Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Iñigo Gorrotxategi - Izotz Hockeya

Kronika - Erredakzioa 2011ko urr. 15a, 02:00

Mikel Aginagalde

Zenbat urte daramazkizu hockeya praktikatzen?

Duela hamabost bat urte hasi nintzen izotz hockeyan, zazpi urte nituela, eta orduz gero Txuri Urdin taldeko kategoria guztietan jokatu dut. Senior mailan lauzpabost urte daramazkit eta maila onean aritu naizela uste dut. Orain entrenatu gabe nago, belaunean izan dudan lesioa dela eta, baina laister izotz pistara itzultzeko prest izango naiz.
 
Nolakoa izan zen hasiera? Nola piztu zitzaizun kirol
horrekiko interesa?

Hockeyarekiko zaletasuna umea nintzela sortu zitzaidan. Udalekuek antolatutako irteera batetik bueltan The mighty ducks pelikula ikusi genuen autobusean, eta niri izugarri gustatu zitzaidan. Ondoren, etxera iritsi, makil bat hartu eta anaiarekin jolasten hasi nintzen. Azkenean Txuri Urdin ezagutu eta bertan izena ematea erabaki genuen. Hori izan zen nire ibilbidearen hasiera.

Zein postutan jokatzen duzu normalean?
Hockeyan, atezainaz gain, bost jokalarik jokatzen dute, talde bakoitzeko. Bi kidek atzeko lerroan eta beste hirurak aurrean. Nik aurreko postuetan jokatzen dut, eta orokorrean erdiko postuan (center). Taldea blokean mugitzen da, baina beharbada, ni naiz mugimenduei dagokionez rink-ean (hockey pista) askatasun gehien duen jokalaria.

Orain hilabete hasi zenuten lehen mailako izotz hockey liga. Zenbat taldez osaturiko txapelketa da? Zein dira aurkari gogorrenak?
Estatu espainiarreko lehen mailako txapelketan zazpi talde ari dira lehian; horietatik hiru euskaldunak: Txuri Urdin, CH Gasteiz eta Angelu Hormadi. Azken hau Fran­tziako ligan jokatzen duen lehen taldearen harrobia da. Aurkari gogorrena seguruenik Aramon CH Jaka da, betidanik emaitza onenak lortu dituelako, kirol horrekiko zaletasuna sustraituagoa duelako eta harrobia gehien lantzen duen taldea delako. Hala ere, botere ekonomiko haundiena CG Puig­­­cer­da taldeak dauka, eta beraz, fitxaketak egiteko ahalmen haundiena du.

Zein emaitza lortu dituzue
orain arte?

Liga ez genuen behar bezala hasi eta CG Puigcerda katalanen aurka galdu genuen lehen jardunaldian. Hu­rren­go partidan Majadahonda CH madrildarrak garaitzea lor­tu genuen Donostian. Ondoren  jokatu jokatu ge­nuen neurketan ez genuen zortea alde izan eta esku hu­tsik bueltatu ginen Bartze­lonatik. Pasa den astebururan, aldiz, galtzen hasi ginen 2-0 Gasteizen aurka, baina, markagailari buelta eman eta 2-4 irabaztea lortu genuen.

Aurreko denboraldian ez zineten uste bezain fin ibili emaitzei dagokienez. Zein dira sasoi berrirako helburuak?

Egia esan, aurreko denboraldian emaitza kaxkarrak izan ge­nituen eta sailkapeneko az­ken postuetan amaitu genuen liga. Iazko taldea etorkizunera begira osatu genuen, jokalari gazteak izan baitziren oinarria, senior mailan esperientzia gu­txikoak. Aurten, eguneroko lanaren fruituak jasotzen eta mailari neurria hartzen saiatuko gara eta ea emaitzek arrazoia ematen diguten.

Zure anaia Imanol zurekin batera hasi zen hockeyean jokatzen. Aurten jarraitzeko asmoa al du?
Oso gazteak ginela hasi gi­nen bai Imanol eta baita ni ere Txuri Urdin Hockey Es­kolan, eta azken urteetan senior mailan aritu gara tal­de berean. Aurten, ordea, berak ezin izan du jarraitu lan kontuak direla eta. En­trenamenduak berandu izaten dira, eta lanarekin uztartzea ezinezkoa izan zaio. Baina epe motzera, agian hurrengo denboraldian, gustokoen duen kirola egitera itzultzea espero dut.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!