Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Roslyn M. Frank

Kronika - Erredakzioa 2011ko urt. 9a, 01:00

Iruña-Veleian (Araba) euskerazko idatzi zaharrak aurkitu zituzten 2004an. Zeramikan, hezurrean edo kristalean idatzitako testuak dira, III. mendekoak, eta egiazkoak izanez gero sekulako garrantzia lukete, arkeologo, historialari, filologo eta abarren esanetan. Hika-mika haundia dago, ordea, gaiaren inguruan, pieza edo testu horiek faltsuak direla esan baitu bertsio ofizialak. Asko dira, ordea, ­
ber­tsio ofizialaren kontra daudenak. Horietako bat da Roslyn M. Frank ikerlari estatubatuarra (Kalifornian jaioa, eta Iowan bizi eta lan egiten du). Roslyn Hernanin izan dela aprobe­txatu du Hernaniko Kronikak, gaiari buruz hitz egiteko.

Roslyn M. Frank Munichen egon da, kongresu batean, eta handik, Euskal Herrira etortzea erabaki du. Zer dela eta?
Iruña-Veleiagatik. Txikizio ho­ri ikustera etorri nahi nuen. Veleiara joan nintzen; kanpotik ikusi behar izan nuen, barrura sartzen ez dutelako uzten. Gertutik ikusita, gehiegizkoa da, oso gogorra.

Julio Nuñez da orain eskabazioaren arduraduna. Eliseo Gil eta Idoia Filloy kendu egin zituzten, fraude edo iruzur akusazioarekin.
Ez, ez, ez. Hori artxibatua da­­­go. Epaileak artxibatu egin du.

Gil eta Filloyk lana ondo egin zutela esan nahi duzu?
Metodologia punta-puntakoa da. Dr. Edward C. Harris da arkeologian aditu haun­die­netakoa, munduan, eta hark esan zuen, Gil eta Fi­lloy­ren lana egina dagoela «eskabazioan erabili litezkeen eredurik zorrotz eta egokienak erabilita». Orduan zer gertatu da Iruña-Veleian? Filologoek esan dute ezin dela izan... arkeologoek baietz... zer dago lehenago? Filologia edo arkeologia? Analitikak. Prueba fisikoak. Lehenengo pausoa da, egiazkoak edo faltsuak diren jakitea, prueba objektibo batzuk eginda, eta horiek dira, prueba fisikoak; analitikak. Alegia, pieza bat hartu, eta jakin daiteke pieza hori noizkoa den, eta noiz egin ziren idatziak? Zientziak, teknologiak, badauka modurik hori esateko? Bai badauka moduak, zaharrak edo modernoak diren esateko. Beste edozein lekutan erabiltzen dira.

Eta ze analisi edo proba fisiko dira horiek?
Dr. Van der Driessche da horri buruz idatzi zuena, eta hari irakurtzea hobe litzateke hori ondo uler­tzeko. Hala ere, saiatuko naiz azaltzen: Pieza horiek lur azpian dau­de, beraz, pieza horien gainean kostra bat sortzen da, kapa bat, geruza bat. Kapa hori analizatu behar da, jakiteko noizkoa den pieza. Ze­ha­tza­go esanda, zeramikazko pieza batean zerbait marrazten edo grabatzen badugu, marra, raia, edo marka ho­rren barruko kostra da analizatzen dena. Kapa hori az­tertzeko au­kera badago: mikroskopioa, karbono 14a, termoluminiszentzia... Esate baterako, XIX. men­de­ko kapak izango ditu ga­rai hartako isotopoak (zati txikiak, atomoak), industrializazio garaia oso esanguratsua izan zelako, eta mundu guztian dau­de horren arrastoak. Ge­ro­­xea­goko pieza baldin bada, bonba atomikoa bota ondorenekoa bada, orduko kondarrak aurkituko ditugu. Modu xinple batean esanda, gaur egun badaude mota askotako froga fisiko-kimikoak idazkunak noizkoak diren jakiteko.

Mota horretako froga fisikorik egin al da Iruña-Veleian?
Ez.

Zeinek jarri ditu trabak ez egiteko?
Lorena Lopez de Lacallek [Arabako Foru Aldundiko karguduna].

Baina Arabako Foru Aldundiak esaten du faltsuak direla, unanimitate zientifikoz, eta inoiz ez direla benetakoak izango.
Oso dudakoa da unanimitate zientifiko hori. Hori esan zu­te­nean, txosten bakarra ze­goen entregatua. Horrek esan nahi du, erabakita zegoela aldez au­rre­tik. Prueba fisikorik gabe akusazioak egitea ez da ezagutzen zientzia mailan. Ez du rigorerik. Galdetzen badiezu, eta zein dira faltsuak? Eran­tzu­ten dute: «-Ba­dau­de». Ba­dau­de, badaude... bai­na zein dira? 400 pieza dauzkagu!

