Zer dela eta aurkeztu zara Dobera Sarira?
Hamar erreportaje dira eginbeharrekoak, desafio polita dela uste al duzu? Lehendik ere banuen erreportaje batzuk egiteko asmoa. Ez dakit Kronikarentzat edo beste norabaiterako, baina asmoa banuen. Gainera, pren tsa idatzian ez dut lan askorik egin eta esperimentatzea gustatzen zaidanez, desafio polita iruditu zitzaidan, bai. Hamar erreportaje egin beharra lan gogorra da, baina gustuko lekuan, aldaparik ez omen da izaten.
Bertsolariak izango dira zure elkarrizketen ardatza, eta kasu honetan, Hernanirekin lotura egingo dute. Zein da helburua?
Bertsolariaren figura badago pentsalariarenari lotua, iritzi landu bat izan behar du, eta niri beraien iritzia entzutea gustatuko litzaidaken bezala, pentsatzen dut irakurleari ere interesgarri egingo zaiola herriko gaiei buruz zein iritzi duten jakitea. Hori ordea, jolas bati lotuta doa, irakurterrazagoa izan dadin.
Hernaniko hamar bertsolariri egingo diezu elkarrizketa, zertan oinarritu zara aukeraketa egiterakoan?
Bertsolari bakoitza ezberdina da eta Hernanirekin duten lotura ere ez da iguala. Ereñotzuko bertsolari baten iritzia eta orain Larraulen bizi denarena ezberdina izan daiteke. Edo leku berean biziagatik, 20 urteko bertsolari baten erantzuna eta 40 urtekoarena, ezberdinak izan daitezke. Ahal nituen eremu gehienak bete nahi nituen.
Elkarrizketak Hernaniko kafetegi edo jatetxe ezberdinetan
egitea erabaki duzu, hau beti ere bertsolariak aukeratuta. Bertsolaria Hernanirekin lotzeko modua da, edo bertsolariaren izaera beste era batera
ezagutzeko bidea da?
Hasierako helburua irakurleak elkarrizketa bisualizatu ahal izatea zen. Egia da, bertsolariaren izaeraz zerbait esaten duela, baina ez zen helburu nagusia. Polita iruditu zitzaidan horrela egitea, buelta gehiegirik eman gabe.
Bertso ariketen arabera organizatuko dituzu elkarrizketak, eta ariketa bakoitzeko galderak hauei dagozkien tonu eta erritmoen araberakoak izango dira.
Jolas moduko bat egiteko da. Elkarrizketa osoa irakurtzea, hasi eta buka, nik neronek gutxitan egiten dudan zerbait da eta irakurleari zatika irakurtzeko aukera eman nahi nion. Lehen aipatzen nizun irakurterraza izatearen helburu horren harira.
Elkarrizketa hauen bitartez bertsolarien arteko feedback-a ere bilatzea baduzu helburu.
Hau da, bertsolari elkarrizketatuak hurrengoari galderaren bat
egingo dio.
Irratian erabili izan dudan formula bat da eta oso efektiboa iruditu izan zait beti. 10 elkarrizketek osotasun bat hartuko dute horrela. Eta aitor dezadan, galdera bat gutxiago prestatu behar dut! Bertsolari bakoitzari Hernaniri buruzko hausnarketa egiteko aukera ere emango diozu, bakarkako lana atalean. Bakoitzak beretik kantatu behar duela esaten dute bertsolariek eta horretarako aukera eman nahi nien. Nik egindako galdera bati lotu beharrik gabe, segurasko, lehendik egina duten hausnarketa bat 3 bertsotan jartzea.
Lehengo eta oraingo bertsolaritza uztartzeko asmoz, lehengo bertsolari edo momentuek ere izango dute protagonismo berezia elkarrizketetan. Argazki zahar bat erakutsita, euren oroitzapen edo sentimenduak agertzea bilatzen duzu.
Sentimendu eta oroitzapenak bai, baina askoz sinpleagoa da asmoa: argazki zahar batekin irribarre txiki bat eragitea. Oxigenoa ematen dio elkarrizketari horrelako argazki batek. Elkarrizketetan bertsolariez gain, euskarak ere izango du protagonismo berezia. Euskalkia erabiltzea erabaki duzu, eta hika ere bai beraiek erabiltzen dutenean. Dena hurbila da: Hernaniko gaiak, Hernaniko lekuak, Hernaniko bertsolariak, Hernaniko irakurleentzat… Euskera batuan egiteak urrundu bakarrik egiten zuen.
Aurten Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da udaberritik aurrera, eta elkarrizketatutako askok hartuko dute parte. Islatuko al da hori elkarrizketetan, edo beste tematikaren bat bilatuko duzu?
Islatuko da jakina. Elkarrizketak egin gabe daude oraindik eta garaian garaikoari heldu nahi nioke. Ez txapelketari dagokionez bakarrik ordea.
Info7 irratirako ari zara lanean eta azken urteetan ezagun egin da Bertso Txapelketei egin diezuen jarraipena. Garan ere bertsolaritzari buruzko iritzi artikuluak kaleratu dituzu. Eta orain Kronikan elkarrizketak. Bertsolaritzan espezializatua zaudela esan al daiteke?
´Hoberik ez al dago?` Pentsatuko du zenbaitek, ezta? Gustura egiten dudan lana da eta orain arte aldeko iritziak kontrakoak baino gehiago izan direnez, aurrera segiko dut.
Zuk ere hartuko duzu parte Txapelketan. Pentsatu al duzu, hamaikagarren bat sartu, eta
zure buruari elkarrizketa bat
egitea?
Aitzakiaren bat emango banio nire buruari ez litzateke seinale txarra! Baina tira, seguru Kronikakoek aurrea hartuko lidaketela. Kar, kar,kar…
Hamar bertsolari elkarrizketatuko ditu Agin Rezolak. Hauek proposatu ditu:
- IÑAKI ZELAIA:Euskal Herriko txapelketan oso gora iritsi zen eta Ereñotzun bizi da.
- UNAI AGIRRE:
Hernaniko Kronikaren sortzaileetako bat. Azken Gipuzkoako Txapelketako finalista.
- ESTITXU EIZAGIRRE:
Kazetaria, bertsolaritzarekin oso kritikoa eta orain Larraulen bizi den Hernaniarra.
- ARITZ ZERAIN:
EH Bertsozale Elkarteko koordinatzailea eta Ereñotzuko auzo Udalaren proiektuan buru belarri sartua.
- AITOR MENDILUZE:
Gipuzkoako bertsolari Txapelketa Nagusiko egungo txapelduna.
- JOXE LUIS URDANGARIN:
38 urteko hernaniarra. Lan asko egina Iraulio Panttalone Bertso Eskolan.
- ARNAITZ LASARTE:
Bertsolari gazte ereñotzuarra.
- JEXUX MARI IRAZU:
Hernaniko Kronikaren sortzaileetako bat. Bertsolari ibilbide oparoa duena. Egun Larraulen bizi da.
- BEÑAT GAZTELUMENDI:
Iraulio Panttalone bertso eskolatik pasa eta goi-goi mailan oraintxen hasi den bertsolaria.
- MAIALEN LUJANBIO:
Eguneko 24 orduak pentsatzen pasatzen dituen bertsolaria.