Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Estefania Morcillo - PSE-EE:

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 8a, 02:00

-Ze helburu dituzue hauteskunde hauetan?
Hauteskundeak irabaztea da gure helburua, gobernatu ahal izateko. Uste dugu Hernanik aldaketa behar duela; itxura berri bat, eta hitz egiteko prest dagoen gobernu efikaz bat, herritarren arazoak konponduko dituena, sesioa sortu beharrean.  Etorkizunari itxaropenez begiratuko dion gobernu bat nahi dugu, errespetua eta elkarbizitza oinarri hartuta pakea bilatuko duena. Gestio garbi eta garden bat egingo dugu, gastuari begiratuta, eta hiru printzipiorekin: berdintasuna, elkartasuna eta garapen iraunkorra.

-Alderdi Sozialistak nahi du Hernani elkarbizitzaren erreferentzia izatea, uste duelako orain arte Euskadiren alde ilunena ordezkatu duela. Zer proposatzen du hori lortzeko?

Hemerotekari begiratu besterik ez dago, ikusteko, Hernani zerkin lotzen den. Gure herriari buruzko iritzi oker hori aldatu nahi dugu guk, uste dugulako gauza on gehiago dituela.  Gobernatzen badugu, elkarrizketa eta elkarbizitza indartuko ditugu eta herriko pluraltasuna defendatuko dugu. Kon­tzien­­tzia­zioan lan egingo du­gu, gure txikienei balore ho­riek transmititzeko, hezkuntza programen bidez. Gure politikan zero tolerantzia izango dugu indarkeria espresioekin, eta terrorismoa goratzearekin.
-Aurten 8 zerrenda eta aukera izango dituzte hernaniarrek bozkatzeko; aurrekoan baino bi gehiago… Bildu alderdia hor dago; Denok Hiritar ere bai…
Programa garbi batekin aurkeztu gara hauteskundeetara, eta seguru gaude oso emaitza oso onak izango ditugula, aurkezten diren alderdiak aurkezten direla. Herritarrek aukeratuko dute, lau urteko programaren arabera, eta azken legealdian egindakoaren arabera. Alde horretatik, gu gustora gau­de Udalean egin dugun la­na­rekin. Espero dut, Herna­ni­ko alderdi guztiek garbi jar­tzea mahai gainean zein den euren iritzia Atez Atekoari buruz, eta gainerako gaiei buruz.

-Ze akordio posible ikusten dituzue Hernanin? Zeinekin gobernatuko zenukete?
Noski, akordioak bilatu beharko dira, inork gehiengo absoluturik ateratzen ez badu. Alde ho­rretatik gure lehentasunak progra­metan oinarritzen dira.  Gu­re programarekin gutxienezko kointzidentziarik ez du­ten alderdiekin ez dugu akordiorik bilatuko, inolaz ere. Koin­tzidentziaren bat bada, prest egongo gara hitz egiteko.

-Arau Subsidiarioak onartu egin dira, hainbeste urte eta gero. Gauza dezente aldatu dira aurreko proposamenetik. Funtsean, zein iritzi du PSE-EEk arau subsidiarioei buruz?

Testu bateratuaren kontra bozkatu zuen alderdi sozialistak, aurreko proposamenetik gauza garrantzitsu batzuk aldatu direlako: Floridako pla­na, adibidez, edo Portu eta Karabel arteko zonaldea urbanizagarri izateari uztea. Go­bernatzera iristen bagara, zonalde horiek errebisatzeko aukera ikusiko dugu. Egungo arauek zein aukera ematen duten ere aztertu nahi dugu, Urumea ingurua biziberritzeko, eta uholdeen kontrako neurriak hartzeko.

-Etxebizitza dezente egitea aurreikusten da arau subsidiarioetan. Esan da, urte ba­tzutarako etxebizitza arazoa konponduko duela horrek. PSE-EEk babestutako etxebizitza defendatu du.  

Etxebizitza eskatzen dutenak gehiago dira, eskaintzen dugun kopurua baino, eta egungo Arau Subsidiarioek ez dute erabat asetzen behar hori. Babes­tu­tako etxebizitza parke publikoa haunditu nahi dugu, eta horretarako diru kopuru bat gordeko dugu, lurrak erosteko. Erai­ki­tzeko lur gehiago izatea bultzako dugu, eta etxebizitza zaharrak berritzeko programak ba­bestuko ditugu. Alokairua bul­tzako dugu, eta hobariak edo di­ru-pizgarriak ematea defendatuko dugu, etxebezitza hutsa izan eta alokatzen duenari. Eus­ko Jaur­laritzarekin akordioa bilatuko dugu horretarako.

