Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] ESNE BELTZA - Pello Gorrotxategi taldekidea:

Kronika - Erredakzioa 2012ko eka. 10a, 02:00

Irati Sarasua Arabaolaza

Azken urtean kontzertu gutxi eskaintzen ari zarete, horietako bat Ereñotzun izango da, nolatan?
Gu bertakoak gara, talde hernaniarra gara. Nik lokal bat dut Ereñotzun eta bertan egiten ditugu entsaioak, eta guretzat etxea bezalakoa da. Azken urteetan, taldea sortu zenetik, saiatu gara pare bat urtetik behin bertaratzen. Aurten emanaldiak mugatu ditugu bai, azken 4 urteetan asko jotzen aritu garelako, eta oxigeno pixka bat behar dugulako, bai guk eta baita Euskal Herriak ere. Iaz leku askotan aritu ginen, eta, beraz, aurten erabaki dugu kontzertu kopurua muga­tzea, eta iaz aritu ezin izan genuen lekuetan jotzea.

Behin baino gehiagotan aritu zarete Ereñotzun, nolakoak izan dira kontzertu horiek?
Taldea 2008an sortu genuen eta geroztik behin baino gehiagotan izan gara herrian, guretzako esperientzia izugarria da. Nik bere garaian Izotzen jotzen nuen eta auzoan jotzean berbena garai haiek oroitzen ditut. Beti pozgarria da hemen aritzea, bai neretzat eta baita taldekideentzat ere, Xabi Solano adibidez Ereñotzun jaioa da eta honentzat ere pozgarria da bertan aritzea. Polita da guretzako, honek gainera gure familia ikusteko aukera ematen digulako, azken finean, kontzertuak direla-eta ohikoa baita denbora asko kanpoan pasatzea.

Nola definituko zenituzke Esne Beltzaren kontzertuak?
Gure kontzertuetan leher eginda amaitzen dugu. Esan nahi dut dugun guztia ematen saiatzen garela beti. Orain agian ez hainbeste, baina hasieran jendeak beti azpimarratzen zigun nabaritzen zela ez ginela antzezten ari, benetan sentitzen genuena egiten ari ginela, eszenatokian geundenean nabaritzen zitzaigula gustura geundela, gustatzen zaiguna egiten ari ginela eta gure artean oso harreman ona genuela, eta orain ere hala dela uste dut, gure helburua kon­tzertu guztietan dugun guztia ematea baita. Gure helburua musikarekin gozatzea da, hemen musikaz ezin zara bizi, guztiok dugu gure lana honetaz gain, eta kontzertuko momentuak ongi pasatzeko uneak izaten dira. Ongi pasatzen ez baduzu jai duzu.

Etorkizunean zer egiteko asmoa duzue?
Esan bezala, aurten oxigenatu nahi dugu, gauza gutxiago egin. Datorren urtean zer egin pentsatzen ari gara, ez dugu oso argi oraindik kon­tzertuekin segi edo urtebete lasai hartu. Baina 2013ko Durangoko Azokarako disko berri bat egin nahi dugu. Bestela, oso estu aritzen gara entseguak eta grabaketak egiteko, urtebete lasai hartu eta grabaketari denbora eskain­tzea egokia iruditzen zaigu. Urtebete hori deskantsatu eta gero indarrarekin hastea ongi egongo litzaigukela uste dugu, azkenean beti hobeto izaten da denbora bat hartzea eta laneko era pittin bat alda­tzea, bestela alde batetik bestera baikabiltza. Baina ez dakit ziur nola izango den oraindik.

Orain arteko abestietatik zein da zuretzako gustukoena?
Niri asko gustatzen zait orain single moduan egon den Nahi dut abestia. Nik uste dut hori dela Esne Beltza egokien deskribatzen duen abestia; kanta indartsua, baina alaia. Nik oso gustuko dut eta zuzenean jotzen dugunean ere nabaritzen zaigu oso atsegin dugula. Euskarari egindako kanta bat da eta single moduan ikustea pozgarria da. Lehenago egindako beste zenbait kanta ere gogoko ditut, baina orain behin­tzat hori da gehien gustatzen zaidana.

2008tik orain arteko esperientzia nolakoa izan da?
Talde ezagun bihurtu zarete Euskal Herri mailan, zuen abestiak hor eta hemen entzuten dira…. Guk ez genuen espero, gustuko duguna soilik egiten dugu. Bederatzi musikari gara, eta bakoitzari musika estilo bat gustatzen zaio, eta bat-batean hainbeste arrakasta lortzea guretzako oso pozgarria da. Jendeari gustatzeak poztasun itzela eragiten du, eskerrak eman beharrean gaude gainera, eurengatik lortu dugulako une honetan duguna, entzungo ez bagintuzte musika talde moduan ez ginatekeen ezer izango. Egiten dugun musika estiloa ezberdina da; Dj bat egoten da, trikititxa ere hor dago, baina ez da trikitixa normala, ez da erromeria bat bezala, musika beltza ere egiten dugu, reggae-a… nik uste dut hori jendeari oso ongi sartu zaiola, eta baita lana gustura egiten dugula ere. Beti saia­tzen gara ahal den lan txukunena egiten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!