‘Bertsolari’ dokumentala izango da ikusgai gaur (22:30), bihar eta etzi, Biterin. Asier Altuna zinemagile bergararrarena da pelikula eta hainbat galdera egiteko aukera izan du Kronikak. Besteak beste, Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarra da dokumentaleko protagonista bat. Beste pelikula bat ere ikusgai izango da Biterin: ‘Los pitufos’, bihar eta etzi, 16:30etan.
Bertsolaritzari buruzko dokumentala egin duzu, 2009ko Euskal Herriko txapelketatik abiatuta, zergatik zen zuretzat landu beharreko gai bat?
Alde batetik, uste dut bertsolaritzak izan duen bilakaera izugarria izan dela eta 2005eko txapelketako finalaren dimentsioa ikusita, konturatu nintzen kontatzeko bezalakoa zela. Bestalde, zinea eta bertsolaritzak antzekotasun asko izanik, bietan inportantea baita ikuslearen parte hartzea narrazioa bizitzerako orduan, gai polita izan zitekela pentsatu nuen. Hala ere, 2009ko txapelketara kamarekin inguratu nintzen arte, ez nekien zein pelikula egingo nuen.
Bertsolariek bizi dutena
sentituarazi nahi izan diozu ikusleari, zergatik?
Nik bertsolariak elkarrizketatu nituen, euren kezka eta ezinegonak jaso nituen baita bertsolari izatea den plazerra ere, ondoren hori irudietara eraman nuen. Nik aldez aurretik ez nekien zer kontatu nahi nuen, bideak, bertsolaritza ezagutzeak egin du pelikula. Nik uste parte batzuetan pelikulak lortu duela bertsolariak sentitzen duena ikusleari sentiraztea eta zorte haundia izan da.
Dokumentala ikusi dutenak
irudiekin inpresionatuta geratu dira, zergatik aukeratu dituzu irudi horiek?
Pelikula grabatzen hasi baino lehen, argi nuen sekuentzia bat grabatu nahi nuela: ikusleak itsasertzean utzi eta atzeraka itsasoan berneratzen den eszena. Oteizak bertsolaritzari buruz Quousque tandem! liburuan idatzi zuen sekuentzia hori eta benetan ederra iruditzen zitzaidan, surrealista zelako eta bertsolariaren jarduna deskribatzeko oso irudi potentea zelako. Sekuentzia hori pelikulan sartzen banuen beste sekuentzia antzerako batzuk ere sartu behar nituen.
Hondartzako sekuentzia horretan pertsonaia batzuk agertzen ziren: bertsolari bat eta ikusleak. Eta bertsolariekin hitz egiten funanbulistaren figura atera zen, baita amildegiarena, bertigoa... Azkenean bertsolari bat (Miren Amuriza), bertsolaritza irudikatzeko erabiltzea erabaki genuen eta egurrezko aulki mitiko horiek ikuslea irudikatzeko. Intuizioz jokatu dut, edo hobeto esanda, jolastu dut, jolasean ibili bainaiz.
Zer arrakasta izaten ari da
dokumentala?
Polita izan zen Donostiako Zinemaldia estreinatzea. Baita zine aretoetan estreinatzea ere. Pelikulak, alde horretatik genituen espektatiba guztiak gainditu ditu. Hala ere, inportanteena ikuslearen jarrera da, proiekzio ostean jendearen aurpegiak ikustekoak dira. Jendea hunkituta eta batez ere pozik somatu dugu, askok espero ez zutena ikusten dute, bidaia bat bizitzen dute. Hori zen helburua eta lortu dugula uste dut.
Dokumentala nolako
publikoari dago zuzendua?
Hasieratik, bertsolaritza ezagutzen ez duenarentzat egin nahi izan dugu pelikula. Bertsozaleak asko gozatzen du, baina bertsolaritza ezagutzen ez duenak eta aldez aurretik uste duenak: Ba!!!! bertsolariak! aspertu egingo naiz... Horiek hartzen dute sorpresarik handiena. Pelikulan sartu eta gozatu ederra hartzen dute eta ateratzean zerbait berria ezagutu balute bezala, pozik sentitzen dira. Hau da kontatzen didatena behintzat!
Bestalde, uste dut merezi duela pelikula hau zine aretoetan ikustea, benetan kondizio onetan ikusteko pelikula delako, isiltasunarekin asko jokatzen delako, soinuarekin asko jokatzen delako, ikusteko baino sentitzeko pelikula bat delako.