Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Iñaki Arratibel - Hamaikabat:

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 8a, 02:00

-Maiatzaren 22a pasata, nola egongo da Hamaikabat?
Zatiketa batetik gatoz, eta helburua ez da oso haundia. Di­tugun biak mantentzea. Hori gure aldetik. Gero ikusten du­gu, Hernanin beharrezkoa de­la aldaketa bat egitea, eta ikusten dugu, baldin­tzak badaudela jendeak parte hartzeko hauteskunde hauetan; beraien haserre hori ia gauzatzen den botoetan.

-EAk hartu duen bidea nola ikusten duzu?
Guk EAren barruan, azkeneko urteetan ikusten genuen, ha­sie­rako printzipioetatik alde egi­ten zuela, eta bazijoala Ezker Abertzalearen ingurura; hara inguratzen ari zela. Azke­neko urteetan argi eta garbi ikusi genuen; salatu egin ge­nuen; eta erabaki bat hartu behar genuen: edo bide horri jarraitu edo atera… eta atera­tzea erabaki genuen.

-Eta hori EAko lehengo boto emaileek nola ulertu dutela uste duzue?

Guk uste dugu, ondo ulertu dutela gure jarrera. Herna­niko gure ibilbidea ikusita, harrigarria izango litzateke, Herna­niko EA ezker abertzalearekin joatea; mirari bat, askorentzako. Alde horretatik, gure boto emaileek naturaltasun osoz hartuko dutela uste dut.

Hamaikabatek ze koalizio posible ikusten ditu?

Mahai gainean funtsezko gai batzuk jarriko ditugu guk. Bata izango litzateke, Atez Atekoa; bestea izango litzateke, gobernatzeko modua: 9 versus 8? Hori al da gobernatzeko mo­dua? Nik uste dut, egokia dela eta beharrezkoa dela, gai batzuetan adostasun zabal bat lortzea. Eta hori da, adibidez, zaborren asuntoa. ­4 urtetik behin sistema alda­tzea ez da posible.
Beste adibide bat: Herna­niko ikurra edo eskudoa. Legealdi honetan, aldatu egin da. Eta aldatu da dekretu baten bitartez. Lau urtero, dekretuz, hori aldatu behar baldin badugu… Beharrez­koa da konplizitatea bilatzea alderdien artean.  

-Orain lau urte, EAJrekin koalizioan joatearen alde zeunden? Araban adibidez, akordioa lortu duzue bi alderdiek. Gipuzkoan ez duzue horrelakorik lortu…
Ez da posible izan. Ikuspuntu ezberdinak izan ditugu, koalizio horren beharrari buruz. Batzuentzako gu oso txikiak gara; txikiegiak-edo… Beste batzuk berriz, ezker abertzalearen botoen bila dijoaz, eta boto-bila horretan gure me­zuak ez dute oso ondo enkaja­tzen. Beraz, nahi izan dute akordiorik ez lortzea. Gure aldetik borondate osoa azaldu dugu hori lortzeko.

-Zein dira zuen programaren oinarriak datozen hauteskundeetarako? Helburuak…
Helburu nagusia da, Atez Ateko sistema hori aldatzea. Funtsezkoa hori da. Datorren urteetan, berriz, egoera ekonomikoa. Datozen urteetan Uda­lak egoera ekonomiko kaxkarra izango du. Sarrerak ez dira igoko, eta diru iturriak nahiko mugatuak izango dira. Horrek baldin­tzatuko ditu inbertsioak; baldintzatuko ditu gastu arrun­tak… ez da olentzerori karta bat egiteko momentua. Lehentasunak jarri beharko dira.
Lehentasunen artean da­go, adibidez: Ongintza. Dena ezin da %5 jaitsi. Ongintzan ezin da %5 jaitsi. Eta Ongin­tzan ezin bada %5 jaitsi, nonbait %10 jaitsi beharko da. Eta non? Egoera horri aurre egiteko, alderdien arteko adostasuna oso garrantzitsua izango da.

-Arau Subsidiarioak onartu egin dira azkenean, urte de­zente eta gero. Gauza asko aldatu dira.  

