut nire ardurapean.

Hernanin ba al dago etorkizunerako promesarik?

Egia esan, hernaniar gazte mordo bat dabil eskalatzen azkenaldian. Hatzi Eskalada Elkartean hasten dira gehienak, eta bertan ematen dituzte lehen urratsak eskalada munduan. Nik gomendioak ematen dizkiet eta teknika hobetu dezaten saiatzen naiz. Beharbada gehien na­barmentzen diren eskalatzaile gazteak dira: Beñat Mu­rua, Aitor Lopez eta Omar Ben Ali. Ikusi beharko da etorkizunean noraino iristeko gai diren.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!