-Zer helburu duzue datozen hauteskundeetan?
Bildu koalizioak argi adierazi duen bezala gure helburu nagusia ezkertiar eta abertzaletasun ikuspegitik lan egitea da gure herriak bizi duen momentu historiko honetan, egun bizi dugun gatazkaren behin betiko konponbide demokratikoa bideratzeko urratsak eginez. Bestetik, gu lan talde berria izanik, udalera politikagintza eta udalgintza egiteko modu berri bat dakarkigu, eta modu irekian lan egin nahi dugu, modu partehartzailean, hernaniarrak aktibatuz eta gurekin batera herrigintzan aritzera animatuz.
-Aurkezpen ekitaldian, hiru konpromiso edo oinarri nagusi dituela adierazi zuen Bilduk. Azalduko?
Lehena ingurumenaren babesa eta bizi kalitatearen zaintza, bigarrena alokairuzko etxebizitza parke publikoa sortzeko premia, eta hirugarrenik herri bizitza eraikitzeari begira auto-antolakuntza bultzatuz, herri mailan zein auzoetan sare sozialak babestu eta auzolan dinamika sustatzea.
-Aurten 8 zerrenda eta aukera izango dituzte hernaniarrek bozkatzeko; aurrekoan baino bi gehiago… Bildu alderdia hor dago; Denok Hiritar ere bai…
Gure ustez garrantzitsuena ez da zerrenda kopurua, baizik eta denak aurkeztu ahal izatea eta aurkeztutako zerrenda guztiak aukera berdina izatea, eta hau ez da hauteskunde hauen ezaugarria. Bilduren kasuan, azken momenturaino ez dugu jakin aurkezterik izango ote genuen; gure aurkako jazarpen judizial eta mediatikoak ez gaitu besteen baldintza berean kokatu kanpaina honetan.
-Ze koalizio posible ikusten dituzue Hernanin? Zeinekin gobernatuko zenukete?
Orain zaila da koalizioez hitz egitea, horretarako hauteskundeen emaitzak ezagutu behar baitira. Dena den, emaitzak dena delakoak izanda ere, edozein alderdirekin hitz egin, eztabaidatu eta akordiotara iristeko prest gaude, esan dugun bezala Hernani bera baita gure zeregina, gure diferentziak eta aurreiritziak alde batera utzita. Hori da Bildu koalizioaren sorrera ahalbideratu duen printzipioetako bat, herri honen interes orokorra lehenestea.
-Arau Subsidiarioak onartu egin dira, hainbeste urte eta gero. Gauza dezente aldatu dira aurreko proposamenetik. Funtsean, zein iritzi duzue arau subsidiarioei buruz?
Urte askotako prozesuaren ondoren, azkenean dokumentu sendo bat onartu da eta hori ondo baloratzen dugu.
-Etxebizitza dezente egitea aurreikusten da arau subsidiarioetan. Esan da, urte batzuetarako etxebizitza arazoa konponduko duela horrek...
Guk alokairuan dauden etxebizitza parke publikoa bultzatuko dugu. Etxebizitza jabetza pribatuaren eta merkatuaren logikatik ateratzea bilatzen dugu.
-Mugikortasun Planak zer esan haundia eman du. Nola ikusten du Bilduk egindako trafiko-aldaketa multzo hau?
Abian jarri berria da eta jarraipena egin ondoren emaitzak aztertu beharko ditugu eta ondorioak baloratu. Oraindik goiz da balorazioetarako.
-Krisia eta langabezia dira Hernaniko gaur eguneko arazo haundienetakoak. Zer egin dezake Udalak hori erremediatzeko? Hernanin 1.205 langabetu daude; eta gora dijoa…
Lehenik esan behar da Udalak ez duela arazo hauen erremedio erabatekorik; dena den aukerak badaude langabezi tasa murrizteko eta bide horretan jardungo du Udalak; aukera garrantzitsu bat Galarretako gune teknologikoak eta unibertsitateak ekarriko digu. Bertan 1.000 lanpostu inguru aurreikusten baititugu, eta honek gure herriko ekonomiaren pizgarri izan behar du. Bestalde, etengabeko formazioa lantzea neurri garrantzitsua izango da langabetuen prestakuntzarako.
-Natur ondarea aztertzen hasi da Hernani aurreko legegintzaldian. Ingurumenak, Aiako Harria parkeak, Urumea ibaiak, natur ondareak orokorrean… zer leku behar du Hernanin?
Natur ondare oso aberatsa dugu Hernanin eta hau babestu eta mantentzeko baliabide eta bitartekoak jartzen jarraituko dugu.
-Ongintza Patronatuaren apustua izan da azken urteetan Zaharren Egoitza berria egitea. Zein dira hurrengo urteetarako erronkak?
Hemen erronka argia da: azken urteetan Foru Aldundiari dagozkion hainbat eskuduntza Udalaren gain geratu dira eta bada garaia Aldundiak berari dagozkion zerbitzu eta kudeaketa bere gain har ditzan. Horrela Udalak zerbitzu berriak aztertzeko aukera izango du.
-Ereñotzuk Auzo Udala izango du aurrerantzean. Nola ikusten duzu aukera hori?
Auzo Udala izateak auzoari dagozkion hainbat erabaki auzotarrek beraiek hartzea ekarriko du, parte hartze demokratikoagoa eta gertuagokoa, finean, gure ardatzetako bat den parte hartze printzipioa praktikan jartzea.