Berriz atzera eginda, orduan, Roslyn M. Franken ustez, zer gertatu da Iruña-Veleian?
Filologoen lanak garrantzi haundia izan du, eta, bereziki Joseba Lakarrarenak. Bera izan zen zalantzak sortu zituena. Euskerazko piezarik agertu ez balitz, ez zen istilurik gertatuko.

Lakarrak dioenez, euskaldun berriek egindako faltsifikazioak dira, euskeraz ondo ez zekien norbaitek.
Adibidez, ergatiboa ez da agertzen hitz batzutan (hau da, ‘niK’ esan beharrean ‘ni’...). Hori, garai hartan ezinezkoa omen zen... Horrek ordea, oso buelta erra­za dauka! Iruña-Veleia zen erromatar kanpamendua, eta pieza horiek aurkitu dira garai bateko eskola mo­duko batean. Ikasleak ziren, eta denak ez ziren euskaldunak, eta horrelako akatsak egiten zi­tuzten; gaur egungo ikasleek egiten dituzten bezala.

Ikasle horiek ez ziren euskaldunak?
Adibidez, esaldi batean azal­tzen da: neure ama roman ilta. Hori idatzi zuena ez zen hemengoa, eta seguru asko, eus­keraz ikasten ari zen. Ikasle horren hizkuntza izango zen latina edo horrelako zerbait.

Orduan, zertarako ikasten zuten euskera?
Euskeraz ikasten ari ziren, eta irakasleak euskeraz bazekien, eta seguruenik ikasle askok ere bai. Zertarako ikasten zuten euskera? Behar zutelako; leku horretan, Iruña-Veleian, behar zutelako; or­du­an, Araban, euskeraz hitz egiten zelako, seguru asko.

III. mendeko euskerazko testurik ez da agertu orain arte. Beraz, filologoek hipotesi batzuk egin dituzte, orduko euskera nolakoa izan zitekeen. Mitxelenak egina du, eta Lakarrak ere bai. Ezagutzen dituzu lan horiek?
Bai. Horri PROTO-euskera esaten zaio; alegia, hipotesia bat, asmatutako zerbait. Hori hizkuntza askotan egiten da, baina jakin behar da hipotesia horiek zenbateko pisua duten. Protoeuskera ez da egia bat, ez da berifikablea den gauza bat. Froga berri bat azaltzen denean, filologoak froga hori erabili behar du bere hipotesia aldatzeko, berritzeko, eta indartzeko. Baina Lakarra alderantziz ari da. Lakarrak bere hipotesia erabili du, begi aurrean dituen frogak txarrak direla esateko. Zientziaren aurkakoa da.

Euskera azaldu da, baina baita bestelako gauza asko ere, lehenengo kalbarioa, Egiptoko geroglifikoak... Zer garrantzi izango luke Iruña-Veleiak, egiazko piezak izango balira?
Alde batetik, paleokristautasunaren proba asko hor dau­de. Kalbarioa lehenengo aldiz agertzen den lekua da, adibidez. Ez zekiten, hemen horrelako zerbait bazenik. Jende asko eta askorentzat dauka garrantzia Iruña-Veleiak.

Iruña-Veleiako ardura orain Julio Nuñezek dauka, eta eskabazioak egiten jarraituko dute, beste teknika batzuen bidez. Zer iruditzen zaizu?
Ikusi duzu zer egiten ari di­ren? Eskabadorak sartu dituzte, indusketa arkeologiko ba­tean. Makinaria pisatua.

Hori nola ikusten dute mundu mailako ikerlariek? Zuk asko ezagutzen dituzu.
Kriminala da indusketa batean eskabadorak sartzea. Nu­ñe­zek eta Lorenak diote azken teknikak direla horiek, baina hori ez da egia. Nik hori aipatzen dut nire lagunekin eta denak sutan jartzen dira. «-Nola? Eskabadora erabili dutela?».

Zerbait egiten ari zaretela badakigu, Iruña-Veleian gertatzen dena nazioartean zabaltzeko.
Bai. Momentuz txosten bat idazten ari gara, nazioarterako. Nuñez egiten ari dena jakitea nahikoa dute. Baditut lagun batzuk, Europan eta Estatu Batuetan lan egiten. Arkeologoak dira, eta gehiago jakin nahi dute, gaiari buruz. Hemengo berriak ondo zabaltzea lortzen badugu, bonba bat izango da nazioartean. Baina oraindik proba fisikoak ez dauzkagu, eta beraz, itxaron egin behar dugu, pixka bat.

