Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] José Ramón Chica eta José Pérez

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 17a, 02:00

Hainbat urte PSE-EEko zinegotzi Udalean. Chicaren kasuan 20 urte. Zergatik utzi duzue orain?
José Pérez: Garbi geratzea nahi nuke, lehendabiziko filatik aldegingo dudala. Beti iristen da momentu bat «Nahikoa» esateko; niri iritsi zait. Medikuengatik, familiarengatik, eta beste gauza as­korengatik.
JOSÉ RAMÓN CHICA: Esan bezala, 20 urte izan dira Uda­lean. Urteek ematen duten perspektibatik, iruditu zait beste jende bat behar zuela alderdiak, Hernani deitzen diogun proiektu hori gara­tzen segitzeko.

Jendea harritu egin da, biok batera utzi, eta justu orain utzi duzuelako, legislatura erdi-erdian…
J.P.: Nik esan nuen neure garaian, 2012ko udaran bu­katzen zela nire bidea. José Ramonek orain erabaki du. Bi erabakiek bat egin dute. Kasua­litatea da.

Nola ikusten duzue Hernaniko Udala? Nola utzi duzue?
J.R.C.: Udala geldirik dago, bai. Ralentian funtzionatzen du, inertziaz. Egoera horretan ez nuen ikusi inoiz Hernaniko Udala.
J.P.: Ba al dago Udalik? Hori da galdera. Badago Udalik Her­na­nin? Errealitatea da ez dagoela mugimendurik Uda­lean; ez gestio aldetik, eta ez konbibentziarako politika al­detik. Mugimendu pixka bat jartzeko zerbait egin beharra dauka Udalak, eta hori esan nion Alkateari bere garaian. Baita oposizioaren aldetik ere. Oposizioa ere ez baitago indarrean. Oposizioa lo dago.

Ekonomiak ba al du kulparik horretan? Komisioetara joateagatik lehen plus batzuk ordaintzen ziren, eta orain ez dago horrelakorik... Gogor salatu zenuten erabaki hori, bere garaian.
Ez da hori arrazoi nagusia. Oposizioak ez du egon behar pentsatzen, ordainduko dioten edo ez. Primak ordaintzearena nik ikusten dut konpentsazio moduan, badelako jendea diru-sarrerarik ez daukana, 0 –an dagoena. Eta horregatik, Udalean inplikatu ahal izateko behar du konpentsazioren bat. J.R.C.: Ez du inongo eraginik. Aspaldi ari nintzen erabaki horri bueltaka.

José Ramón, 20 urtez izan zara zinegotzi Hernaniko Udalean, 1991tik. Zergatik erabaki zenuen zinegotzi izatea, eta nola gogoratzen duzu garai hura?
J.R.C.: 22 urte nituen orduan, eta gazte batentzat gogorra izan arren, ez nengoen batere ados orduko Udalaren linea ofizialarekin. Gogoan dut. Garai nahasiak ziren. Ezker Abertzaleak alkatetza galdu zuen. Meha­txuak kalean, Udal langileen konfiantza falta, ez baitzekiten nola gobernatuko ge­nuen. Baina aldi berean kariñoz gogoratzen dut. Ez­ber­din pentsatzen genuen jendeak elkarlana egin ge­nuen, elkar ezagutu, ulertu, eta ideia baten alde lan egin genuen.

José Ramón, Hezkuntza eta Kiroletako zinegotzi izan zinen, bi legegintzalditan. Zerekin geratzen zara?
J.R.C.: Kirol zinegotzi ga­raian, uste dut patronatuko zuzendaritzan lan polita egin genuela politikook; eta gogoan dut, langileek gauza berriak egiteko disposizio oso ona zutela. Hezkuntzan, Musika Es­kolako langileek sekulako lana egin zuten garai hartan, egungo legedira egokitzen. Haurreskolan ere langileen lana ez dut ahaztuko, orduan hasi baikenuen Haurreskola berria egiteko proiektua. Taldeekin izandako harremana azpimarratu nahi nuke. Oso jende langilea topatu dut.

José Pérezek Udala utzi du, baina baita UGT sindikatua ere. 1976an hasi, eta 2001 urtera arte izan zara bailarako arduraduna. Asko aldatu al da egoera ordutik?
J.P.: Bai. Asko. Batez ere, lasaitu egin da dena. Langilea lasaitu egin da. Lehen askoz ere mugituagoak ziren langileak. Orain kultura gehiago dago; kultura politikoa eta kultura sindikala, biak eboluzionatu dute. Horrek dakarki, gauzak gehiago pentsatzea, egin au­rretik. Heziketa behar beharrezkoa izan dugu, eta hori ona izan da, neurri haundi batean.

