Ezintasuna eta zinea lotu dituzue gaurkoan. Ze asmorekin?
Zineak jendea erakartzen du; bizitzako gauzetaz hitz egiteko tresna baita. Eztabaidarako bidea. Eztabaidatu, ulertu, maitatu, borrokatu… Zinea errealitatearen ispilua da.
Zergatik aukeratu duzue ‘El truco del manco’ pelikula?
Ezinduak, emakumeak, beltzak… tribu bat bezala hartu izan dira hasieran, eta tratu txarrena jasan dute, bai gizartean eta baita zinean ere. Gero, berriz, errukiz tratatu dira.
Zineforum honekin, ikuspegi horretatik alde egin nahi da. Hemen ikusten da, nahiz eta protagonista ezindua izan, ´normal` jokatu dezakeela. Hau da, pelikulako protagonista, benetan ezindua da (J.M. Montilla El Langui) eta Rap taldea dauka, pelikulak egiten ditu, liburuak idatzi, irratia… bizitzan gauzak lortu ditu. Eta eredu horretatik landu nahi dugu gaia.
Nolako pelikula da?
Oso pelikula majoa eta freskoa da. Amorruz betea egina da eta Rap, Hip Hop... bezala oso urbanoa da. Pelikula honekin ez da negar faltsurik edo errukizko negarrik egingo. Pelikula honetan, protagonistak ez du pena ematen. Eta esan behar da zentzu guztietan dela minusbaliatua; izan ere, ezintasun fisikoa izateaz gain, Madrilgo auzorik pobreenean bizi da eta ez dago ezinduentzat egokituta, familian ere arazoak ditu, drogak…
Gor eta itsuentzat egokitutako emanaldia izango da gaurkoa. Zer iruditzen zaizu?
´Politikoki korrektoa` da, eta ondo ikusten dut ezinduen onerako diren egokitzapenak egitea, baina zinean bada esaera bat: itsu batek ulertzen badu, ez da ona; izan ere, zinea irudia da.
Zinea eta diskapazitateari dagokionez, zeintzuk dira pelikularik esanguratsuenak zure ustez?
El milagro de Ana Sullivan, Terror ciego, Mi pie izquierdo, Mascara, ¿A quién ama Gilbert Grape?, Bailar en la oscuridad, Sola en la oscuridad…
Euskal zinegileek landu al dute ezintasuna?
Sexua bezala, ezer ere ez. Hemen nabarmenduko nuke Atzegik urtero antolatu ohi duen zinemaldia. Ezinduek egiten dituzte pelikulak eta interesgarriagoa iruditzen zait beraiei ematea aukera. Beraien ikuspegitik lantzea. Gazteek kontatzen dute zein zaila den ezindua izatea eta familiakoek dituzten arazoak. Lan hauetan ateratzen da, benetan, putada bat dela ezindua izatea.
Bukatzeko, galdera pertsonal bat. Zergatik gustatzen zaizu
‘tenebrosoa’ dena?
Beldurra sentitzea gustatu egiten zait. Beste sentsazio bat gehiago da, amodioa den bezala. Nahiago dut gaur bezalako egun bat (euria, elurra, hotza…) abuztukoa baino. Bukatzen diren gauzak, hasten direnak baino gehiago gustatzen zaizkit. Kanposantu bat nahiago dut, margaritaz betetako zelai bat baino. Malenkonia, hildakoen tristura, banpiroen nostalgia… gustatzen zaizkit.
‘El truco del manco’
El truco del manco pelikulan Enrique Heredia, El Cuajo da protagonista. Bizitza aurrera ateratzeko abilezia duena, sortzez ijitoa ez izan arren, hala bihurtu dena. Gorputz erdian paralisia dauka eta ibiltzeko zailtasunak ditu. El Cuajok Adolfo izeneko laguna du, aita alkoholikoarekin bizi den mulato gaztea. El Cuajok Adolfo konbentzituko du musika estudio bat jartzeko; bi lagunak batzen dituen Hip Hopa lantzeko eta bizimodua aurrera ateratzeko.
El truco del manco (2008) Santiago A. Zannourena da. 3 Goya jaso zituen: zuzendari berri onena, aktore errebelazioa eta abestia.
Aktore errebelazioa Juan Manuel Montilla El Langui da. La Excepcion musika taldeko liderra da, besteak beste. 2006an MTV Europak saritu zuen. Orain dela gutxi liburu bat argitaratu du: Un barrio con mucha miga.