Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Pako Sudupe

Kronika - Erredakzioa 2011ko mai. 1a, 02:00

50eko hamarkadako euskal literaturari buruzko hiru liburu idatzi dituzu. Zergatik erabaki zenuen hamarkada horretako literatura aztertzea? Zenbaterainoko ga­rran­tzia du hamarkada hartan gertatutakoak egungo euskal literatura ulertzeko?

Lehenbizi, Nemesio Etxa­ni­zen idatziekin egin nuen topo 1990eko hamarkada hasieran. Besteak beste, hark Andima Ibinagabeitiari eta alderantziz egindako gutunak zeuden. Hortik zaletu nintzen. Gero Zaitegiri ekin nion. Aurre­rago, Iparraldeko P. Lafitte eta E. Salaberry eta P. Lar­zabali-eta, Herria astekariaren bitartez. Gure kultur memorian 50e­ko hamarkada ´zulo beltz bat` da, oso ezezaguna. Frankismo garaiko dena da gutxi ezaguna, baina ezezagunena 50eko hamarkada, eta, jakina, 60eko hamarkadako aurrerapena ez dago uler­tzerik aurrekorik gabe. Argi pixka bat egin nahi luke lan honek iluntasun horretan, eta zulo beltz horretara argi indartsuagoz hurbildu nahi luketenak adoretu. Ezin dugu kultur nazio bat eraiki, duguna ezagutu gabe

Zein helbururekin argitaratu duzu lan hau?

1. Iparraldean, agintarien mes­­pretxupean, eta Hegoal­dean, zentsura eta jazarpen pean, euskera eta kultura lotu nahi izan zituztenei gorazarre eta omen egitearren; 2. Lan oinarrizkoa da, analitiko-kronologikoa, salbu azken kapitulua, aski exhaustiboa dena, eta lan monografikoen bitartez osatzea eskatzen duena. Oinarrizko materiala eskaini nahi izan dut gure kultur memoriari laguntzeko. Uste baino gehiago idatzi zen euskeraz gerren ondotik.

Frankismo garaia bete-betean zeneko euskal literatura aztertu duzu. Zailtasunik izan al duzu materiala eskuratzeko?

Orduko euskal kulturakariek euren lana egiteko izan zituztenen aldean ezer ez. Esate baterako, Jon Etxaide donostiarra espetxera eraman zuten 1951n, eta pare bat hilabete egin zituen Martuteneko es­pe­txe egin berrian, Euzko-Go­goaren ale batzuk aurkitu zizkiotelako etxean. Eta hori aita karlista zuela, eta euskaltzainburu izan zela 1952tik 62ra.

Zenbat denbora behar izan duzu?

Aurrez esan bezala, 1990eko ha­markadan hasi nintzen, baina idazten hiruzpalau urtez aritu naiz.

Lehenengo liburuan aztertu duzu, batez ere, garai hartan zegoen eztabaida euskera ereduaren inguruan; ordura arte nagusi zen ‘gipuzkera osotua’ ala lapurtera klasikoa ziren ereduak, ezta? Garbizaleen eta ez hain garbizaleen arteko eztabaida zela esan liteke?

Konplexu samarra da, baina, labur-labur azaltzeko: 1. Gi­puz­­kera osotua izeneko eredua Azkuek 1934-35ean argitaratu zuen; bere euskera baturako eredua. Astirik ez zen egon, Iparraldeko eta Hegoaldekoen artean eredu batu bakarra adosteko. 15 urte baino ez zituen Euskaltzaindiak egin, lehen mundu gerra amaitzetik Espainiako gerra zibila hasi arte. Azkuek Krutwig gaztearengan jarri zuen konfiantza Euskaltzaindia berriz eraiki­tzeko, eta Krutwig gazteak euskaltzain kopurua 12tik 18ra goratu zuen eta idatzirako lapurtera klasikoa proposatu zuen, prestigio gehiena hark zuelako. Garbizale­ta­sun/garbizalekeriaren aurka ere egin zuen. Bi garbizalekeria zeuden: alde batetik, Sabino Aranaren jarraitzaileena; jada zaharkitua, eta bestetik, Azkuek gidatua: euskal hitza egonez gero –nahiz Euskal Herriko zoko batean baino erabili ez- mailegua baztertu eta hura erabiltzearen alde egiten zuena. Krutwigek proposatu zuen Leizarraga eta Axular hartzea maisutzat, eta euskeraz kultura egiteko greko-latindar harrobia erabili behar zela, eta ez, baserri edo zoko batzuetako hitzez baliatu. Luis Villasantek eta Euse­bio Erkiagak eta jarraitu egin zioten, eta Villasantek oso testu politak idatzi zituen lapurtera klasikoz. Bazterrak harrotu ziren, polarizazioa sortu zen: Azkueren gipuzkera osotua, Euzko-Gogoaren eredua, versus lapurtera klasikoa. 2. Iparraldean P. Lafittek 1944an Grammaire Basque atera zuen: Eskualdunako idazle onenek erabili izan zuten eredu idatzia. Ez zen lapurtera klasikoa baizik nafar-lapurtera edo lapurtera berria. Beraz, Krutwigekin ez zetorren bat. Laster egin zuen porrot lapurtera klasikoak, arrazoi literario eta estraliterarioengatik. 1955e­­­an jada porrot egina zen. 3. 1956tik aurrera, gauzak asko edo gehiegi sinplifikatuz, esan liteke Euskaltzaindia –bereziki Koldo Mitxelena, Txillardegi, Aresti, Villasante­rekin eta- Zaitegi eta Orixeren eredua baztertzen eta beste bat bultzatzen ahalegindu zela, protobatua, esan liteke, bereziki Egan aldizkaritik. Euzko-Gogoa 1960an amaitu behar izan zuen Zaitegik hainbat arrazoirengatik eta bidea libre gelditu zen egungo euskera batura heltzeko.

