Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] KEPA URREAGA

Kronika - Erredakzioa 2011ko ots. 20a, 01:00

Arnaitz Lasarte Santa Kruz

Agerre baserriko Kepa Urreagak betidanik ezagutu ditu behiak etxean. Txiki-txikitatik ibili da esnetarako behien inguruan eta lanbide horretan ja­rrai­tzen du oraindik. Esnearen negozioan ari den baserritarrarentzat ere ez dira garai onenak: esne litroaren prezio bajua, pentsua garestitzea, diru laguntzak kenduko dizkienaren beldurra. Asko di­ra kezkak. Gorabehera guzti horiei buruz hitz egin dugu Urreagarekin. Ez digu aitortu zenbat buru dituen ikuiluan, baina bai bestelako kontu ugari.

Agerre baserrian noiztik ari zarete esnetarako behiekin lanean?
Nik betidanik ezagutu ditut esnetarako behiak etxean eta aitak ere bai. Lehen etxez etxe ibiltzen ginen esnea bana­tzen. Orain, Iparlat enpresari saltzen diogu dena.
 
Zein da zuen eginbeharra?
Guk behiak jetzi behar ditugu, eta bi egunetik behin le­txeroa etortzen da kamioiarekin baserrira. Gu Kaikuko bazkide garenez, esne guztia Urnietako Iparlatera eramaten dugu eta han prozesatzen dute gero. Orain Urnietako Iparlat itxita dago abenduan gertatu zen suteagatik, baina guk lanean berdin jarraitzen dugu. Esnea Iparlatek dituen beste plantetara edo beste enpresetara eramaten baitute.

Urteekin esnea ekoizteko prozesua ere aldatuko zen.

Ez pentsa, ni hasi nintzenetik ez da gehiegi aldatu prozesua. Nik baino aldaketa handiagoak aitak nabarituko zituen. Nik 10 bat urte nituela egin genuen ikuilu berria eta beti antzeko jardunean  aritu gara geroztik. Egia da buru gehiago sartzen joan ahala makina gehiago sartu ditugula, eskuz hainbeste lan egitea ezinezkoa delako. Baina bestelako aldaketa gutxi egin dira. Saltoa aitaren jeneraziokoentzat izan da.

Eta esnearen kalitatea zeinek eta nola kontrolatzen du?
Kaiku bera arduratzen da horretaz. Lehen aipatu dudan letxeroak hartzen du daramakien esnearen lagin bat. Gero lagin hori analizatzen dute. Batetik, esnearen proteinak, grasa eta zelulak neurtzeko, eta bestetik, antibiotikoak dituen edo ez jakiteko. Antiboiotikoak behiak sendatzeko erabiltzen ditugu. Behi bati jarriz gero, epe batean behi horren esnea bereizi egin behar da, ezin da tankera bota. Zure esneak antibiotiko arrastoak dituela ikusten bada, isuna jartzen dizute.

Esne ekologikoarena da zabaltzen ari den beste bide bat. Zuena ez da multzo horretan sartzen.
Ez. Gipuzkoan pare bat baserri ezagutzen ditut esne ekologikoa egiten dutenak; beste prozesu baten bidez ekoizten dute esnea. Gure esneak ezin du ekologikoa  izan behiei ematen diegun pentsua ez delako ekologikoa, abono kimikorik ezingo genukelako bota gure lurretan, behiak kanpoan ibili behar direlako lotu gabe.

Behiak ikuiluan edukitzen dituzue urte guztian?
Jezten ditugun behiak bai. Ikuilua horretarako prestatua dugu, koltxonetekin, bentiladoreekin, azkurea kentzeko zepiloekin... Udan txekorrak eta bigarak ateratzen ditugu larrera, baina beste behiak ez. Betiko diskusioa da hori.

Zer da hobea? Behiak barruan eduki, pentsu asko eman eta ahal den esne gehien ateratzea; edo behia gutxiago gastatu, kanpoan eduki, esne gutxiago ekoiztu eta  urte gehiago irautea?
Guk lehenaren alde egin genuen bere garaian, baina orain  zalantza asko ditugu bide ona aukeratu ote genuen, pentsuaren prezioa ikusita...

Garesti al dago pentsua?
Oso garesti. Ez dut inoiz horrelako preziotan ikusi. 30 zentimo balio du pentsu kiloak egun, guri esne litro batengatik ordaintzen digutena gutxigorabehera. Atera kalkuluak, behi batek 12 kilo jaten baditu, eta 28 litro esne inguru ematen baditu, %40 inguru, hortan joaten zaigu.