Niretzat, Arau Subsidiario haue­tan egin duten gauzarik txarrena da, Florida kaleko industria ez ateratzeko apustua. Mantenduko dute industria dagoen bezala, Gabriel Celaya eskolatik Florida auzoraino, dena mantenduko da; guk aurreikusten genuen, industria hortik atera eta hori etxebizitza eremu bat izatea. Hor industria etxez inguratuta dago, sortzen dituen kutsadura, soinuak, zarata… trafikoa; industria dagoen tokia trafiko pixua izaten da… hori berrikusi egingo dugu. Funtsezkoena hori da.

-Mugikortasun Planak, trafiko aldaketek eta abar, zer esan haundia eman dute.
Beste adibide bat da, erakusten duena nola gobernatu den azkeneko lau urteetan. Egia da Mugikortasun Plana arau subsidiarioen dokumentu bat da. Jendeak ez zekien hori barruan zegoenik. Jendea harritu egin da obrak ikusi dituenean. Obrak hasi eta gero, Alkatea joan da hi­tzaldi bat ematera; hori da normala ez dena. Aurretik, ez da ezer egin, hori ezagutarazteko. Dena dela, horrek ez du esan nahi gehiengo berri bat sortzen bada, hori aldatuko dugunik; hori beste gauza bat da. Trafikoa ere ezin da lau urtetik behin aldatu. Sei hilabeteko epea jarriko dugu, ea aldaketa honek funtziona­tzen duen.
Mugikortasun Plan horretan, guretzat funtsezkoa da, trenbidea batetik bestera pasako duen goiko pasabidea egitea, zubia.  

-Etxebizitza. Arau Sub­sidia­rioetan aurreikusten den etxe kopurua dezentekoa da.
Etxebizitzaren etorkizuna eta arazoa, ez da soilik lurzoruak izatea etxeak egiteko. Hor dago finantziazioa, eta finan­tziazioa orain oso gaizki dago. Etxebizitza babestuen kon­tua ere hor dago: nolako babesa izan behar duten. Jabetzan izan behar duten edo alokairuan. Gure ustez, etxebizitza babestuek, denek izan behar dute alokairuzkoak; denek.
-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egingo du Hamaikabatek hori erremediatzeko?
Udalak eskumen asko ez dauzka. Baina bat badauka: formazioa; horri heldu beharko lioke ausardi haundiagoarekin. Enpresekin hitz egin behar da, jakiteko ea zer behar duten, zein langile behar dituzten eta zer formaziorekin, eta hor kurtsoak martxan jarri beharko dira, Lanbi­de­rekin batera, eta abar. Hor zer esan haundia dauka bailarak; Buruntzaldeak. Bailaran, au­ke­ra zabalagoa eskaini daiteke.
-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegin­tzaldian. Ingurumenak zer leku behar du Hernanin?
Guk orain dela lau urte sartu genuen programan, beharrezkoa zela Urumea ibaiaren antolaketa bat. Hor ikusi behar da, plan berezi baten bitartez, nola mantendu on­dare naturala, giza aktibitatea mantenduz. Aisialdiak ere badu garrantzia, eta hori ere uztartu egin beharko li­tzateke hor. Urumeak bizitza haundia du, eta egoera nahiko onean dago, behin Epeletik gora. Turismo ekologikoa erakartzeko oso interesgarria izan liteke hori; gainera, urte guztiko turismoa da hori, ez garai jakin batekoa bakarrik. Hor gauza dezente egiteko aukera dago.

-Zein dira Ongintza Patro­natuaren hurrengo apustuak zure ustez?

Funtsezkoena, finantziazioa. Udalak bere eskumenak ditu, eta Diputazioak bereak. Za­ha­rren Egoitza eta ezinduen eskumena Dipu­ta­zioaren es­kuetan dago. Hori nola finan­tziatu, ez da konpondu. Esku­­mena zeinek daukan ba­dakigu baina Udalak ordain­tzen du zati haundi bat. Baina, nik erabaki eta zuk ordaindu? Hori gutxitan ematen da. Ez da soilik Hernani eta Diputazioaren arteko arazoa. Herri guztien arazoa da.

