Empar Pineda, hernaniarra, datorren larunbatean emango dizu saria Xalaparta elkarteak, ´Hernaniar Bikaina´. Nola hartu duzu albistea?
Ilusioa egin dit, sekulakoa. Egitan, eman dizkidaten sari guztietatik, honek egin dit ilusiorik haundiena.
Garai batean pentsaezina izango zen, elkarte gastronomiko batek saria ematea emakume bati, ala? Zerbait aldatu den seinale?
Bai. Uste dut horrek adierazten duela, gauzak nola aldatu diren. Zeinek esango zuen soziedade gastronomiko batek emakume bat sarituko zuenik? Saritu, gainera, emakumeen eskubideak defenditzeagatik, eta sexu askatasuna defenditzeagatik!
Nola gogoratzen duzu Hernani, zure gazte garaian?
Askotan gogoratzen naiz eta bihotz-bihotzez, Hernanitaz. Osteguneko ferian ibiltzen nintzen gustora. Ikaragarri gozatzen nuen. Batez ere, landare eta berdura aldea gustatzen zitzaidan.
Baserria ere gogoan dut. Amaren baserrira joaten nintzen, Juanantonene baserrira (Martindegi). Aitona zen nere aitajauna, eta harekin denborak egiten nituen. Petrikiloa zen. Ni haren alboan beti, baserriz baserri. Gero, jakintza hori osaba batek jaso zuen, osaba Joxek, eta gero osaba Antoniok.
‘Patas’ famatua!
Hain juxtu, Patas famatua, bai! Beno, Patas, aurrenekoa, aitona zen. Hark beti esaten zidan, ilusioa egingo liokeela nik medikuntza ikasteak. Edo besterik ez bazen ere, praktikante! Eta nik filologia ikasi! Filologia Romanica! (parrez)
Baina petrikilo-herentzi pixka bat geratu zait...
Madrilgo Isadora Klinikan urteak egin dituzu lanean, eta orain baduzue eskuartean beste proiekturen bat, ezta?
Bai. Ilusioz ari gara asmo berri batekin. Aurten, Erresidentzia bat ireki nahi dugu zaharrenentzat; adineko lesbiana, gay eta transexualentzat. Berez, nahi duen guztiarentzat irekita egongo da, baina bereziki horiei begira egin nahi dugu, normalean zailtasunak dituztelako laguntza bilatzeko.
Horrez gain, Isadora Klinikan ere ibili naiz. Eta a ze istiluak izaten nituen Guardia Zibilarekin. Abortoak egiten genituen eta! (eta egiten dituzte oraindik). Beti norbait minduta, emakume batek haurdunaldia etetzea erabaki duelako! Jende bat beti amorrazten... nola zirikatu pentsatzen... beti trabak jartzen...
Aldegin aurretik sekulakoa izan nuen Guardia Zibilarekin. Zaborretara botatzen omen genituen operazio-hondakinak! Eta bolada hartan abortatu zuten emakume guztiei deitu zien. Euren etxeetara joan eta edozeini galdezka: «-Hemen bizi al da halako? Isadora Klinikan oraintxe abortatu duena?», eta tipo horretara. Denuntzia sartu nien, eta juezak sekulako errepasoa eman zien.
Borrokan ohituta dago Empar Pineda. Mugimendu komunistetan hasi, feministetan gero...
Nik umetatik izan dut espiritu bat, iraultzarako. Arauak ez nituen maite. Beti Urumea kalean (Kardaberaz) txapetara jolasten, kaniketan... Amaren harategiko bezeroek esaten zioten amari: «Orain ere hor dabil zure alaba, ipurdia burua baino gorago duela!». Transgresorea nintzen, aitonaren herentzia izango zen iraultza gogo hori. Hark ere 1936an ezkerraren alde egin zuen.
Irakurri izan dizugu, frankismoa bukatutakoan feminismoak sortu zuela sekulako uholdea. Eta jendeak, orokorrean, oso ondo hartu zuela…
Hura ez dugu berriz ikusiko. 40 urte pasa genituen Frankoren menpean. Emakumea objetu bat zen, gizonari sexua emateko, umeak emateko... Eta orduan gu iritsi, eta dena jarri genuen hankaz gora!
Esaten hasi ginen, emakumeek bazutela beren sexualitatea; eta umeak izan behar zituela nahi zuenak; ama batek eskubidea zuela abortatzeko.
Hori batetik. Bestetik, defendatu genuen, emakumeek edozein lan egin genezakeela, prestatuz gero. Eta lan berdina eginez gero, soldata berdina.
Soldata ez omen da parekatu oraindik...
Hori ez genuen lortu lehen, eta ez dugu lortu oraindik! Bataz besteko diferentzia badakizu zenbatekoa den? %28koa. Erraz esaten da.
Gazteentzat zail da imajinatzea garai hura.
Gazteei kosta egiten zaie imajinatzen, adibidez, emakume bat ezin zela izan epaile, edo ezin zuela ireki kontu korronte bat senarraren baimenik gabe. Edo senarrak kobratzen zuela andrearen soldata.
Egia da, gauza asko lortu ditugula. Asko geratzen da, baina asko lortu dugu. Nere ustez garrantzitsuena bat: ez gaituztela ikusten bigarren sexu bezala.
Feminismo korronte bat baino gehiago daude.
Bat, zuena, ´Beste ahots feminista batzuk´ izenekoa. Zer defendatzen duzue?
2006an sortu genuen taldea. Garai horretan, oso altu entzuten ziren ideia feminista batzuk, gizonen oso kontra. Administrazioetatik ere bai, Berdintasun Legea egiten ari zirenean-eta. Feminismo bengatibo bat, kartzela zigorrak planteatzen zituena, zigorrak eta zigorrak! Esan nahian bezala, gizonak gaiztoak zirela izatez... Guk esan genuen ezetz, hori ez zela egia. Arazoak ez zirela kartzelarekin konponduko. Heziketa arazo bat dela, baloreak erakutsi behar direla, eta tratu onak erakutsi.
Eta etorkizuneko erronkak zein beharko lukete? Hernanin bada mugimendu feminista… zer esango zenieke?
Feminismoak ez du galdu behar transgresore izaera. Ez dezatela hezi, dominatu. Ez dedila konformatu kondarrekin, eta segi dezala lanean, emakumearen eskubideen alde, eta gizartea aldatzeko.
Asko al dago egiteko?
Bufff! Asko!!! Indarkeri matxistarena, adibidez, sekulako arazoa da, eta gizonezkoak erabat inplikatzen diren arte, ez dugu konponduko. Baina apustuak asko dira: sexu askatasuna, soldatak berdintzea...