Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] MIKEL GOÑI ETA JUANTXO KOKA

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 22a, 01:00

Noizbait jokatu al duzue Hernanin? Ezagutzen dituzue zuen bikotekideak edo aurkariak?
KOKA: Bai, behin baino gehiagotan jokatu dut Hernaniko frontoian, beraz ezaguna da niretzat. Pro­fesional bezala eta afizionatu bezala jokatu dut bertan.
GOÑI II: Uste dut ez dudala jokatu partidu ofizialik, baina entrenatu bai, noizbait izan naiz Hernanin entrenatzen. Aurkariak, egia esan, ez ditut ezagutzen. Pertso­nalki edo jokatzen ikusteaz ez ditut ezagutzen, baina izenak ezagunak egiten zaizkit egunkarietatik edo...

Juantxo, nola ikusten duzu jaialdia? Binaka jokatuko duzu 5aren barruan. Noizbait jokatu al duzu modalitate horretan?
K:
Etxetik gertu jokatzeko desiratzen nago, gutxitan gertatzen baita horrela. Eta ez, ez dut sekula jokatu 5 koadroaren barruan binaka.

Asegarce eta Aspe enpresekin zenituzten kontratuak eten eta gero, non ibili zarete?
K: Jokatzen jarraitu dut ahal izan dudan moduan, hori izan delako beti nire helburua. Orain Garfe enpresarekin jokatzen dut.
G: Arazo bat izan nuen enpresarekin Bermeon eta nire kontratua etetea erabaki zuten. Ordutik, Garfe eta Egur Sport enpresekin partiduak jokatzen jarraitzea lortu dut, eta nire kabuz ere gutxi ba­tzuk lortzen ditut. Horrela bi uda daramazkit eta gustura nabil, partidu asko jokatzen ditut eta jendea oraindik animatzen da frontoira, ni joka­tzen ikustera.

Profesional ohi ugari pasa zarete azkenaldian afizionatuetara. Zergatik?
G
:Ni Nafarroako trinketeko txapelketa jokatzeko rekalifikatu naiz afizionatu mailan. Ahal dugun moduan neguan ere saiatzen gara profesionalki pelotan jarraitzen. Pelotari asko gaude elkarrekin egoera berdinean, besteak beste, Capellan, Eulate, Lasa, Agirre...etab.
K: Pelota profesionaletik kanpo geratzen zarenean ez dago irtenbide askorik, joka­tzea gustatzen zaizu eta ondo zaudenez jokatzen jarraitu nahi duzu.

Afizionatu mailan dauden pelotariak gehiago ezagutzeko bidea al da zuen izenak maila honetako jaialdietan agertzea?
G: Bai, dudarik gabe. Guri udaran jokatzeko, dugun ize­na­rengatik deitzen digute. Gero neguan, kasu honetan bezala, Hernanin jokatuko dugu maila ona duten afizionatuekin eta ziur aski beraientzat motibazio haundia da gure kontra aritzea. Guretzat ere ona da partidu hauek jokatzea, neguan ere partiduak jokatzen jarraitzen dugulako, pun­ttua manten­tzen dugu.
K: Nik uste dut polita dela afizionatu mailakoentzat gure kontra jokatzea, beraiek zer nolako maila eman dezaketen ezagutu dezaketelako. Bes­talde, egia da nahastuta joka­tzeak morbo berezia izan dezakeela eta afizio gehiago sortu dezakeela.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
K: Gaur egun krisiak pelota profesionalaren mundua ere bete betean jo du eta asko zaildu du pelotari afizionatuak profesionaletan debutatzea. Halere, uste dut niretzako panorama ez dagoela hain gaizki. Lan arloan, entrenamenduetan...etab.

Zer gertatzen da pelotaren elitea uzten denean?
K:
Pelotari profesional moduan nenbilenean ere lan egiten nuen, beraz, niri ez dit gehiegi eragin lanaren arloan pelota profesionala uzteak. Entrenameduen arloan gehiago nabaritu dut, orain ilusio gu­txiagorekin joaten naiz entrenatzera.
G: Ni, gaur egun, pelotaz bizi naiz. Oraingoz badut aukera hori, eta ahal dudan bitartean horrela jarraitzeko asmoa dut.

Juantxo, Belokirekin binakako txapelketa bat eta bigarren mailako 4 1/2ko txapelketa bat irabazi dituzu. Atzera begiratuta nola ikusten duzu zure ibilbidea?
K:
Pelotak niri momentu oso onak eman dizkit, gustatzen zaizuna egiten duzu eta gainera ordaindu egiten dizute. Momentu txarrak ere pasa ditut baina horiek le­si­o­en erruz izaten ziren gehienak, bereziki eskuko minak eraginda.

Eta zuk Mikel, atzera begiratuz gero, pelotaren elitean izan zinen garaiak nola gogoratzen dituzu?
G:
Urte asko izan ditut onak pelotaren munduan. As­pen hasi nintzenetik 14 urte dira dagoeneko, eta niretzako urte horiek oso onak izan dira. Pelotaz bizitzea oso polita da. Mo­mentu txarrak ere pasa di­tut, baina berriz ere, gehiago edo gutxiago, berdina egingo nuke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!