-Etorkinen inguruan, ze lan dago egiteko?
Erronka da, integrazioa; be­netako integrazioa. Integra­zioa ez da, ez asimilazioa, eta ez da orain guk bezala konportatu behar dutela pentsa­tzea. Onar­tu behar ditugu diren bezala… Askok kontsideratzen dute inmigrazioa problema gisa. Nik uste dut inmigrazioa aukera bat dela; gizartea aberasteko aukera bat. Etor­ki­nak dituzten gizarteak, askoz aberatsagoak dira.

-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola ikusten duzu aukera hori?

Partehartzeaz hitz egiten denean, erraztasunak eman behar dira parte hartzeko. Guk joan den legealdian martxan jarri genuen proiektu hau. Bage­nekien urteetako kontua izango zela, eta zorionez, lehen hasitako proiektua legealdi honetan gauzatu da. Aho batez onartu da, legealdi honetan gutxitan bezala; hori ere aurrerapauso haundia da.

ATEZ ATEKOA


-Atez Ateko bilketa sistemaren oso kontra agertu da Hamaikabat Hernanin. Zein dira, funtsezko arrazoiak?...

Ekonomikoa. Oso kaltegarria da guretzako. Horrez gain, sistema horrekin, beste herriekin geneukan elkarlana hautsi egin da, eta orain dela 20-30 urte ikusi zen, zaborren asuntoa ez zela herri batean bakarrik kudeatzeko asuntoa; ez zegoelako prest aurre egiteko. Eta mankomunitateak sortu ziren. Orain egin da, atzerako pauso bat, eta uste dut hori ez dela egokia. Beste modu batzuk badaude birziklatzea haunditzeko, eta hobetzeko: 5garren kontenedorea, adibidez; eta bide horretatik joango gara.

-Bosgarren kontenedorea defendatzen duzue zuek. Jakina da, ez dituela emaitza berak ematen 5garren kontenedoreak, eta Atez Atekoak.
Hori da arrazoi bat: Atez Atekoa behar da, erraustegia ez egiteko. Guri klaseak ematera esperto bat etorri zen, Colomer izenekoa, eta hark esaten zuen, Atez Atekoak zalantzan jartzen zuela erraustegiaren neurria; besterik ez. Atez Atekoarekin erraustegia ez dela egingo… hori ez dute beraiek ere sinesten! Eta gero, Atez Atekoan kontuan hartu behar da, organikoaren kalitatea, kanpora joaten den zaborra, eta jendeak nola moldatu behar izan duen bere bizimodua, sistema honetara egokitzeko. Erraustegia egin egingo da, eta Atez Atekoa daukaten herriek, beren zabor zati bat erraustegira eramango dute.

-Erraustegiak 580 miloi euroko gastua izango du, `20 urteko hipoteka, Gipuzkoarentzat`.

Hipoteka gehiago izango da, erraustegia gehi Atez Ate. Ez da zen­tzuzko arrazoia. Proiektua Gipuzkoa osoarentzako da.
-Finantziazioa lortzeko zailtasunak izan dira, eta hor baldintza gogorrak jarri zaizkio Diputazioari.
Hori etxebizitza kontuan bezala da. Kreditu asuntoa dago, dagoen bezala, eta aurrezki kutxak daude, dauden bezala… Normala da, kreditu bat ematean ikustea, eta baldintza gogorrak jartzea.

-Greenpeace-ek dioenez erraustegiak osasunean kalteak eragingo ditu, kalte atzeraezinak. Gisa horretako talde bat hain kontra azaltzeak zer pentsarazten dio Hamaikabati?
Greenpeaceko kide batzuk badira erraustegia onartzen dutenak. Nik osasun aldetik esango nuke, adibidez, erraustegi bat dagoela Monaco erdian. Uste dut dena esana dagoela. Neurri zorrotzak bete beharko ditu, hori bai.

