Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] UXUE APAOLAZA

Kronika - Erredakzioa 2011ko api. 24a, 02:00

‘Mea Culpa’, Uxue Apaolazaren nobela berria, kalean da, joan den apirilaren 14tik. CAF-Igartza Saria beka irabazi zuen Apaolazak 2009an, eta urtebete pasa du nobela idazten. 30 urteko hernaniarrak, ipui-liburu bat argitaratua du lehendik (Umeek gezurra esaten dutenetik); hau du, lehendabiziko nobela. Errudun sentitzeari buruzko nobela da, kritika guztiek thriller gisa deskribatu dutena. Apaolazaren ustez ez da thrillerra, baina berak esatea alferrik omen da: «orain ni naiz liburuaz hitz egiteko autoritate gutxien duena».

Urtebete izan duzu nobela idazteko. Nobela nondik norakoa izango zen aldez aurretik esana zenuen... presiorik izan duzu idazteko orduan?
Bai, fetxa bat izatea presioa da dudarik gabe, gehiago argitaratu beharra, izan ere bekarik gabe, emaitza beti gera baitaiteke kajoian (normalean egiten duen eran; bueno ordenagailuan). Kontua da fetxa jar­tzea ona den edo ez, eta oraintxe ez dakit zer esan, egia baita data gabe ez dakidala noizbait utziko niokeen nobela errepasatzeari; ondo pentsatuta ez litzake asko galduko hala geratuko banintz ere, bizitza osoan nobela errepasatzen.

Hasierako ideiari eustea, nobela nahi bezala garatzea erraza
izan da?

Ez; ni gainera ipuinetik nator, eta behin baino gehiagotan ibili naiz galduta.

Nola izan da prozesua?

Nik aurten baino lehen aurkeztu nuen Igartza bekara proiektu bat, zeina ez zuten aukeratu; pertsonaiak nirekin jarraitzen zuen hala ere, eta baita pertsonaiaren ezinegonari bueltaka segitzeko gogoak, edo tendentziak, maniak, ere. Beraz banituen pasarte ezberdinak idatzirik, Lan­detan kokatuak, ipuin izatera deituak, azkenean nire burua konbentzitu nuen arte pasarteek batak bestea azaltzen zutela, ez zirela unitate independienteak eta nobela egin behar nuela. Pasarteotatik abiatuta pentsatu nuen hilketak egokiak zirela kulparen aurrean protagonistak zuen amorru erreakzioa egituratzeko; behin egitura itxita, bete­tzea, eta hustea izan da.

Esan liteke Beka batek prestigioa ematen diola nobela bati. Zer uste duzu? Irakurria izateko eragina izango al du?
Ez dakit prestigioa den hitza (gainera prestigioa ezberdina da segun non), difusioa bai, eta noski lagun dezake liburua saltzen, ahoz ahokoak hondatu edo indartu dezakeen zerbait, baina asko saltzea ez dakit sintoma ona den halabeharrez.

Orain arte ipuinak landu izan dituzu, ipuin liburua ere baduzu Umeek gezurra esaten dutenetik izenekoa. Genero aldaketak, hau da, nobela idazteak zailtasunik eragin al dizu? Orri artean ez galtzea zela gakoa, hau da, kontatu nahi zenuena ondo hesitzea zela kontua aitortu zenion Kronikari elkarrizketa batean, lortu al duzu? Gustora emaitzarekin?
Horixe izan da izatez genero aldetik zailtasun handiena; agian idaztetik bizi denaren­tzat ez dakit, baina beste lan bat egin behar duenarentzat genero konplikatua iruditzen zait nobelarena, ipuina azken batean buruan osorik ondo kabitzen den formatua da, nobela idazteari astebetez uzten badiozu, lan handiagoak ematen ditu memoria freskatzeko irakurketak egiteak idazteak berak baino.

Argitaratu aurretik, bukatua zegoela erabaki aurretik, zenbat aldiz irakurri duzu? Eta ondoren?
Puf, aurretik askotan, zati ba­tzuk gehiago, eta fetxaren kontuak zerbaitetan kezkatu banau parte batzuk nahi beste berrirakurri ezin izan ditudalako izan da. Gero behin, egin nuena iruditzen zitzaidan be­zain terriblea ez zela ikusteko itxaropenez; ez dut esango zein ondoriotara iritxi nin­tzen.