Langileentzako ez dira ba, garairik onenak…
J.P.: Ez, ez dira, eta sindikatuen aldetik ere utzikeria pix­ka bat ikusten dut. Lan­gilea bakarka ari da pentsatzen, bere buruarentzat, eta kolektiboa indarra galtzen ari da. Zerbaitean huts egiten ari gara.

Lan Erreforma nola ikusten duzu? Gol ederra sartu diote langileari?
J.P.: Gol bat? Hiru! Hiru sartu dizkigute. Baina grabeagoa da egin genuen greba. Lanuz­te hura ez zen izan konben­tzituta egindako lanuztea bat. Hor dago hutsunea.

Eta non dago erremedioa?
J.P.: Nire ustez, herritarrak konbentzitu behar du bere burua, ez dago beste biderik. Guk gauza bat onartu beharra daukagu: jendeak nahi duenari ematen dio botua, eta azken elekzioetan, jendeak PPri eman zion. Nire ustez utzikeriaz emandako botua da; ez da kontzientziaz emandakoa. Jendeak ez zuen botu hori emango, zer zetorkion jakin izan balu.

Alderdi Sozialistak ere zerbaitean failatu izango du orduan…
J.P.: Bai bai, dudarik gabe. Alderdi sozialistak ez zuen jakin izan jendea mobiliza­tzen. Ez du jakin eta ez du ahal izan.

Bide honetan denean, zerekin geratzen zarete?
J.P.: Lagun asko egin ditut, eta horrekin geratzen naiz. J.R.C.: Onena, herritar askori laguntzeko aukera izan du­dala, arazoak konpontzen.

Damurik bai?
J.P.: Ez. Gauzak berdin-berdin egingo nituzke, eta berdin-berdin borrokatuko nuke sinisten dudan horren alde. J.R.C.: Ez.

Bizi izan duzuen txarrena?
J.P.: Nahiago dut ez kontatu.
J.R.C.: Txarrena, ezagutzen nuen jendearen beste aurpegi bat ikustea. Bizkarra eman didan jendea, nik aukera jakin bat egiteagatik.

José Ramón, entzun izan dizugu, garai gogorrak izan zirela haiek zuentzat. Behin baino gehiagotan saiatu zirela zuek jipoitzen Hernanin...
J.R.C.: Saiatu ez, jipoitu. Hiru aldiz behar izan dut medikuaren laguntza. Horrez gain, me­hatxuak ere izan dira, nire la­gunei, familiari, gizartetik apar­tatzeko asmoz.

Esan liteke, Hernanin, alde guztiek sufritu dutela asko, ezta? Gerra zikinak hildakoak, tortura kasuak... Zuen kasuan bizkartzainekin ibili izan zarete urteetan. Garai hobeak ikusten direla esan liteke… Ilusioz?
J.R.C.: Denok galdu dugu zerbait herri honetan. Bai ideia jakin batzuen alde egin dugunok, eta baita eurek ezer esan ez dutelako gauza puntualak normal bihurtzea posible egin dutenek ere, askatasuna denoi kenduz. 12 urtez ibili gara eskoltarekin. Inoiz ez zara ohitzen egoera horretara. Imaginatu eza­zu, zure burua, ogia erosten, bikotearekin afaltzen... eta bi pertsona zure alboan. Bi per-tsona horiek gehiago dakite zure bizitzaz, zure familiak baino. Planteatu egoera hori egu­nero-egunero 12 urtez. Go­gorra ezta? Eta orain imaginatu egun batetik bestera berriz bakarrik egotea. Horrela aldatu da nire bizitza.
J.P.: Esperantzaz eta ilusioz bizi dut nik egoera hau. Eta garrantzitsuena, gehien maite dituzunekin gozatzeko aukerarekin.

Konponduko al ditugu gure arteko arazoak herri honetan?
J.P.: Bai. Konbentzituta nago. Herri honetan sinisten dut, benetan. Beste era batera ikusi nahi badute ere, herri honetan elkarrekin bizi gara egunero, eta konbibentzia ona da. Jendeak lagundu egiten dio elkarri.
J.R.C.: Irtenbidea dago, orain dela 30 urteko jende beraren eskutan. Kasualita­tez, orain ere ez dute pausurik atzera egin. Oraindik ere, beraiek nahi bezalako irtenbidea ari dira planteatzen. Dena dela, etorkizuna oso ondo ikusten dut, itxaropenez.