Eta zergatik igo da pentsuaren prezioa? Azalpenik ba al du?
Inork ez du esplikazio garbirik ematen baina esnearen kasuaren antzekoa da. Badakigu Araban garagarrarekin lan egiten duen baserritar bati ez zaiola asko ordaintzen. Tartean geratzen da dirua nonbait.
Pentsuak duen soja adibidez, Estatu Batuetatik etor­tzen da. Handik soja barku ugari ateratzen omen dira nora doazen ez dakitela. Gero, prezioa, bidean negoziatzen dute herrialde desberdinekin. Batzuetan itsasoan bueltaka ibiltzen omen dira barkuak, negoziazioa bukatu bitartean. Horrek asko igotzen du pen­tsuaren prezioa.

Baina behiek ez dute pentsua bakarrik jaten ezta?

Ez. Gehienbat etxeko belarra jaten dute, boletan sartzen dugun belarra. Baina Fran­tziatik ekartzen dugun artoa ere bai. Pertsonek edo oiloek jaten duten alea kendu, eta gainontzeko landare guztia jaten dute. Horrez gain, sagar patsa ere ematen diegu guk. Guztia txikitu eta pentsuarekin nahasteko makina  bat dugu, egunean behin nahasketa hori bota, eta kito.

Pentsua, makinak, ikuiluaren mantenimendua. Gastu asko. Eta diru-laguntzak?
Dirulaguntzak behar-beha­rrez­koak ditugu aurrera ja­rraitzeko, eta jasotzen ditugu. Bestela ezinezkoa litzateke. Diputazioak ematen digu laguntza txiki bat baina gehiena Europatik etortzen da. Guk arau batzuk betetzearen truke laguntza polita jasotzen dugu Europatik. 2013 urterarte dago hori ziurtatua ordea, itxura denez kuota hori bukatu egingo da orduan. Hortik aurrera inork ez daki zer pasatuko den eta ez-jakintasun horrekin ari gara lanean.

Lanean ari zarete, eta lan gogorrean gainera.

Gure lana, gogorra baino gehiago lotua dela esango nuke. Egunero behiak bi aldiz jetzi behar dira, goizean goiz eta arratsean, jana eman behar zaie, belarretara joan. Ez dago 5 egunez lan asko egin eta asteburupasa joaterik. Igandea izan edo astelehena izan, beti dago zeregina ikuiluan. Geroz eta baserritar gutxiago horregatik gaudela uste dut.
Jende berri gutxi ari da sartzen baserrietan, gazteak guri deitzen digute baina gu ere adinean pixkanaka aurrera goaz. Gipuzkoa osoan esnetarako behiekin dabilen baserritar bakarra ezagutzen dut 20 urte inguru dituena.  Etorkizuna ez dut oso argi ikusten alde horretatik.

Esne makina: sistema erakargarria bezain arriskutsua baserritarrarentzat

Hernanin abuztuan jarri zuten esne makina, Atse­gindegin. EHNE nekazarien sindikatuak eta Behemendi elkarteak bultzatutako proiektua da makinarena. Asturias eta Kantabrian arrakasta izan zuen sistema berriak eta Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Nafarroan esne makina ugari jarri dira azken urtean.  Kepa Urreagak aitortu digunez aukera ona da baserritarrarentzat. Iparlatek esne litroa 30 zentimo inguru ordain­tzen badu, makinan esne litroa euro bat kobratzen du baserritarrak.
Kontua ez da hain erraza ordea. Hernanin adibidez 4-5 esne ekoizle daude, eta hala ere, Errenteriako Basasoro baserritik ekartzen da esnea Atsegin­degiko makinara. Esne pasteurizatua saltzen baita bertan. Hau da, esne elaboratua. Horrek  inbertsio haundia eskatzen duela nabarmendu digu Urreagak: «Pasteurizadora jartzeko obra egin behar da ikuiluan. Horrez gain, neurri asko bete behar dira, garbitzeko erraza den edifizio txuria eraiki, esnea manipulatzeko bata txuriak jantzi.  Iparlat-eko planta txiki bat egin behar duzu azken finean». Inbertsio haundiak inondik  ere.

«Pasteurizadora bat etxean jartzea apustu arriskutsua da»
Egia da Hernaniko esne makinak arrakasta izan duela lehen hilabeteetan, baina pare bat urteren buruan  ikusiko da zenbaterainokoa den arrakasta. Oiartzunen ere jarri zuten esne makina, eta litro asko saldu ziren hasieran. Gero pixkanaka, beheranzko joera hartu du ordea salmentak. Hori dela eta, pasteurizadora bat etxean jartzea apustu arriskutsua dela uste du  Kepa Urreagak, eta esnea Iparlat-i saltzen jarraitzeko asmoa du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!