Zer helburu duzue datozen hauteskundeetan?
Garbi dago. Alkatetzara iristea. Ez dago erdibideko helbururik. Nire kasuan, bi legegintzaldi egin ditut Udalean; batean, gobernuan; bestean, oposizioan. Uste dut behar bezainbesteko eskarmentua dudala Alkate izateko. Egoerak gainera, uste dut eraman gaitzakeela Alkatetzara. EAJko lehendabiziko Alkatea, Hernanin.
-Bost ardatzetan oinarritzen duzue zuen proposamena. Horietako batean esaten duzue, Udalak aberastasuna sortu dezakeela.
8 urte eta gero, nik uste dut egin litekeela. Garbi dago. Kontratazio sistemak ematen du aukera bat: zuk esan dezakezu Hernaniko enpresentzako izan behar dutela kontratazioak (diru kantitate batera iristen ez badira): Hernanin dauden enpresentzat, beti ere, garantia minimoak ematen badituzte. Poltsa bat egingo dugu, Hernaniko profesional eta enpresekin, eta inbitatzen joango gara, txandaka, edo gure teknikoek egoki ikusten duten moduan.
-Zein koalizio edo akordio posible ikusten dituzue?
Badago gai bat, koalizioak baldintzatuko dituena: Atez Atekoa. Koalizioak horren arabera egingo dira, batez ere: emaitzen arabera, noski; eta Atez Atekoari buruz pentsatzen denaren arabera.
-Hamaikabat alderdiarekin EAJk akordioa bilatu du Araban…
Hernaniko Hamaikabat alderdiko kideekin dugun harremana ona da; korrektoa. Ez dugu ezberdintasun haundirik oinarrian. Seguruenera, nik beraiekin hitz egingo dut lehendabizi.
-Arau Subsidiarioak onartu egin dira, hainbeste urte eta gero. Gauza batzuk aldatu dira aurreko proposamenetik. Zer egingo duzue gobernura iristen bazarete?
Onartutako dokumentu bat da, eta beraz, definitiboa behar luke. Nik jakin ahal izan dudanez, Udalari arazo ekonomiko haundiak ekarri diezazkioke dokumentu honek. Adibidez, gauza batzuk aldatu dira, Diputazio eta Jaurlaritzak indikaziorik, pegarik edo aipamenik egiten ez zuten lekuetan. Floridako proposamena, ez zegoen suspendituta, eta etxebizitza eremu bat aurreikusten zen. Orain, berriz ere eremu industrial izatera pasa da.
Udalari gastua suposatuko dion guztia aldatuko dela uste dugu guk.
-Denbora baterako etxebizitza arazoa erremediatu lezake gaur egungo eskaintzak?
Gaur egun, etxebizitzak zeinek egin bilatzen izango da arazoa. Promozio horiek egingo dira, promotoreek interesik badute. Etxebizitza babestuak egiten direnean, etxebizitza libreak ere egiten dira, eta horrela promotoreak etekin bat ateratzen du hortik. Eta merkatuak dioena da, dirurik ez dagoela etxebizitza libreak erosteko. Zein promotorek helduko dio horrelako promozio bati? Txantxilla bat hor dago, etxebizitza libreak saltzeko dauzkala.
Denek pegak jartzen dituzte: bankuek ez dute krediturik ematen; lur-jabeek ez dute merke saldu nahi; promotoreek diote, hainbeste babestutako etxerekin ea etekinak nondik atera behar dituzten. Berak ere sekulako etekinak ateratzen ohitu dira, eta txipa aldatu beharko dute.
-Mugikortasun Planak zer esan haundia eman du. Nola ikusten du EAJ-PNVk egindako trafiko-aldaketa multzo hau?
Garbi dago gauza bat. EAJ Alkatetzara iristen bada, badira gauza batzuk aldatuko dituenak bai edo bai; fijo. Zer? Mugikortasun Plana egiteko modua. Bertakoei galdetu behar zaie. Horren arabera egingo dira aldaketak. Elkano kalea, adibidez: ederki dago, bai jakina, Elkanon jaitsi, Txirritatik barrena, eta zuzen, Hernanitik kanpora ateratzeko. Ondo. Herri erdi-erditik pasatzen da, eta denek hori erabiliko dute herritik irtetzeko. Galarretatik Zubiondo, Ibaiondo eta abarrera joan nahi dutenak lehen Sorgintxulotik sartzen ziren; orain Txantxillatik sartuko dira.