Igartza sarirarako, liburua izango zenaren zati bat, hau da, lagina aurkeztu zenuen. Izenburua orduan, Hiltzailea zen. Zergatik aldatu diozu?
Izenburuarekin, baita zutabeenekin ere, komeria handiak izaten ditut, kosta egiten zait aukeratzea eta Hiltzailea zerbait probisionala zen, proiektua aurkezteko, baina izenburu bezala…

Baina oinarria mantendu duzu: thrillerra da, hiltzaile bat ere badago...

Oinarria hori baino gehiago Lur da, bera da nobela osoari eusten diona; liburuaren aurkezpenean nik esan nuen nobela ez zela inondik inora thriller bat, eta Angel Errok, zeinak liburua aurkeztu zuen nire ondoren, Thriller pasibo bat zela baieztatu zuen, eta nire izebak Thriller psikologikoa... nik uste dut ez dela thriller bat, baina orain ni naiz liburuaz hitz egiteko autoritate gutxien duena.

Protagonistak (Lurrek) zure ezaugarri batzuk baditu, Euskal Herrian jaioa da eta Madrilen bizi da, nobela bat idazten ari da Beka bat medio... lehenengo pertsonan idatzi duzu gainera. Autobiografikotik ba al du zerbait?
Bai, noski, baina Lur erdi aroko printzesa bat izanik ere autobiografikoa litzateke, eta aldi berean esan liteke, nire antzeko ezaugarriekin ere, Lur ez dela ni inondik inora, beraz ez dela autobiografikoa, baina pertsonaia guztiek dute nigandik, edo nik naizela uste dudanetik... dena fikzioa dela esanda egia litzateke, eta kontrakoak ere zentzua izan dezake.

Lurrek bere institutukide ohiak banan-banan hiltzeko asmoa du… Institutuan zurekin ibilitako kideek kezkatuta egoteko arrazoirik ba al dute?
Nire institutukideak ez dira nobelan agertzen. Hala ere koldarregi nintzateke, (ziurrenik bizitza asko salbatu duen ezaugarria, eta esango nuke gehienetan ausardiak baino kalte samurragoak sor­tzen dituena).

Droga, sexua, politika, ideologia kontuak... dira nagusi nobelan. Horien inguruko zalantzak eta gogoetak azaltzen dira eta
gizarteko hainbat gai delikatu ukitzen dituzu. Irakurleari ze sentsazio eragitea da asmoa liburu honekin?

Suposatzen dut Lurrek bere kulpa sentsazioa kutsatu nahi duen eran, nik ere berdina egin nahi dudala nire zalan­tzekin.

Istorioa hasten da Lurrek Mikelen argazki bat ikusten duenean,
atxilotuta. Amorrua sentitzen du Mikelek bi pertsona hil dituela pentsatuta eta nerabezarotik datorkion kulpa sentsazioak
hartzen du. Eta horrekin amaitzeko, insitutuko kideak hil nahi ditu... Kontraesankorra, ezta? Hiltzaile eta hiltzaile artean zein alde dago Lurrentzat?

Bai, kontraesankorra da, eta horregatik da gainera protagonista, kontraesana da mugitzeko arrazoi bakarra agian, sorkuntzaren atzean gabezia bat dago. Gainera uste dut denok onartzen ditugula hilketa batzuk nahiko lasai (nik ez dut jendea gasolina hartu bitartean negarrez ikusten), lehenengo munduan behintzat.

Lur da protagonista nagusia, baina Elisak ere badu bere lekua. Esan daiteke Elisak, Lurrek nahi lituzkeen ezaugarriak dituela?
Bai, esan daiteke, baina bere ifrentzua ere bada zenbaitetan aldi berean.

