Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Ainara Ortega - Kultur Leioa XII. Narrazio Lehiake

Kronika - Erredakzioa 2011ko eka. 19a, 02:00

Leioako Narrazio Lehiaketa irabazi duzu. Lehenengo aldia da halako lehiaketa batean parte hartzen duzula?
Bai. Beti izan dut tentazioa, baina ez naiz idazlea eta eleberri luze bat egiteko ez naiz gai ikusten. Ipuinen bat idazteko ere denbora behar da. Baina oraingo honetan animatu nintzen narrazio labur bat zelako eta oso erakargarria egin zitzaidalako. Lehiaketa batzuetan, ar­gazki bat ematen dizute eta argazki horrek iradokitzen dizunetik sortu behar duzu narrazio bat. Kasu honetan, esaldi bat izan da abiapuntua: Ni gaztea nintzenean... Oso irekia iruditu zitzaidan, buelta pare bat eman nizkion eta idaztera animatu nintzen. 2-6 orrialdeko narrazioa izan behar zuen eta nik 2 orri eta erdi, hiru artean idatzi dut.

Eta, gaztea zinenean... zer?
Izenburu horrekin, topikoetan erortzeko aukera haundi­ak zeudela ikusten nuen. Ha­sie­ran saiatu nintzen topikoetan ez sartzen, baina azkenean hor ibili naiz eta uste dut topikoena ere ondo dagoela, narrazioaren helburua ondo markatua baldin badago. Ni, nere haurtzarora joan naiz. Kontatu dut nola konturatu nintzen haurra izatetik heldu izatera pasa nintzela. Gabonetako jostailuen katalogoarekin konturatu nintzen. Urtetik urtera bertan azaltzen ziren jostailuak gero eta gu­txiago interesatzen zitzaizkidan eta azkenean iritsi zen urte bat esan nuena: ´kaka zaharra, ez dago ezer nere­tzat`. Hor utzi nion gazte izateari. Trauma bat izan zen ne­retzat. Oso gaizki pasa nuen. Eta narrazioaren bukaeran, beste ideia bati heldu diot. Nerabe izateari. Nerabea zarenean, prejuizioak, kargak, konplexuak... dituzu. Nerabea ez da bizi. Heldua zarenean hasten zara bizi­tzen. Eta hala amaitzen dut: Ni gaztea nintzenean ez nintzen gaztea. Ximurtzen noan heinean idatziko dizuet, nola gaztetzen ari naizen kontatzeko.

Ba al duzu ohiturarik zure kasa ipuin laburrak idazteko?
Zerbait idatzi izan dut, baina pentsatzen dudan guztia ez dut idazten. Ideiak buruan asko ibiltzen ditut, baina pa­perera ez ditut apenas pasa­tzen.

Lehenengo aldia, eta saria. Beste lehiaketa baterako bultzada izan al daiteke?
Egia esan, animatzeko balio izan dit. Hori bai, idazteko denbora behar da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!