-Mugikortasun Planak zer esan haundia eman du. Nola ikusten du PSE-EEk egindako aldaketa ­multzo hau, eta plana orokorrean?

Uste dugu, Gobernu Taldeak eta EBk onartu duten Pla­nak ez duela trafikoa gutxituko Hernanin. Herritarrek kotxea erabiltzen jarraituko dute, eta gainera, sortu duten kaosagatik eta ibilbideak luzatu egin direlako, gasolina gehiago gastatuko dugu, eta gehiago kontaminatuko. Eskatu dugu, aztertzeko zenbateko gastua suposatuko duen trafiko-aldaketa honek. Behar izanez gero, Plana berrikusi egingo genuke.
Aparkalekuei dagokienez, eta ekonomikoki errekurtsorik izanez gero, lurrazpiko parking bat planteatuko genuke Uru­mea ikastolako horretan, eta auzoetan ere aparkaleku berriak egitea aztertuko dugu.
Garraio publikoari begira, herri barruko autobusak auzo guztietatik pasa behar du, eta beste autobusen ibilbidea moldatu egin behar da, Herna­niren egungo ezaugarrietara.

-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoa. Zer egingo luke Aralarrek hori erremediatzeko? Hernanin 1.205 langabetu daude; eta gora dijoa…
Bi lan-ildo proposatuko ditu PSE-EEk: batetik, lan bila da­bil­tzanei harrera eta formazioa eskaintzea, merkatuak behar duen horretara egokitzeko formazioa eskainiz. Bestetik, herri barruan indartu nahi dugu jarduera ekonomikoa, Galarreta-Estubegin egin den modura. Enpresa arteko kolaborazioa bultzatu nahi dugu, eta Her­na­niko enpresen eta Hernani be­ra­ren promozioa egin nahi ditugu, erakargarri izan dadin bertan inbertitzea.
    
-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegin­tzaldian. Inguru­me­nak, Aia­ko Harria parkeak, Urumea ibaiak... zer leku behar du Hernanin?
Irudi paisajistikoa eta monumentala bultzatzea proposa­tzen dugu, eta sare bat sortzea azpiegitura turistikoekin. Lan­da turismoa, eta horrekin lotutako ekintzak bultza behar lirateke, besteak beste, gure baserriek beste aukera bat izan dezaten, garatzeko.

-Ongintza Patronatuaren apus­tua izan da azken urteetan Zaharren Egoitza berria egitea. Zein dira hurrengo urteetarako erronkak?

Eguneko zentroaren zerbitzua zabaldu nahi dugu, eta etxez etxeko zerbitzua ere bai. Etor­kinak integratzeko politikak sustako ditugu. Lanbiderekin batera lan egingo dugu, esklusio arriskurik izan ez dadin, gure herritarrentzat.

-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola ikusten duzu aukera hori?
Sozialistak hasieratik egon gara Auzo Udalaren alde, eta egokia iruditzen zaigu, Ere­ño­tzuren ezaugarriak zein diren kontuan hartuta; batez ere, herri erditik zenbat kilometrora dagoen begiratzen badugu. Auzo Udal berria onuragarria izango da auzotarrentzat, eta ez dut uste kalterik eragingo dionik Hernaniri.

-Hernaniko gainerako auzoekin zer harreman behar luke Udalak?
Guretzat beti izan dira ga­rrantzitsuak Hernaniko auzoak. Beharrezko jotzen dugu au­zotarrei entzutea, eta es­katzen dutenari erremedioa ematea, ahal den neurrian. Au­zoe­tan egin diren berritzeekin jarraitu egin behar da; hasitakoak bukatu eta egin ez direnak egin, horrela, auzo bakoitzak dituen hutsuneak osatu arte.

ATEZ ATEKOA

-Atez Ateko bilketa sistemaren kontra agertu da PSE-EE. Zein dira, funtsezko arrazoiak?
Sistema hau martxan jarri baino lehenago, 6.000 herritar baino gehiagoren firmei desprezioa egin zitzaien, eta hori hasieratik salatu dugu. Sistema deserosoa da, zikina eta herritarren intimitatearen kontrakoa; nahikoa arrazoi badira gure ustez, ez babesteko. Gainera, sistema honek akats asko ditu, eta Udaleko diru-kutxei kalte egiten ari da; aipatu ere ez dut egin nahi Garbitania Enpresa suposa­tzen ari den hipoteka eta egiten ari diren izkutuko gestioa.