-Hernaniko beste auzoekin zer harreman behar luke Udalak? Garrantzia nahikoa dutela iruditzen al zaizu?
Hernaniko auzoak dira herritar gehien bizi diren lekuak, zentzu honetan auzoekin behar dugun harremana ahalik eta zuzenena eta etengabea da. Herritarrengandik gertuen dagoen biziguneak dira auzoak, horregatik hauen parte hartze aktiboagoa landu behar dugu.
ATEZ ATEKOA
-Atez Ateko bilketa sistema nola ikusten duzue?
Gure ardatzetako bat ingurumenaren babesa eta bizi-kalitatearen zaintza dira. Zentzu honetan 0 zabor politikak sustatuko ditugu, gaikako bilketan oinarrituz, eta horretarako atez ateko sistemaren etengabeko hobekuntza eta zabalpena bultzatuko ditugu.
-Hernanin firma bilketa haundia egin zen erreferenduma eskatzen, gaiari buruz.
Gure herri programan herri galdeketen sistema jasotzen dugu herritarren kopuru zehatz batek eskatuz gero. Baina zehazten dugu ez dela herri galdeketara eramango pertsonen oinarrizko eskubideak zapaltzen edo zalantzan jartzen duen gairik, ez eta ingurumena edo osasuna nabarmen kaltetu dezakeenik ere. Gure ustez hondakinen bilketa sistemak Hernaniko ingurumena eta hernaniarron osasuna kaltetzen ditu nabarmen.
-Atez Atekoaren kontra alderdi asko daude Hernanin. Argudio nagusiak dira, ekonomikoki suposatuko duen kostua, eta herritarren erosotasuna. Zer diozue?
Erraustegia defendatzen dutenei bi kontu: bata, suposatzen duen kostua atez atekoa baino askoz garestiagoa dela; eta erosotasunaz ari direnei esan gure erosotasunaren gainetik gure osasuna dagoela, eta bi aspektu hauen artean guk beti gure osasuna defendatuko dugula.
-Erraustegia ez egiteko, Atez Atekoa da sistema bakarra, askoren iritziz. Zer iritzi duzue erraustegiari buruz?
Esan bezala, atez ateko sistema baino garestiagoa dela, eta osasunarentzat oso kaltegarria. Erraustegia defendatzen dutenei galdetu ea euren etxetik gertu jartzeko prest dauden.
MOTXEAN
Industria:
Ahalegina egin behar dugu, duguna mantentzeko eta berria erakartzeko, baina ahal den neurrian ez dadila izan almazenajera bideratutako industria (Ibai Ondo, Akarregi…) honek ez baitu lanpostu askorik sortzen.
Galarreta-Estubegi:
Parke teknologiko berria eta unibertsitatea. Batetik lanpostuen sorrera eta bestetik unibertsitatearen aukerak, gure herrian dugun ikasketa ereduen azterketa ekarri beharko luke, sor daitezkeen lanpostu horiek betetzeko eskaintza osatzeko.
Arrisku haundiko enpresak:
Bakar batzuk baditugu baina enpresa hauek kentzeak lanpostu galera zuzena ekarriko luke; beraz, tentuz aztertu eta herritarren osasuna eta bizi-kalitatea zaintzeko neurriak planteatu eta bideratuko ditugu.
Merkataritza:
Krisialdiaren eragin zuzena jasaten ari den sektorea da eta hau suspertzeko neurriak aztertu beharko dira, beste esperientzietatik ikasi. Hernaniarrok erosketak herrian egiteko ohitura bultzatu behar dugu.
Txotx denboraldia:
Txotx garaiak bi aldeak ditu; batetik gure herriaren inbasioa, honek dakarren kalte eta deserosotasunarekin, baina bestetik garrantzitsua da ekonomikoki gure herriko sektore zabal batentzat (sagardotegiak, harakinak, okinak, ostalariak…). Sentsibilizazio lana egin behar dugu eta sor ditzakeen kalteak murriztu eta arindu.
Chillida Leku:
Chillida Leku itxi izana tamalgarria da gure ustez, baina argi dugu horrelako museo eta egitasmo batek ezin duela diru publikoaren menpe izan. Espero dezagun etorkizunean museoko jabeek arazoa bideratu eta berriro ireki ahal izatea. Dena den gure lehentasuna kultura dinamikoagoa bultzatzea da, kultur eragileen arteko harremanak hobetu, eta elkarreragina sustatu eta egungo azpiegitura beharrei ahalik eta konponbide txukunena eman.
Kiroldegia:
Oraingoa konpondu, egokitu eta hainbat berrikuntzekin egokia da.
Kultur Gunea:
Beharrezkoa dela uste dugu. Nahiz eta egoera ekonomikoak bere exekuzioa zaildu, proiektuaren finantziaziorako eta exekuziorako pausoak emango ditugu.
Kontrakantxa Gaztetxea:
Azken urteotan gazte mugimendu bizia dugu Hernanin. Zentzu honetan hau bultzatu eta laguntzeko neurriak bideratuko ditugu.
Udaletxeko Euskara Plana:
Udal euskalduna nahi dugu, eta horretarako udal barruan zein kanpoan euskararen normalizaziorako lagungarriak diren neurriak planteatu eta bultzatuko ditugu. yy