Elur Txori elkartean errekor berria jarri duzu. Lehenengo aldia da pertsona berdinak museko bi txapelketak irabazten dituela. Asko aritzen al zara musean?
Txikitatik jokatzen dut musean. Lehen ohitura zen Gabonetan eta bazkalostean musean aritzekoa eta ordutik datorkit afizioa. Eta Elur Txorin urtero hartzen dut parte txapelketetan, 1992an bazkide egin nintzenetik. Elkartearteko Txapelketan ere pare bat aldiz hartu dut parte, baina bestela ez naiz txapelketetan aritzen; lagunartean bakarrik tarteka.
Bi txapelketak irabaztearena zortea izan da. Ia 20 urte daramazkit Elur Txorin musean eta urteekin ikasten da hanka ez sartzen, ez gehiegi arriskatzen eta bikotearen jokoa errespetatzen, baina elkartean ni baino muslari hobeak badaude. Aurretik Banakako eta Bikotekako txapel bana irabazita ditut, baina aurten dena alde izan dut.
Bi txapelketak irabazi dituen lehenengo pertsona izanda, gezurretan oso ondo moldatzen zarela esan nahi du horrek ala gezurrarena mito bat da?
Musa joko bat da eta joko guztietan bezala, faktore printzipala zortea da. Egia da musean gezurretan aritzeak laguntzen duela, baina dena ezin da gezurretan lortu. Behin, bitan… irabaztea lortu daiteke, baina azken finean zortea da behar dena. Aurkariak muslari hobeak izan arren, zuk karta hobeak baldin badauzkazu eta hanka sartzen ez baduzu, irabazi egingo duzu. Hori bai, karta parekatuak baldin badauzkazu eta aurkariak muslari hobeak badira, zaila da irabaztea.
Bikotekako Txapelketa Joxe Mari Artetxerekin irabazi duzu, bikoteak zenbateko garrantzia dauka? Normalean elkarrekin aritzen zarete?
Bai, nire koinatua da eta beti elkarrekin aritzen gara. Bikoteak garrantzi haundia dauka. Ohiturak, keinuak… ezagutzen dira. Begiradarekin bakarrik askotan badakizu zer daukan. Automatismoa sortzen da. Eta partida parekatuta doanean asko eragiten du horrek.
Beraz, zuek Elur Txori elkartean keinuak erabiltzen dituzue?
Onartuta daude?
Bai, bai. Ofizialak bai.
Txikira ez omen da jo behar, muslari txarrena omen da,
hala iruditzen al zaizu?
Txikia ere jokoaren parte da eta askotan iruzurra sortzeko, engainua sortzeko asko balio du, musa gezurrak esatea baino engainatzea baita. Txikia erabakiorra ez da, baina baliagarria da. Argi dago karta batzuk garrantzi gehiago dutela, baina denak balio du. Gainera, askotan berau bihurtzen da amua.
Zure ustez, zein ezaugarri behar ditu muslari on batek?
Batez ere, pazientzia. Gero asmatzen jakitea. Askotan, aurkariak baino karta hobeak izanda ez da asmatzen eta asmatzea oso garrantzitsua da. Eta denaren gainetik, zortea izatea.
Irabazi dituzun bi txapelketa horiei begira, zein izan da
ustelik emozionanteena?
Banakakoan azkeneko ustela. Orduan jokatu genuen, hiruna berdinduta baikeunden. Bikotekakoan berriz, finalerdietako azkenekoa, 4-2koa. Finala lasai joan zen.
Bukatzeko, zeintzuk dira zure kartarik onenak? Denek esaten duten bezala hiru errege eta bata?
Kontua ez da zuk zein karta dituzun, besteak dituen kartak ere zerikusia dauka. Oso karta onak izan ditzakezu eta ezer ez egin. Gehiago da, karta onak izatea momentu aproposean. Baina bai, puntu aldetik 3 errege eta bata direla esango nuke.