Floridako tunela guk ez dugu egingo. 3 miloi euroko obra da. Gainera, hor tunela egiten baduzu, akabo Karabeleko lasaitasuna, eta Landare-Zubipeko lasaitasuna. Guk Florida bukaeran trenbide gaineko pasabidea egingo genuke, 1,5 miloi euro balio duena; erdi prezioa.
Badira gauza gehiago ere: Floridatik herrira etorri nahi duenak, dena zailtasuna du; horregatik nahiago du Hernanitik kanpora joan, eta kitto. Dendari txikientzat mesede ederra!
-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egingo du EAJk hori erremediatzeko? Hernanin 1.205 langabetu daude; eta gora dijoa…
Epe luzean langabezian dagoen hernaniar bat kontratatzen badu enpresa batek, gehiago puntuatu dezake lehiaketa publiko batean. Hori bultzatu behar luke Udalak etengabe.
Formazioan ere egin liteke lan gehiago. Aspalditik langabezian daudenak lanean hasteko formazio kurtsoak antolatu, eta lanpostuak sortu, jende horrentzako. Pintoreak behar dituela Udalak lan bat egiteko? Ba, begiratu dezagun ze hernaniar dagoen horretarako prestatuta, eta langabezian. Lan poltsa egin liteke langile horiekin.
-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegintzaldian. Ingurumenak, Aiako Harria parkeak, Urumeak, orokorrean ondareak… zer leku behar du Hernanin?
Aiako Harria adibidez, han dago, baina ez dugu ezer egin jendea hara joan dadin. Gastua besterik ez dio eragiten Hernaniri. Ez du inork disfrutatzen. Adibidez, zenbat jende joan da parkera, Udalak antolatuta, hango dolmenak ikustera? Zona horiek zaindu egin behar dira, baina etekina ere bilatu behar zaie. Ingurumenari begira, pausoka-pausoka joan behar da. Ataun adibidez, lehenengoa izan da kotxe elektrikoak alokatzen. Gu zergatik ez gara berritzaileak horrelako ezertan? Hemen egiten ditugun gauza guztiek iskanbila sortzen dute gure artean, azkar eta gaizki egiten direlako.
Arrisku haundiko enpresak. Neurriak hartu beharko dira, baina ezin dira itxi. Beste enpresa bat ere badago, ondoez haundia sortzen duena: Zikuñagako papelera. Usaiengatik. Partikula batzuk badira, kaltegarriak direnak osasunerako. Beste partikula batzuk berriz, ez dira osasunarentzat kaltegarriak, baina badira inkomodoak: usainak. Nik uste dut, horri ere heldu egin beharko zaiola. Alegia, aztertu, ea zerk sortzen dituen usain horiek, eta neurriak jarri, ez sortzeko.
-Zaharren Egoitza berria eginda, zein dira Ongintza Patronatuaren hurrengo apustuak zure ustez?
Orain in-pass batean gaude: zein administraziorenak dira konpetentziak? Hori izango da arazo haundiena: zeinena izango da Zaharren Egoitza? Zeinena Eguneko Zentroa? Zeinena laguntza soziala? Horrek zeresan haundia izango du.
Gainerakoan, denok ados gaude, Ongintzari dedikatu behar zaiola behar den guztia: zaharrak, behar gogorrean bizi den jendea, familiarik gabeko haurrak… Dena dela, kontu batzuk zehaztu behar dira baita ere: adibidez, laguntzak jasotzen ari diren familiak jarraipen bat behar dute. Laguntza jasotzen ari denak, aportatu ere egin behar du; gizarteak eskatzen diona bete egin behar du.
Inmigrazioa:
Etorkinak dira herritar batzuk, ni bezalakoxeak; nire berdin berdinak. Zuzen azalduko dizut: nire amona etorkina izan zen. Etorri zen, lan egin zuen, zergak ordaindu zituen… gu bezalakoxeak dira, eta ez dituzte guk baino eskubide gehiago horregatik; eskubide eta betebehar berberak dituzte. Hernanin, Amher bezalako talde bat dago, oso lan ona egiten ari dena, eta guk beti apoiatuko ditugu.
