Leire Goñi
26. Akelarrea egingo duzuen honetan 25. urteurrena ospatuko duzue. Jada sorginkeriatan?
Sekulako saltsa dugu horrekin! Kontua da urteurrenak urtebetera hasten direla kontatzen. Baina noski, sortu genuen momentuan egin genuen lehen Akelarrea, eta urtebetera bigarrena. Baina beno, ospatzea da kontua. Gainera oso pozik gaude, dagoeneko 2. belaunaldia ateratzen da: nire alaba, Titoren (lehen akerra) alaba…
Ilusioa egin dizue omenaldiak?
Handia. Aurten gainera 300 pertsona inguru aterako dira! Eta ez dantzan bakarrik! Haurrek ere, 10-12 urtekoek, atera nahi dute, baina txikiegiak direnez, pertsonaia mitologikoak sartu ditugu, eta galtzagorri gisa aterako dira. Denentzako dugu lekua.
Aurtengo Akelarrerako zerbait berezia prestatu duzue?
Urtero Bandak San Joan martxa jotzen egiten duen bueltarekin egiten dugu topo Akelarrean, eta aurten, Plazan sar daitezela nahi dugu, hartara, beraiei dantzatzeko. Bestela ere, prestatu dugu beste sorpresa bat, baina nahiago dut isilean gorde... Ni beldurtuta nago! Teknika prestatu egin behar da eta… Horixe da beteranoen eta gazteen arteko aldea: haiek ez dute beldurrik, edozer egiteko prest daude!
26 urtetan zer aldatu eta mantendu da Akelarrean?
Ideia mantentzen da. Honekin garai batean gertatutakoa kontatu nahi genuen. Inkisidorearen ideia hartu genuen; imajinazioa erabiltzen badugu ere, horixe kontatu nahi genuen: garai batean emakumeak sorgin izendatu eta erretzeko zer-nolako aitzakiak erabiltzen zituzten. Azken batean, Akerraren irudikapena ere horixe da, gezur eta gehiegikeria haien irudia. Bestalde, herriko festa bat izan zedin nahi genuen, eta hori ere mantendu da.
Aldatu berriz, urtero zerbait. Herrian gauza asko gertatzen da eta gogoan izatea gustatzen zaigu: presoen egoeraz hitz egiten dugu, edo, istripu batean hil ziren bi gazte hernaniarrak oroitzen ditugu, gurekin ateratzen baitziren, eta beti gogoan izango ditugu.
Prestakuntza maila ere aldatu da. Lehen edozein modutan ateratzen zen jendea, azken momentuan. Eta orain, Kontrakantxa Gaztetxearen laguntzarekin prestakuntza lanak egiten dira: jantziak prestatzeko tailerrak, antzerkia ikasteko edo dantza ikasteko entseguak… Bestalde, herriko taldeen inplikazioa errekuperatzen ari da. Talde bakoitzak bere ekarpenak egitea nahi dugu: antzerki taldeak, dantza taldeak…
Zein da gogoratzen duzun unerik bereziena?
Denetatik gertatu zaigu! Behin ospitalean bukatu genuen batek baino gehiagok, eta ni operatu egin ninduten! Urteroko jendearen parte hartzea ere oso polita da. Aurten argazki erakusketa egin dugu gaztetxean, eta orain hainbat tabernatan jarri ditugu argazki horiek, jendeak, parrandan ari den bitartean garai bateko Akelarreetan bere burua ikus dezan.
Akerraren irudia bera ere oso berezia da. Behin baino gehiagotan barrez lehertzen aritu izan naiz antzezten ari nintzela. Izan ere, emakume helduak normalean, hizketan entzuten nituen: Akerraren pitilina gora eta behera, galtzontziloren bat jarri behar geniokeela esanez… Hori Hernanitik kanpo ere pasa zaigu. Izan ere, toki askotatik deitu digute Akelarrea egiteko, eta ilusio handia egin izan digu. Oso ondo pasa dugu Astigarragan, Bidankozen, Espartzan, Igeldon, Bizkaia eta Arabako hainbat herritan… Zugarramurdin ere izan ginen, eta ondoren, gure ideia hartuta, beren bertsioa sortu dute.
Etorkizuna bermatua dago orduan?
Badirudi baietz. Azken urteetan parte-hartze kopuruak gora egin du. Aurten 300! Ez dakit nola sartuko garen Urumea kalean gora! yy