Meat Heav taldeko kide bezala ezagutzen dute askok Xabi Agirrezabala. Orain, horrez gain, badu ezaguna izateko beste motibo bat: Urrezko Pua. hirurogei gitarristak hartu zuten parte, mundu osotik etorriak, baina irabazlea aho batez aukeratu zuen epaimahaiak: Xabi Agirrezabala.
Zortzi urte daramazkizu gitarra jotzen. Lehen ere aurkeztu izan zara txapelketa honetara, eta
aurtengoan lortu duzu txapela eta Urrezko Pua. Nola sentitzen zara?
Oso oso pozik. Irabazi nuen momentuan bertan ez nuen sinesten, eta orain pixkanaka hasi naiz kontziente izaten, ametsa ez dela sinesten. Lagundu ninduten musikoekin zorretan sentitzen naiz, izugarrizko lana egin baitzuten. Entsaiatzen ordu asko sartu ditugu, eta oso giro ona izan dugu. Beraz, hemendik eskerrak eman nahi nizkieke Jon Patxe (perkusioa) Aitor Huizi (biolina), Iker Izagirre (teklatua), Aitor Redondo (baxua) eta Jonander Olazabali (bateria); baita gure entsaioak jasan dituzten, eta uneoro lagundu diguten Unai eta Maialeni ere, eskerrik asko!
Gaspar Sanzen `Canarios´
abestia jo zenuen, nolatan?
Zerbait desberdina egiteko gogoa nuen, eta XVIIgarren mendean egindako abesti honek zuen erdi aroko kutsua izugarri gustatzen zitzaidan. Gainera, gitarra klasiko gutxi ikusi ohi da Urrezko Puan, eta hartara jendeari zerbait berezia eskaini ahal izan nion. Gitarra klasikoarekin hasi zenuen abestia, originaltasuna mantenduz. Ondoren elektrikora pasa, eta zure moldaketa egin zenuen Celta ikutu bat emanda. Guztiak harritu zenituen. Nolatan erabaki zenuen horrela egitea, eta zer sentitu zenuen bertan bildutakoen erreakzioa ikusita? Zerbait desberdina egiteko gogoa nuen, nire helburua ez zen azkartasun demostrazio bat egitea. Nik benetan gogoko nuen zerbait jotzea erabaki nuen, eta jendeak abestiarekin disfruta zezan nahi nuen; uste dut lortu genuela, jendeak oso ondo erantzun baitzuen. Taldekide guztiak oso gustura sentitu ginen eszenatoki gainean, beraz, eskerrik asko bertan egon zineten guztiei ere.
Joan den urtean ere aurkeztu zinen txapelketara, nola gogoratzen duzu edizio hura?
Orain urtebete eskas izan zen, eta oso oroitzapen onak ditut. Aurreko hartan finalerdira iristea lortu nuen, eta garaipen haundia izan zen niretzat.
Meat Heav taldean ere aritzen zara. Zer moduz doa taldea?
Egia esan, azken aldian geldi xamar gabiltza, Urrezko Puarekin bi gitarristak lanpeturik ibili baikara (beste gitarrista, Unai, semifinaletara iritsi zen); baina orain berriro martxa hartzeko asmoa dugu, Hernaniko San Joanetan jo ahal izateko. Aurreko urteetan jo izan dugu, eta oso oroitzapen onak dauzkagu.
Eta orokorrean, nola ikusten duzu musikaren mundua, ba al da etorkizunik?
Musikaz bizitzea oso zaila da, eta egia esan, ez dut nire burua horretatik bizitzen ikusten, beharbada musika irakasle bezala bai, baina bestela... Halere ez diot inoiz jotzeari utzi nahi, eszenatoki batean bada eta ordaindu egiten badidate primeran, baina etxeko sofan jotzen ere zoriontsu izan naiteke!