«Lanean ari gara, euskera, Humanitatearen Patrimonio izateko»

Roslyn M. Frankek dio, Europa osoan garai batean hitz egiten zen hizkuntza euskeraren antzeko zerbait izango zela. «Ziur nago. Eta frogak badaude; argitaratu gabe, baina idatzita bai».

«izango da!» erantzun zuen Roslynek. Alegia, euskera Humanitatearen Patri­mo­nio izendatuko dutela urte batzuk barru. «Zerbait egingo dugu, zerbait prestatua badugu...».
Europan hitz egiten zen hizkuntza, euskeraren antzekoa zela dio Roslynek eta ho­rretan erabat ziur dagoela. Iker­lari asko ari omen dira lanean, hori iker­tu nahian, eta hiru aipatu ditu: genetika, hizkuntzalari­tza kognitiboa, etnomatematika... «Frogak ba­­dau­de» dio Rosly­nek; «argitaratu gabe, bai­na ba­daude».

Hemendik Europara zabaldu zen
Glazioazio ga­rai­an, izugarrizko hotzak egin zituen Europan, eta orduko biztanleak babes bila joan ziren, batez ere, bi puntutara: Bal­kaneetara eta honera, Kan­tau­ri aldera (Kantabria, Eus­kal Herria ingurura). Glazia­zioa bukatzean, berriz he­men­dik atera ziren Europa aldera, eta beraz, beren hizkuntza eta guzti zabaldu ziren Europa osoan.
Roslynek dioenez, hori da genetistak ikertzen ari direna: genetista ingelesak, Erre­suma Batukoak, eta abar... Gasteizko taldeak ere ari omen dira horretan, Sergio Cardoso, adibidez.
Roslynen ustez, hemen ez dugu garbi ikusten refugio vasco-cantabro delako horrek izan zuen garrantzia. «Asko­tan, hemengo ikerlariek parre egiten dute!».

Adibide bat: ‘Hamalau’ pertsonaia, Europa osoan
Kronikak adibide bat eskatu dio Roslyni, hori frogatzeko, eta Hamalau izeneko pertsoanaia aipatu du berak. Hizkun­tza­laritza Kogniti­boan aditua da Roslyn. Berak dionez, jakin­tza asko, kontu eta kondaira asko, errepikatu egiten dira Euro­pako ix­kin ba­tean eta bestean, eta hori da, garai batean kul­tura bakarra zelako. «Amo­­na euskaldun batek kontatu zidan niri, Ha­ma­lau zer zen galdetu nionean. ´-Hamalau da gure ipuin bateko pertsonaiaren izena!`. Aur­kitu nuen ipuina, eta hamalau agertzen da. Erdia hartza eta erdia gizakia. Indartsua, haundia, eta jatuna. Europan ipuin hori eta pertsonaia hori herri guztietan daukate. Es­painian Juan el osito bezala eza­gutzen da, adibidez. Eta Sar­di­nian, antzeko pertsonaiek du­ten izena mamuthones da; Ita­lian, maramao eta ho­rrela dau­de pila bat! Hamalau, mamalo, maramao, marrau, mamu... De­nek hartzaren itxura dute! Hor azpian dagoena da, euskeraren antzeko hiz­kun­­tzaren eragina. Ziur nago!». 

------------------------------------------------------------

* Roslyn M. Frank (Iowa)


Roslyn Iowako Unibertsitatean irakasle emeritua da gaztelera eta portugeseko Depar­ta­men­tuan. ­Gai hauetan espezializatua: euskal gaiak, linguistika kognitiboa, etnografia, etnografia europarra, etnomatematikak, etnoastronomia eta arkeoastronomia, informazioaren teknologiak eta ahozkotasuna, ekokritizismoa, espainiar kultura eta zibilizazioa, eta espainiar idazleak.

Londresko Euskal Ikerketetako Institutuko aldizkariko editorea da, eta Texasko Unibertsitateko Arkeoastronomia eta Astronomia kulturan Nazioarteko Elkarteak argitaratzen duen Journal of Archaeoastronomy aldizkariko berrikuslea ere bada, besteak beste.

Ikerketak egin eta hitzaldiak eman ditu munduko herrialde asko eta askotan.

Euskaraz ikasten eta euskal mundura gerturatzen hasi zen, orain dela 35 urte, Cervantesen Quijote obrako Vizcaino pertsonaiak aten­tzioa emanda. Euskaraz bikain hitz egiten du, eta harreman haundia izan du euskal kulturgintzako jende ezagun askorekin: Joxe Angel Irigarai, Mikel Zarate, Urbeltz, Andolin Eguzkitza...

*Iturria: euskonews


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!