-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola ikusten duzu aukera hori? Zer emango die ereñotzuarrei eta zer hernaniarrei?
Ez dakit nola funtzionatuko duen. Nik ezagutu dut lan-taldea, eta iruditzen zait erabat konfiantzazkoa dela. Gauzak egiteko gogoz ari den jendea da, eta ilusioa daukana. Aparteko auzo batean, jendea egotea bere gauzak gestionatzeko gogoz, txukuna iruditzen zait; nola eraman duten kontua, oso txukuna. Nik jakin-mina daukat, ikusteko, ekonomikoki gehiago edo gutxiago suposatuko dion Hernaniri.
Hernaniarrei zer emango dien, ez dakit; baina horrek ez du garrantzirik. Ea zer ematen dien ereñotzuarrei; ikusteko gogoz nago.
-Hernaniko gainerako auzoekin zer harreman behar luke Udalak?
Gobernu taldean egon ginenean, niri ongintzako buru izatea egokitu zitzaidan, eta hor lan asko egin nuen auzo elkarteekin. Nire ustez, auzo elkarteen bidez jakin liteke ondoen, zer gertatzen ari den herri batean. Zergatik? Auzo elkarteek momentuan bertan ikusten dutelako zer gertatzen den inguru hartan. Bultzatu egin behar da, auzo bakoitzak izan dezala bere elkartea.
ATEZ ATEKOA
Atez Ateko bilketa sistemaren oso kontra agertu da EAJ Hernanin. Zein dira, funtsezko arrazoiak?
Gezur bat da, deserosoa da, eta garestia da. Egia balitz, datu guztiak ezagutuko genituzke, eta ez ditugu ezagutzen: teknikoek zenbat ordu sartu dituzten, adjudikazioak nola egin diren, dirurik ez eta nola jarraitu duten gauzak egiten… Dena gezurra. Merkeagoa dela? Nola ba, 1,5 miloi euro gastatu baditugu martxan jartze hutsean, maiatzetik abendura. 100.000 eurorekin 5garren kontenedorea jarri genezakeen.
Zikina da. Lehen, kalean 1.000 kilo zabor jasotzen ziren hilean, eta orain, 30.000 kilo jasotzen dira. Poltsak bazter guztietan botata ikusten dira.
Deserosoa da. Gaur arraina dut etxean eta papera atera behar. Gizarte honetan bilatu behar da erosotasuna. Ingurumenari kasu eginda, noski, baina erosotasuna. Eta eman denbora jendeari. Hezi. Ez esan 6.000 firma gaizki bilduak daudenik, erreferenduma eskatzen dutenean.
2011rako 1,5 miloi euro dago aurreikusita. 5garren kontenedorearekin miloi 1 euroko gastua. 500.000 euro gehiagoko sistema bat izan behar dugu?
-Herri guztietan ez du jarrera bera izan EAJk, Usurbilen adibidez. Zer aldatzen da batetik bestera?
Nik ezin dizut erantzun hark zer esaten duen. Gainerakoak denak 5garren kontenedorearen alde daude. Ni Hernaniko Atez Atekoaren kontra nago.
-Ez ditu emaitza berak ematen 5garren kontenedoreak (%30-40 bereizten da), eta Atez Atekoak (%80 bereizten da).
Ez ditut datu horiek. Bale jo dezagun %40 dela. Hemen %80 bereizten da, baina biltzen denarena! Eta biltzen ez duguna? %31 da biltzen ez dena.
-Erraustegiak hipotekatuko omen du Gipuzkoa, datozen 20 urteetan. 580 miloi euroko gastua izango du. Zer irizten diozu?
Garestia da, bai, baita ere. Gure ustez, erraustegiak beharko luke sistema baten azken azkeneko maila; errefusa erreko duena. Bereiztu litekeen guztia bereiztu, eta azken kondarra erraustegira.
-Greenpeacek dio, erraustegiak osasunean kalte atzeraezinak eragingo dituela. Zer pentsaturik ematen al dizue horrek?
