Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Jose Maria Sanz de Galdeano

Kronika - Erredakzioa 2011ko abu. 24a, 02:00

URA Agentziak eta hainbat administraziok ikerketa bat egin dute, Kantauriko herrietako uholde arriskuari buruz, eta Hernani, arrisku haundiko guneetan jarri dute. Jose Maria Sanz de Galdeano da ikerketa hori egin duen URA Agentziako arduradunetako bat.

Uholdea, berez, fenomeno natural bat da. Guk beti tragediarekin lotu izan dugu... Alde onik ba al dauka?
Uholdeak prozesu natural bat dira, eta orokorrean, eraikun­tzarik ez dagoen lekuetan, garrantzia daukate erliebea moldatzen dutelako eta ibarrei elikagaiak ematen dizkielako. Substratua sortzen du, eta naturari itxura bat ematen dio. Hori aberatsa da, erriberako ekosistemak hazitzeko.
Uholdeei aurre egiteak onurak ekarri ditzake pertsonentzat eta ondasunentzat; era berean, ordea, esfortzu horrek eragin dezake fenomeno natural horren erasoa, bere lurraldea okupatua izan delako. Eta hori kostu bat da ingurugiroarentzat eta ekonomiarentzat. Diru inbertsio ikaragarriak egiten dira herentzia txar hori konpontzen, borroka etengabea baita, leku txarretan egindako eraikin edo urbanizazioak urak berriz ere hartu ez ditzan.

Hernani-Donostia zonaldean zergatik izaten dira horrenbeste uholde?
Zalantzarik gabe, iraganean lurra urbanizatzeko izan den joeragatik. Zoritxarrez, he­rrialde osoan, urbanizatu egin dira ibaiak hazitzean urpean geratzen ziren lur asko eta asko. Hiri eta herriak zabaltzeko garaian, zelai-lurrak bilatu dira, lauak; horiek sarri askotan ibai bazterrak izaten dira: erriberak eta padurak, alegia. Zorionez, esan liteke, Erki­de­go Auto­no­mo osoan, alda­tzen ari de­la joera hori.

Beti ezagutu dira uholdeak zonalde honetan. Azken urteetan arriskua haunditu egin al da?
Zehazki ezin da esan gaur egun arriskua hazi egin denik. Arazo hauek haundituz joan dira, lur urperagarriak okupatu diren heinean.

Zein helbururekin egin duzue Kantauri Ekialdeko uholde arriskuen azterketa?

Helburua da arriskuen kontra zer egin litekeen pentsatzea, eta neurriak prestatzea. Neu­rri batzuk hartuko dira prebenitzeko, alegia, uholde-lur naturalak errespetatzeko. Eta beste neurri batzuk zuzenagoak izango dira, alegia, arrisku guneetan defentsarako obrak, alerta neurriak, gertaerak iragartzeko neurriak, eta Babes Zibilaren partaidetza bilatuko dira.
Neurririk hartzen ez bada, herritarrak arriskuan egon litezke, eta kalte ekonomikoak ere haundiak lirateke. Uhol­de Arriskuen Atariko Ebaluaketa da hau, eta lanaren lehenengo fasean gaude. Bitar­tean, benetan, gaur egun larrialdi zerbitzuen jarduera oso ona dela adierazi behar da.

Zein faktore aztertu dituzue zonalde bakoitzean?
Bi irizpide jarraitu dira, europar legediak eskatzen duen bezala. Lehenengo, historiari begiratu zaio, eta inbentario bat egin dugu, uholdeek kalteak sortu dituzten puntuetan: lurra nola okupatu da leku horietan? eta ibai-ertzak nola aldatu dira? Bigarren, espero litezkeen kalteak ebaluatu dira: urperagarritasuna kalkulatu da, zenbat pertsona eta enpresei eragiten diete uholdeek? Zonalde batek gainditu egiten badu baremoa, katalogo batean sartuko da: Uholde Arrisku Han­di­ko Area gisara.

Konkretuki aipatzen duzue Hernanin pertsonen osasuna arriskuan egon litekeela. Zergatik? Eta arriskua zenbatekoa da?
Batez ere uholde baten biktima izateko arriskuarengatik, eta guztiok ezagutzen ditugu ondorioak.

Zer egin beharko litzateke arrisku hori gutxitzeko?
Hori da, hain zuzen ere, plan honek bilatzen duena, neurriak bilatzea. Lehenengo hel­burua da arriskua ez gehitzea. Ezin dugu gaixotasuna sendatu, gaixoak okerrera jarraitzen duen bitartean. Lehenengo be­raz, neurri prebentiboak plan­teatuko di­ra. Eta, jadanik kaltea egina dagoen lekuetan, iraganean gaizki egin dugulako, ez dago defentsa obrak egin beste erremediorik, eta gure eskura ditugun baliabide guztiak erabili larrialdiak iragar­tzeko eta hauei aurre egiteko.

Orain egin duzuen txostena hasierako txostena da. Zer falta da lana bukatzeko?
2013ko abendurako, aukeratutako guneetan espero litezkeen kalteen neurketa zeha­tza bukatu behar dugu. Eta, 2015a bukatzerako, planak prest egon beharko lukete: zein neurri hartu behar diren, eta abar.

Aurreratu al dezekezu,
zein neurri hartu beharko liratekeen Urumea ibaiaren inguruan, egoera ´ideal´ bat izateko?

Ziurtasun osoz, kanalizazioak egin beharko dira, eta ziurtasun osoz baita ere, terreno zehatz batzuk okupatzeari uko egin beharko zaio.
 
Nori dagokio orain,
aldaketak egitea?

Administrazio guztiei. URA agentziari, noski, baina baita ere udalei, agintari urbanistikoei, Babes Zibileko zerbi­tzuei eta, guzti hauekin batera honen ardatz eta oinarri bezala, gizarte osoari.

Besterik erantsi nahi?
Bai. Arazoak bere biziko ga­rran­­tzia duela eta denbora beharko dela konpontzeko. Baina posible izango da baldin eta oreka bat sortzen badugu hiru faktoreren artean: garapen ekonomikoa, arrisku na­tu­ralak eta ingurugiroa. 

Albiste honekin lotura duten beste albiste batzuk:

Hernani, uholde arrisku haundiena duen herria, Gipuzkoan (Hernaniko Kronika 2011-07-20


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!