MOTXEAN

Nekazaritza:
Erreztasunak jarriko nituzke produktuak herrian saltzeko. Behe­men­dik-eta, lan bikaina egiten dute; esne makinak ere fun­tzionatzen du. Formakuntzak ere zer esana izan dezakeela irudi­tzen zait, eta hor Udalak badu eskumena. Beste ikuspegi batetik ere, kontuan hartzeko sektorea da; adibidez, ingurumena, askotan baserritarren esku geratzen den kontua da.

Industria:
Azken legealdi honetan adostasuna lortu den kontu bakarretako sektore honetan izan da. Galarretako apustua oso interesgarria iruditzen zait, eta beharrezkoa, bai epe motzera, eta bai etorkizunari begira. Ikusten dugu akats txiki bat: Udalak jar­tzen du, aprobetxamenduaren %15; hori da, 6 miloi euro. Guk proposatu genuen, Udalak parke teknologikoan parte hartzeko aukera izatea, proportzio berean. Gestiorik ez da egin, eta uste dugu hori errekuperatu beharko litzatekeela.

Arrisku haundiko enpresak:

Jarraipena egin behar zaie enpresa horiei. Segurtasun neurriak jarri, eta istiluei jarraipen zehatza egin, eta etengabekoa.
 Zikuñagako papelera:
Hasieran zarata arazo gogorrak sortzen zituen Zikuñagak. Be­raiekin hitz egin zen, eta bilatu zen irtenbide bat: zarata foko haundienak aislatu egin ziren, eta horrek bere eragina izan zuen. Gauza bera egin beharko litzateke usaiarekin. Ikusi non eta nola sortzen den usai hori eta erremedioa jarri. Gainean egon behar da.

Merkataritza:

Merkataritzan nik uste dut zer esan haundia izango duela oraingo trafiko aldaketa honek. Zalantzak dauzkat, ez ote duen kalte haundia sortuko. Jendea herrira etortzeko erraztasunak behar dira, aparkatzeko eta abar.

Txotx denboraldia:
Sagardoaren kultura sustatu behar du Udalak, nola mantendu, nola hobetu, hernaniarren­tzako. Kanpotarrentzako badakigu nola hobetu litekeen: tabernak 04:00­etan itxi beharrean, itxi ditzatela 06:00etan! Baina hori hernaniarren kalterako da, beraz, beste erremedio batzuk bilatu behar dira. Lortu behar genuke jendea etortzea egunez, gauez etorri beharrean.

Kiroldegia. Kirola orokorrean:
Kirolean, Udalak eskaintza bat egiten du, baina eskaintza solidoena elkarteek egiten dute.  Udalak elkarteekin harreman ona dauka, eta bide horretatik jarraitu behar du. Kiroldegia zahartzen ari da, eta egokitu egin beharko da, baina beti dirua kontuan hartuta.

Kultur Gunea:

Hori da gure ustez berraztertu be­har den proiektu bat. Ta­ma­lez, guk uste dugu proiektu hori kajoi batean sartuko dela, eta hortxe geratuko dela urte luzetan. Adibidez, liburutegiak ere hor joan behar al du? Liburutegi bat egin behar dugu? Hala bat baino gehiago eta txikiak. Mailegu bidez-eta, gero batetik bestera liburuak mugitu… An­tzio­lan auzo haundi bat dago, sortu berria.

Kontrakantxa Gaztetxea:

Akordio bat badago, lokala uzteko. Orain dela gutxi kultur ba­tzordean galdeketa bat egin genuen, hor egiten diren jarduerak ze baldin­tzetan egiten diren, alkohola sal­tzen den edo ez… Udal lokala da, adin txikikoak ere uste dut sartzen direla… gai horren inguruan ez dugu erantzunik jaso. Jarduera bezala, beste elkarte bat bezala ikusten dut. Beraiek beraien mar­txa daramakite…

Udaletxeko Euskara Plana:

Udaletxe barruan euskeraren egoera oso osasuntsua da. Uste dut plan hau 7-8 urtetik ari dela aplikatzen, eta uste dut emaitza oso onak ari dela ematen. Arazoa da, betikoa: erabilera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!