Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Fernando Martinez eta Amaia Odriozola Tximela S.A.

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 26a, 01:00

Euskara Plana daukazue mar­txan Tximelan, noiztik? Zergatik erabaki zenuten plana martxan jartzea? Nola izan da prozesua?
Bospasei urte daramatzagu plan ofiziala aurrera eramaten. Egia esan, beti izan dugu nahiko giro euskalduna. Izan ere, Astigarragan egonda, langile asko euskaldunak dira eta bezeroak neurri handi batean ere bai, gure merkatua Gi­puzkoa mailakoa dela kontuan izanik. Baina, orain dela sei bat urte erabaki genuen, Udale­txetik eta beste zenbait erakundetatik bisitan etorri zirenean, euskara plana ofizial bihur­­tzea eta euskarari ga­rran­tzi handiagoa ematea. Ordu­an, Emun Kooperati­bakoe­kin martxan jarri eta neurketa bat egin ostean horren araberako helburu ba­tzuk zehaztu genituen. Lehenengo pausoak zeintzuk izan ziren? Errotulazioak aldatu genituen, bai kanpokoak eta bai barrukoak, ohar taulan azaltzen diren dokumentuak ere euskaratu genituen… Eta errotulazioena lan erraza da, nahiko azkar egiten dena eta eragin handia daukana. Ahozko erabilera ere asko bultzatu zen. Dena dela, ordura arte ere asko erabiltzen zen, Administrazioan batez ere. Tailerrekoa beste kontu bat da. Bertan badago jendea euskara menperatzen ez duena eta zaila da horri konponbidea aurkitzen. Hala ere, badira bertako langile batzuk hemen antolatzen ditugun euskara eskoletara joaten direnak eta hori ere pauso bat da.

Langileek nola hartu zuten? Eta bezeroek?
Langileen artean harrera ona izan zuen, baina erabiltzea bes­te kontu bat da. Gehienak alde egon arren, eguneroko lanean pixka bat kosta egiten da. Hala ere, aurrera goaz. Zerikusi handia du sektorean erabiltzen den hizkuntza teknikoak ere, hiztegi horrek askotan er­da­rara jo­tzea bultzatzen baitu: errazagoa delako, jendeak gehia­go erabil­tzen duelako… Gure kasuan, makineria aldetik, oso hitz arraroak daude nahiz eta euskaldunen artean erabili, adibidez, miniexcavadora denok ezagu­tzen dugu, baina minihondeamakina… Dena dela, orokorrean bezeroen aldetik ere iritzi positiboak jaso ditugu.

Orain Euskara Plana martxan daukazuela, zein helburu dauzkazue, epe motzean eta epe luzean?
Oraingo helburuak ez dira hain kuantifikagarriak. Hasie­ra­koak bai: errotulazioak, kartelak… lehenengo pauso horietan aldaketa errazagoa zen ikusten. Baina helburu batzuk ezarriak dauzkagu, Bikain Zilarrezkoa lortzea, adibidez. 2008an Bikain Beltza atera genuen, oinarrizko maila, eta zilarrezkoa lortzeko puntu batzutara gelditu ginen. Orain badakigu zer den eska­tzen dena, beraz, hori lortzeko izan genituen hutsuneak bete­tzea da orain helburua. Ziurta­giria bultzada bat da, eta era berean obligazio bat ere bai, lan gehiago egiteko. Horrez gain, badugu beste helburu bat. Tximela, enpresa talde baten barruan dago; alde batetik, Tximela eta Astikar dauzkagu Gipuzkoa mailan dihardutenak, eta Ubaristi Es­tatu mailan. Euskara aldetik Tximelan aurreratu dugu gehi­en eta aurtengo helburuetako bat da beste enpresa horiek ebaluatu eta zer egin daitekeen aztertzea. Ubaristiren kasuan, zailagoa izango da bezeroak ez direlako euskaldunak, dena dela ofizinako lanean zerbait egin daiteke. Eta horiez gain, baditugu betiko helburuak: bileretan ahal den neurrian euskaraz hitz egitea, dokumentu berriak euskaraz idaztea, inprimakietan euskara kon­tuan hartzea, deialdiak eus­karaz egitea eta abar.

Bikain Ziurtagiria lortzea zaila dela esango zenukete?
Lan asko egin behar da eta denbora behar da dena lantzeko. Ez bakarrik enpresa ba­rruan, beste enpresen planetan ere dedikazio bat eskatzen du. Kontuan izan behar da eguneroko zereginekin lanpetuta gaudela eta kosta egiten dela astean bi ordu ateratzea. Ez da erraza alde ho­rretatik, denbora eskatzen duelako baina ez dugu uste bete beharreko baldintzak zorrotzegiak direnik. Gauzak behar bezala eginez gero, ziurtagiria lortzea ia segurua da. Zailagoa izango da Urrezkoa ateratzea. Urrezkoa agian erakunde pu­blikoek eta euskara munduan dabiltzanek lortuko dute errezago, gure mailako enpresetan oso zaila da hori.

Amaitzeko, animatuko zenituzkete beste enpresak plana martxan jar­tzera eta euskararen erabilera normalizatzeko halako pausoak ematera?
Zergatik?

Alderdi positibo asko dituelako. Gure lan eremua Gi­puz­koa izanda, irudi positiboa lortzen da euskararekin eta enpresa­ren­tzat garrantzitsua da hori. Gure kasuan bezala, kontsu­mo­rako produktuak dituen en­­presarentzat bai behintzat. Eta merkatua he­men daukatenen­tzat ere bai. Gai­nera gauza gu­txirekin eman daitezke pausoak. Batzuek esaten dute be­ze­roek prezioari bakarrik begira­tzen diotela, baina guk ez du­gu uste hori horrela denik. Gure iritziz, bezeroek beste gauza batzuk ere baloratzen dituzte. Gainera kalitatea gero eta gehiago hartzen da kontu­an eta euskarazko zerbitzua kalitatearen barruan dagoela us­te dugu. Esango genuke euskararen pre­sentziak eragina due­­la be­ze­roarengan eta he­men­dik aurrera gehiago era­gin­go du. Beraz, guk beste en­presak ere animatuko genituzke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!