-Bosgarren kontenedorea defendatzen duzue zuek. Jakina da, ez dituela emaitza berak ematen 5garren kontenedoreak, eta Atez Atekoak. Atez Atekoarekin %80 inguru bereizten da, erraustegiaren beharrik ez litzatekeela aipatu dute. 
Faltsua da ideia hori. Atez Ate­koak ere beharko du erraustegia, beti izango delako hondakin zati bat birziklatu ezin dena. Gainera, gutxigorabehera herritarren %25­­ek aitortu egin du, ez duela Hernanin birziklatzen, beraz, %80 hori ezin da jo benetako datu bezala.

-Nola ikusten duzue erraustegia? Bi arrazoi ematen ari dira erraustegiaren kontra: ekonomikoki izango duen kostua, eta osasun aldetik izango duena. Greenpeace bezalako taldeak ere kontra azaldu dira...
Egungo gizartean neurriz kanpoko kontsumoa daukagu, eta gero, hondakinekin zer egin ez dakigunean, protesta egiten dugu. Bultzatu egin behar dira berrerabiltzea eta birziklatzea. Baina egoerarik onenean ere, beti geratuko da hondakin bat, desegin egin beharko dena. Erraustegia da, gure ustez, kalterik txikiena eragingo duen erremedioa, eta are eta gehiago, beste herrialdeetako esperientziei begiratzen badiegu, horrek erakusten baitu, osasunari eragiten dion kalte ezereza dela, eta kontrolatua dagoela. Gastuari begiratzen badiogu, Atez Atekoak Hernaniri 1.000.000 euroko gastua suposatu dio, eta urtero beste hainbeste kostako zaio mantenua; luzera begira, Atez Atekoa hipoteka haundiagoa da Hernanirentzat, beste ezer baino.

MOTXEAN


Nekazaritza: 
Baserritarrei erraztu egingo diegu nekazal-turismoak jartzeko aukera, diru iturri gehigarri gisara.

Arrisku haundiko enpresak:
Industria arriskutsuak kontrolatu egin behar dira instituzioetatik, arriskua gutxitu dezaten, eta lanpostuak eskaintzen segi dezaten.

Chillida Leku:
Hernanik ahal duena egin behar du, beste instituzioekin batera,  Chillida Leku berriz ireki dezaten. Alderdi Sozialistak, horrez gain, kultur politika ezberdinak bultzako ditu, bertako artistei garran­tzia emanda, eta integraziorako kultura bat indartu nahian.

Txotx denboraldia: 
Txotx denboraldian arazoak sor­tzen dira, batez ere orden publikoa hausten dutenak eta jokaera gizalegerik gabekoek eragiten dituztenak, eta hori erremediatzeko, Alderdi Sozialistak proposatzen du, arazoaren gain-gainean egotea, ordutegia zorrotz betearaztea, udaltzaingoaren presentzia haunditzea, eta isunak jartzea, behar denean.

Kirola eta kiroldegia: 

Aztertu egin behar da egungo instalazioek zein aukera ematen duten, eta baita beste kiroldegi bat beharko genukeen ere.
Buruntzaldean lehen egin zen akordioa berritzea proposatzen dugu. Gure kirol taldeak bultzako ditugu, eta gure herrietan tradizioa izan duten kirolak berreskuratzeko lan egingo dugu.

Kultur Gunea:

Azterketa serio bat egingo dugu Udalak dituen errekurtsoei buruzkoa, eta datozen urteetarako lehentasunei buruzkoa, gainerako taldeekin akordioa bilatuta. Kultur Gunea proiektua aldatzeko proposatuko dugu, eta lekua ere, behar izanez gero; izan ere, orain aurreikusita dagoena ez da biablea, tamaina eta inbertsio faraonikoak dituelako.

Kontrakantxa Gaztetxea:

Gazte elkarte gisara hartzen dugu, beste gazte taldeak bezala Udalean erregistratuta dagoena eta ekitaldiak egiten dituena.

Udaleko Euskara Plana:

Euskara denon ondarea da, herritarren eskubidea eta administrazioaren bete-beharra. Sozialistak euskeraren alde lan egingo dugu, horrek herritarren eskubideak ez baditu urratzen. Elebitasuna proposatzen dugu Udal komunikazio guztietan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!