Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Jabier Ansa:

Kronika - Erredakzioa 2011ko uzt. 22a, 02:00

Herriko festen bixigarri
Herriko festetan urtero modu berezian parte hartzen omen duzu...
Azken 7 urteetan herriko festetan azoka egin dugu bertako produktuekin. Azo­ka horrek berezia den zerbait eman die festei, azken finean herriko jendeak parte hartzen duelako bakoitzak bere produktuak bertaratuz eta beste guztiak horiek probatuz. Denetik egoten da azokan; sagardoa, gazta, ogia, eztia, etab. Polita izaten da. Baserri batean sagardoarekin parte hartzen hasi ziren eta eurekin egin nituen azokako lehenengo urteak. Baina basurdetan aritzen naizenez, basurdearekin kazola bat egin eta bertara eramatea otu zitzaidan duela hiru urte. Herritarren erreakzioa asko gustatu zitzaidan eta azken hiru urteetan horrela parte hartu dut. Aurten halere basurdeaz gain, tortila eramango dut eta baita sagardoa ere. Nik egindako sagardoa da, nahiko ona atera dela iruditzen zait, baina ikusiko dugu.

Garagardotegian ere aritua
Benta-Berriko garagardotegian urteetan aritu zinen lanean eta orain beste bide bati ekin diozu. Bai, duela bi urte t´ erdi itxi zuten, nik 22 urte neramatzan bertan lanean eta bizitza osoa bertan pasako nuela uste nuen arren bat-batean itxi zuten eta kalean geratu nin­tzen zer egin jakin gabe. 60 langile inguru ginen, eta gehienak aurre-jubilazioa egin zuten arren, besteei dirua eman edo Andaluziara joateko aukera eman ziguten. Nik ez nuen neure burua Andaluzian ikusten eta bide hori ez hartzea erabaki nuen, lehenengo aukerarekin geratu nintzen eta parora joan nintzen.

Aranoko lehenengo landetxearen irekiera ere bidean da...
Diru horrekin zerbait berezia egin zenuen, ezta?

Bai, bi etxe neuzkanez herriko jendeak landetxe bat egiteko au­kera paregabea nuela esaten zi­dan maiz. Etxea hor zegoen alperrik eta hori aprobetxatzea erabaki nuen. Aranon inoiz ez da horrelakorik egon eta aukera polita zela iruditu zitzaidan. Dena ondo jarrita dago, baina pa­­peren kontuak egin behar direnez oraindik ez dut ireki, ha­lere, laster irekitzeko asmoa dut. Leku lasai eta txikia izango da. Etxea osorik alokatzeko aukera eskainiko dut, lau per­tsona, gehienez sei, egoteko aukera dago bertan. Bi gela ditu, sukaldea, komuna eta egongela. Gela bakoitzak bere xarma du, ingurune honetako naturan murgiltzeko aukera ematen duten koadro eta paisaje natural bereziekin.

Arano bezalako herri batean turismoak etorkizuna duela uste duzu?
Oraingoz ez dago turismoa herrian, inoiz ez delako gai hori landu, baina honek ateak ireki ditzakela uste dut. Leku paregabea da, Donostia alboan du eta baita mendia ere, bien arteko harreman horrek jendea erakar dezakeela uste dut. Eskatzen dituzten neurri guztiak betetzen ditu etxeak eta datorren urtetik aurrera turismoko liburuan azalduko da, interneten honen berri emango dut eta jendeak batak besteari esanez taldetxoak ingura­tzea espero dut.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!