Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] IBAN OYARZABAL

Kronika - Erredakzioa 2011ko mar. 6a, 01:00

Lehenengo Herri Irratian, eta orain Onda Vascan. Nola iritsi zinen
irratian lan egitera?

Hernanin futbolean ari nin­tzela, Igor San Miguel etorri zen gurekin jokatzera. Bera Herri Irratian ari zen lanean, eta esan zidan, pertsona bat behar zutela kiroletan lan egiteko. Nik ikasketak bukatu berri nituen, eta bertan hasi nintzen. 2000 urteko ekainean hasi nintzen, San Joanen inguruan, eta ordutik ari naiz irratian lanean.

Kirolarekiko zaletasuna argia da zure kasuan, besteak beste, urte luzeetan ibili baitzara futbolean. Orain, kazetari lana ere horretara mugatzen da. Beste alorren batean lan egitea gustatuko al litzaizuke?
Magazinetan eta horrelakoetan agerraldi batzuk egin ditut, baina 10 urte hauetan kiroletan aritu naiz. Ez det nire burua ikusten, kirola ez den beste sekzio batean. Ka­ze­taritza ikasten hasi nintzenean argi nuen kirol kazetaritza egin nahi nuela.

Herri Irratian hasi, eta Onda Vascan zaudete orain.  Nolakoa izan da irrati aldaketa?
Nahiko traumatikoa izan da irrati aldaketa. 2009ko uztailean Herri Irratiko zuzendariek esan ziguten, irratia salgai jartzen zutela, eta 2010eko maiatzera arte ez zen salmenta sinatu. Oso hilabete gogorrak izan ziren. Ez genekien zer gertatuko zen gurekin, zeinek erosiko zuen irratia, zenbat jende joango zen kalera… Azke­nean 50 bat langiletik, erdiak kalean geratu dira. Gogorra izan da, oso gogorra. Badirudi orain egoera lasaitu egin dela apur bat, baina kazetaritza dagoen bezala egonda, ezin zara inoiz guztiz lasaitu.

Iñaki de Mujikarekin konpartitzen duzu erredakzioa, Gipuzkoako eta Euskal Herriko kirol kazetaririk onenetarikoa denarekin. Maixu ona al da? Asko ikasten al da horrelako ibilbide luzea duen kazetari batekin lan eginda?
Iñaki kazetari desberdina da. Ez da ohiko kazetariaren canonean sartzen. Oso estilo berezia du. Beti esan izan du berari ez zaiola kirolaria interesatzen, pertsona baizik. Noski asko ikasi dudala bere ondoan, pentsa, hamar urte luze pasa dira egunero elkarrekin lanean gabiltzala. Eguneroko jardunean oso erraza da berakin lan egitea, oso umoretsu baitabil beti.

De Mujikaren pausuak jarraitu, eta telebistara salto egiteko asmorik ba al duzu etorkizunean?
Ba egia esan, ez dakit. Oraindik ez dut telebistan lan egiteko eskaintzarik jaso, baina pentsatu beharreko gauza izango litzateke. Hala ere, irratiaren xarma ez du inoiz telebistak izango.

Nola ikusten duzu gaur egungo kirol kazetaritza?
Denetarik dago. Niri ezinbestekoa iruditzen zait, kirol kazetari ona izateko, kirolean aritua izatea. Igual dio maila ona eduki, edo zaletu gisa aritu izatea. Urteetan zehar kirol asko egin eta ikusi izana beharrezkoa da kirola ondo ulertu eta jendeari behar bezala gerturatzeko. Eta hori, gaur egungo kirol kazetari askorekin, ez da gertatzen, zori­txarrez.

Gaur egun `El Rebote’ saioa aurkezten duzu. Nolako programa egiten duzue?
Zazpigarren urtea da El Rebote saioa aurkezten ari naizela. Euskal Herriko talde eta kirolariak dira gure programaren mamia. Elkarrizketak, adituen iritziak… ahalik eta leku gehienetara iristen saiatzen gara, nahiz eta oraingoz oso baliabide gutxi ditugun.

Gauetako kirol programak ibilbide luzea dute irratigintzan. Erre­ferenterik ba al duzue, edo zuena  propioa asmatzen saiatu zarete?
Gure baliabideen araberako programa egiten saiatzen gara. Badakit ezinezkoa dela SER, COPE,  edo horrelako irrati erraldoiei itzala egitea. Horregatik saio goxoa eta gertutasunez beterikoa egiten saia­tzen gara.

Lehen kirol `minoritarioek´ bere tartea izaten zuten Herri Irratian, beste irratiekin alderatuz gero. Ildo horretatik jarraitzen duzue Onda Vascan?
Ez da erraza, baina kirol minoritarioei ere bere tartetxoa eskain­tzen saiatzen gara. Argi dago futbolak jaten duela edukiaren zatirik haundiena, baina beste kirolekiko sensibilitate puntu hori mantentzen saiatzen gara.