Ez. Viena hiri erdi erdian erraustegia dago. Han ez da haunditu espina vifida kasurik. Mallorcan ere ikusi nuen erraustegia, fakultateko irakasleek kontrolatzen dituzte emisioak. Ez dut inon ikusi Mallorcan minbizi kasurik haunditu denik. Bartzelona: bi erraustegi hiri erdi-erdian…
MOTXEAN
Nekazaritza:
Ez da gure konpetentzia, baina babesa eta laguntza ematerik badaukagu: inguru honetan produzitzen dena Hernanin saltzeko aukerak bilatu behar dira. Kooperatiba batzuk ari dira horretan; hor Udalak lagundu dezake. Edo kooperatiba sortzen, adibidez.
Industria:
Korporazio honek asko egin du industriaren alde: Galarretako proiektua, hain zuzen. Inbertsio haundia egin du Udalak hor, eta denok ikusi dugu oso interesgarria dela hori. Denok bat gatoz.
Merkataritza - osteleria:
Tolosa eredu izan liteke. Oso ondo egiten ari dira: feriak, jaiak, nola hazitzen ari den herria… bizitza dago Tolosan! Hernaniko plaza hutsa dago! Guk uste dugu Plaza urbanizatu eta txukundu egin behar dela. Zinkoenea ere oso polita da, baina ez da erabiltzen. Modua aztertuko dugu, saihets bat trafikorik gabe geratu dadin. Plaza Berrin ere zerbait egin beharko da, euria ari duenerako. Komertzioari aukera eman behar zaio, beste indar bat hartu dezan.
Txotx denboraldia:
Konplikatua da txotx denboraldia. Aldeko gauzak: ama batek esan zuena: nire seme-alabek ez dezatela herritik alde egin, festa egin behar dutenean. Aldekoa da baita ere, komertzioak, ostalariak, tabernariak, sagardogileak bizibidea ateratzen ari direla hortik. Kontrako gauzak: zenbat eragiten dien herritarrei, bizilagunei. Txotx denboraldia kanpokoentzat da, neurri haundi batean.
Egunez gauza gehiago egitea da erremedioa, nire ustez, eta gauari pisua kentzea. Herriko plazei bizi gehiago eman, eta ekitaldi gehiago antolatu litezke haietan, Udaletik.
Chillida Leku:
Hernanirentzat alukeri izugarria da Chillida Leku ixtea. Motor izugarria izan zitekeen hori Hernanirentzat. Hernanik ez du ezer egin Chillida Lekutik jendea Hernanira etorri dadin. Hernanitik Chillida Lekura joateko bai, baina alderantziz ez. Ekonomikoki ezin dio lagundu Chillida Lekuri, baina zerbait egin dezakeen aztertu behar luke ondo.
Kiroldegia:
Orain dela sei urte, nik bota egin nahi nuen. Bota, eta beste leku batean egin. 12 miloi euro balio du kiroldegi berri batek. Gaur, horretarako dirurik ez dizu emango, inork. Beraz, daukagunarekin geratu beharko dugu. Egin behar dugun gauza bat da, pistak okupatuta eduki.
Eta kiroldegia bakarrik ez. Gainerako kirolak eta taldeak non daude? Hemen inork ez daki beste zein talde dauzkagun. Futbola, errugbia… eta besteak? Ez dut kirol talde horien berririk. Patronatuak egin duena da, ladrillo bat jarri behar bazen jarri, eta kitto; gestio hutsa. Inor ez da joan talde horiei galdetzera, zer behar duten.
Kultur Gunea:
Ez naiz luzatuko. 8 miloi baditugu, egingo dugu; ez baditugu, ez. Baina Hernaniko kultura ez da hor bukatzen. Bi areto txiki baditugu, zuku gehiago ateratzeko modukoak. Kiroldegian ere egin litezke gauzak.
Gaztetxea:
Nire kontuak esan izan dituzte gazteek. Nik ez ditut kontrario gisa hartzen. Baina hori bai, Gaztetxea lokal publiko bat da; eta inork ez daki hor zer gertatzen den. Gaztetxean egin litezke gauza batzuk, baina beste batzuk egiten badira arazoak sortu litezke: aforoa, adibidez. Inork ez digu ezer esaten.
Euskera plana:
Nire ustez plan horrek jarraitu egin behar du. Nahiko nuke, horren beharrik ez izatea. Baina egoera ez da hori. Egin beharra dago. Askotan, zenbait teknikariri eskatzen zaizkien titulazioak ez dut ulertzen zergatik eskatzen zaizkien, euskaraz ondo hitz egin eta idazten dutenean.