Nobelan erreferentzia kulturalek garrantzia handia dute, besteak beste, zineak eta musikak. Irakurleak erreferentzia horiek ezagutzen ez baditu, nobela bere osotasunean ulertzeko aukerarik ba duela uste duzu? Esan liteke edonork irakurtzekoa ez dela?
Edozeinentzat liburu bat dela esaten dutenean, inoiz ez dut sinesten, para toda la familia ulertzen dut (horrek esan nahi izaten duenarekin, Me­di­co de familiaren antzeko zerbait), baina kontua ez dira aipuak, ez dago liburuan da­goeneko kultura popularraren parte ez denik, eta gehienak beti izan dira Concha Velasco edo Trenet bezala (zei­naren kanta bat iragarki pare baterako behintzat erabili den gainera), bi aipa­tzea­rren, kontua gehiago da ba­koitzak literaturari ematen dion esanahi edo funtzioaren arabera, baten bat balu.

Amarekin oso kritikoa da Lur, baina azkenean, berak irakatsitakoa barneratua du. Bukaeran, hurkoagatik ere zerbait egiten du amak hainbestetan esan bezala. Egia esan, Lurrengandik ez nuen hain jokabide ´polita` espero. Hala, beregatik egiten du?
Bai, beregatik egiten du; bukaera, ez dut zein den esango, Lurrentzat soluzio bat da.

Amaitzeko, hartuko al dugu
bloody mary bat?

Hori bai dela autobiografikoa, nahi duzunean; udan Tilosetako terraza batean pajita ta guzti jarriko baligute, ez legoke paradisu hoberik...

‘Mea Culpa’... (liburuko zati bat, Uxuek aukeratua)

Arrazoiz pentsatzen jartzen naizenean, eta ez da borondate kontu bat arrazoiz pentsatzen duzunetan lortzen den ondorioa, ulertzen dut absurdoa dela ikuspegi global batetik ETAren hilketek kezkatzea, adibidez, Mikel esposatu baten argazkiak egunkariaren azalean, alegia, kopuruan oso gutxi dira, eta hemen ez da inor libratzen lehenengo mundutar izatetik, horrek esan nahi duen guztiarekin. Baina nik ondorio horien arabera nire neurosi den horrekin jarraitzen dut, nire nerabezaroak mendeku bat merezi balu bezala beste ezein injustiziak baino gehiago, monumentu bat zor didazue eskatuko banu bezala neure sufrimendutxoentzat. Hortxe jarraitzen du Sudanek, goseak hiltzen, baina suposatzen dut gurea bezalako burmuin humanista eta onbera ez dela kontraesan handienei aurre egiteko gai, kontraesan askagarriagoek obsesionatzen gaituzte, hain leku txarrean uzten ez gaituztenak, eta gehien kolpatu nauen hipokrisi ekintzarekin itsuturik nago ni ere beharbada, neurekoikeriaz, eta ez ETAk ezer egin didalako, ez baitit egin, niri ia inork ez dit ezer egin, gutxiago ari garen eskalan, dena kulpa sentimendua da, intraszendentea, hutsala, handiustea. Baina hala izanik ere, banaiz ondorio, eta bada baita ere norabide guztietara hedatzen zaidan amorru hau.

Istorio hau gaur goizean hasten da beraz, Madrilen, eta hemen jarraituko du, Landetan, amaitzen den arte, presentea berreskuratzen dudanean, posible balitz.

Autopistako abiadurak baizik baretuko ez ninduen ziurtasunez, hiritik ahalik eta azkarren eta ahalik eta gutxien pentsatuz irteten saiatu naiz; edozein bihurgunek artegatu nau, oharkabean pasa zaidan zerbaitek ihesaldiari gainditu ezinezko oztopoa jarriko zion susmo indartsua bainuen, sineskeria baten eran, halaxe gerta zedin desiratzen zuelako nire organo boikot egileak, beti maindirepean nahi nauenak, nik alegia neurri batean, suposatzen dut. Iraganak berriro harrapatzen zaituenean, eta etxeko dekoratua aldatzeko dirurik ez baduzu, ezta dekoraturik ere egia esan, lekualdatzeko garaia izaten da, estimulu berrien bila, distraituko zaituztenak, beste etorkizun baten miraz edo, kiloka. Ez dut ordea etorkizun gogorik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!