Zein ondorio ekarri ditu?

50eko hamarkadan gazteen alde egin zuen K. Mitxelenak –Txillardegi, Aresti...- gero 1982an, UZEIren bidea gai­tzetsi eta beste eredu bat bul­tzatu zuen, gaur egun indarrean duguna. Beraz, ez da progresio zuzena egon, ez da, 50eko hamarkadan oztopoak kendu eta gero gaur arte eredu hura nagusitu dela, baizik eta gaur egun dugun eredua gauza dinamiko bat da, eta gure aro honen hasiera han dago, 50eko hamarkadan.

Zuk esana da, gaur egun ere hitz egiten duguna baino garbiago idazten dugula. Ahozkotasunean gehiago oinarritu beharko genukeela uste duzu? Zergatik?

Zuek, adibidez, Kronikan, ahoz­­­kotasunean gehiago oina­­­rri­tzen zarete, eta ondo egiten du­zue, Hernanirako hedabide ba­tean hala behar duelako -nahiz, batzuetan, ahozkotasunaren aitzakian, errazera jo dezakezuen, eta nahi duzuen bezala idatzi, hiztegira jo gabe-, baina, Kronika batean idatzi edo Jakin edo Uztaro batean ez da berdina, eta ez du izan behar. Galdera honek oso eran­tzun luzea beharko luke. Dena dela, esan liteke, egun ere euskeraz idazteak badituela zailtasun batzuk, nahiz 50eko hamarkadatik hona gauzak hobera egin duten.

Eztabaida hizkuntza ereduaren inguruan izateaz gain, edukien artean ere bazen, ezta?

Bai, gerraurreko eta gerraondoko idazleen artean, lehenbizi, eztabaida linguistikoak harrotu ziren, eta geroago ideologikoak, baina bazeuden adinez gerraurreko izanagatik gazteekin zubigintzan aritzen zirenak –Nemesio Etxaniz, Andima Ibinagabeitia-. Beraz, ezin da horrela esplikatu: gerraurrekoak gipuzkera osotuaren aldekoak eta atzerakoiak ziren ideologia aldetik, eta gerraondokoak modernoak eta aurrerakoiak. Adibide bakar bat jartzearren: Luis Villasante ikaragarri aurrerakoia eta dinamikoa izan zen hizkuntza kontuan –eboluzioa izan zuen: gipuzkeratik lapurtera klasikora, eta berriro gipuzkerara baino gehiago protobatura- ideologia aldetik berriz, oso atzerakoia zen, ikaragarri ortodoxoa, existentzialismoari ikaragarri galgarri zeritzona, eta Eliza Amaren dogmak itsu-itsuan sinesten eta aldezten zituena. Bestalde, oso idazle ona, eta irakurtzea zinez merezi duena.

Bigarren liburuan, kazetaritza eta saiakera landu dituzu.

Alde batetik, Iparraldeko ka­zetaritza landu dut, Herria, Gure Herria eta Gazte aldizkarietan P. Lafitte, E. Salaberry, P. Larzabal, Erdozaintzi-Etxart, J.L. Davant eta Jean Etxeparek eman zituzten artikuluak. Eta bestetik, Hegoal­deko kazetaritza-saiakeragin­tza; Hegoaldean ezin zen zen­tsuragatik Iparraldean bezala egunean eguneko albiste politiko eta kulturalen jarraipena egin; Hegoaldekoek Euzko-Gogoa, Egan eta Jakinen idatzi zituzten artikuluak, eta libururen bat edo beste atera zuten. Nabarmendu ziren, besteak beste: Orixe, Zaitegi, S. Mitxelena, Ibinagabeitia, K. Mitxelena, Mirande, Villa­san­te eta Txillardegi.

Hirugarrenean, berriz, antzerkiari egin diozu leku. Kasu honetan ere, Iparraldean eta Hegoaldean aldea izango zen.

Iparraldean P. Larzabalek eraberritu egin zuen lehen mun­du gerra amaitu ondotik Do­ni­bane Lohizunen, Hazpar­nen eta beste hainbat herrixkatan egiten zen patronaia an­tzerkia. Sinesgarritasuna ekarri zion teatroari. Pastoraletan ere, trajerietan, aldaketa nabarmena gertatu zen 50eko hamarkadan, Etxahun-Iruri­ren eskutik, Etxahun koplakaria pastoralarekin. Hegoaldean, arazo haundiak izan ziren zentsura frankistarekin. Donostiako Euskal Iztundea Eskola, gerra aurreko antzerki zaharrak berriz ematen aritu zen hamarkada osoan, salbuespen bakar ba­tzuk salbu. Halere, Labaien, Etxaniz, Etxaide eta S. Mitxe­le­nak sortu zituzten antzerki berriak, nahiz taularatu ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!