Futbolari dagokionez,  lehen Realeri buruz bakarrik aritzen zineten, eta orain euskal talde guztiei egin behar diezue kasu. Mingainari kozka egin behar izaten al diozue? Neutral mantentzea zaila al da?
Kozka, kozka, ez. Baina egia da askotan zure iritziak jan egin behar dituzula entzule batzuei min ez  egiteko. Hala ere, gutxitan gertatzen zaigu; azken batean zentzuzko gauzak esaten badituzu, nahiz eta iritzi kritikoak izan, ulergarriak izan behar lukete entzuleentzako.

Onda Vascan lehenengo aldiz kirol emanaldi bat euskara hutsean egin zenuten Beñat Garcia, Imanol Arruti eta zuk, Euskal Herriko selekzioaren partida eman zenutenean. Ildo horretan sakontzeko aukera edo asmorik ikusten al duzu?
Herri Irratian euskera asko erabiltzen genuen. Ez erdera adina, baina dexente. Orain gauza asko aldatu da. Euskera irratian de­sagertuz doa eta nahiz eta Euskal Selekzioaren partidua euskera hutsean eman genuen, uste dut irratiaren ibilbidea, zoritxarrez, ez doala euskerari lotua.

Gipuzkoako futbolaren beheko mailei ere kasu egiten diezue. Hernaniren ibilbidea nola ikusten duzu? 3garren mailara bueltatzeko aukerarik ikusten al duzu?
Ostiralero tertulia bat izaten dugu horri buruz eta nahiko erantzun ona izan du. Hernaniko taldearen ibilbidea ezinhobea izaten ari da, herriko mutil askorekin gainera. Aurten 10 urte betetzen dira 3garren mailatik jeitsi zela, eta zoragarria izango li­tzateke maila berreskuratzea. Ea ekainean Ricardo Ramos gure presidenteak San Joanetako txupinazoa bota­tzen duen!

Herri Irratia: 50 urtez, erreferentziako irratia

Noticias Taldeak Herri Irratia erosi zuela urtea be­te­ko da aurten. Aurretik, 2009­ko uztai­lean, Herri Irratia Loyola Mediako zuzen­da­riek adierazi zuten irratia salgai jartzen zutela, Euskal He­rriko irrati­gin­tzaren marka ga­rran­­tzi­tsue­netako bat izan­da­koa. He­rri Irratiaren ibil­bi­deari jarrai­pena eman zion 2010­eko mar­txoaren 25ean Noticias Tal­dea­rekin si­na­tutako akor­dioak, eta Jesui­tek sortutako irra­tiko hainbat profe­sio­na­lek eta­pa berri bat hasi zuten Onda Vasca irrati berrian.

Herri Irratia 1961ean sortu zen Azpeitiako Loiola auzoan, Jesusen Konpainiak bultza­tuta. Donostiako irrati estudioak, arra­kasta haundi­tu zuenak, 1962an egin zuen lehenengo emisioa.

Ordutik erreferentziazko irra­tia izan zen hainbat gi­puz­koarrentzat. Euskararen erabi­le­raren alde lan haundia egin zu­ten, eta horren adi­bi­de, euskara hutsean 24 orduz emititu zuen lehen irratia izatea: 1976ko martxoaren 26an, 24 or­du­ak euskaraz programa.

Eliza Katolikoaren esta­men­tuetatik jaiotako irratiak, COPE irratiaren barruan zeu­den lehen. Herri Irra­tia­ren edukion on­do­rioz,  ez ziren gutxi izan honen eta COPE­koen arteko tentsioak; batez ere, lehenengoaren ildo edi­toriala zela eta. Euska­ra­ren eta euskal politikaren in­gu­ruko iritzien­ga­tik aten­tatu bat ere sufritu behar izan zuten 1977an. Ekainaren 11n, Loiolako emisora txikitu zuen Batallon Vasco Españolek jarritako leher­gailuak. 

Urte batzuk geroago eto­rri­ko ziren hedapena eta kri­sia. 1993an COPEtik banatu baino lehenago, sortu zen Gasteizko estudioa. 2002tik 2008ra Bilbon, Eibarren eta Durangon ireki zituzten egoitza berriak, eta hedapen honekin batera etorri zen gainbehera.
2009ko uztailean jakinara­zi zuten Herri Irratiko zu­zen­dariek irratia salgai jarriko zu­tela. Hi­labete batzuk ge­roago, Noticias Taldeak har­tu zuen Herri Irratiko emi­soren ardura.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!