Nola dago PSE-EE Hernanin?
J.P.: Boto kopuruari begiratu. Egoera ona da, eta oso saneatua. Baina alderdi sozialistari bi eratara begiratu behar zaio Hernanin. Bakarka eta taldean. Bakarka, bildurrak gain hartu dio jendeari, eta horrek ekarri du inplikazio falta bat. Taldean berriz, sekulako indarra dugu, eta aurrera begira haundiagoak egingo gara. PSE-EEren indarra, benetako indarra, datorren legegin-tzalditik aurrera ikusiko dugu. Jendeak askatasun osoz bozkatu lezakeen momentutik aurrera ikusiko dugu egitazko errealitatea. Inongo presiorik gabe.
J.R.C.: Hernaniko herritarrek oso ikuspuntu sozialista izan dute beti. Baita 1975 aurretik ere. 1931ean inauguratu zuten sozialista talde bat Hernanin, eta errepublika garaian Udalean errepresentazioa izan zuen. Hernaniar batzuk Sozialista Gazteen Batalloian borrokatu zuten Gerra Zibilean.

Bi zinegotzi sartuko dira zuen ordez. Zer esango zenuke beraiengatik? Ez dira hernaniarrak…
J.P.: Batek Hernani ezagutzen du, bertan lan egindakoa baita. Joseanek esperientzia haundia dauka, sindikalgin-tzan. Ilusioz dago eta hernaniarrekin konpartitu nahi du, sinesten duen hura. Maria Jesus, gaztea da baina esperientziaduna, eta ikuspuntu oso interesgarria dauka.

Planteamendu berriren bat ekarriko al dute?
J.P.: Bai bai, dudarik gabe. Eta gu ere hor egongo gara, apoioa emanez, eta behar duten guztian laguntzeko.

Eta hemendik aurrera?
J.R.C.: Urte askoan egindako gauza bera egingo dut: lana, hipoteka ordaindu, familia zaindu... gutako edozeinek egi­ten duen gauza bera egitera dedikatuko naiz.
J.P.: Familiarekin egongo naiz. Haiekin disfrutatu nahi dut, ez baitut aukerarik izan orain arte.

Besterik esan nahi?
J.P.: Hernaniko herriari eskerrak eman nahi dizkiot, eman­dako babesarengatik. Jende asko eta askori, eta batez ere beti ondoan izan ditudanei. Hernanik askatasuna nahi du eta behar du, eta horren alde lan egiteko esan nahi diot jendeari.

HITZ BITAN:

Zuen alderdikoa ez den zein politikok egin dizue inpresio onena?
J.P.: Ricardo Mendiolak.
J.R.C.: Joxan Rekondok.

Galarretako proiektua?
J.P.: Oso ona, etorkizun opa­ro baterako.
J.R.C.: Beharrezkoa, Her­na­­ni­ren etorkizunerako.

Erraustegia?

J.P.: Aldekoa naiz. Behar beharrezko ikusten dut.
J.R.C.: Atsegina ez, baina behar-beharrezkoa.

PPrekin egindako paktua
J.P.: Pixka bat, kontra-natura.
J.R.C.: Krisiari hobeto eusten lagundu dio Euskadiri.

Jesus Egiguren
J.P.: Holakoxea da. Bera da.
J.R.C.: Lagun bat, buru pribilegiatua daukana.

Bi zinegotzi berri, Hernaniko Udalean

MARIA JESúS EGIDO

Zuzenbidean Doktorea,
abokatua, EHUko Zuzenbide Kooperatiboko eta Ekonomia Sozialeko kidea.
Gipuzkoako Abokatuen Eskolako Praktika Juridikoetako irakaslea.
Gipuzkoako PSE-EEko juntakidea ere bada. 

JOSE ANTONIO SANCHEZ

41 urte
19 urtetik UGTn afiliatua. Gipuzkoako arduraduna izan zen kimika alorrean.
Hernaniko Zikuñagako Papeleran lan egindakoa urte askotan. Gaur egun, Calandran ari da.
7 urte daramazki Hernaniko PSE-EE alderdian afiliatua, eta herriko komiteko kidea da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!