Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Joana Ortega eta Sebastian Ustaroz

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 26a, 02:00

Txikitatik zara piano-jolea.
J.O. Bederatzi urterekin hasi nintzen. Etxean pianoa ge­nuen eta beti saltseatzen nenbilen. Hasieran amarekin jo­tzen nuen; eta gero, Hernaniko musika-eskolan Montse Auz­mendi izan zuen irakasle.

Pianoa jotzea bakarrik ez, idaztea ere gustuko duzula entzun dut
J.O. Bai. Hala ere, oso modu sinplean egiten dut eta gehienbat niretzako. Etxean gutunak eta abar ditut, hala ere, denborapasa bezala har­tzen dut idaztearena.

Duela hilabete eskas gainera, sari bat jaso duzu Barakaldon
J.O. Bai, Bihotzaren Hitzak amodiozko gutunen XVIIga­rren lehiaketa irabazi dut. Hirurehun eta hogeita zazpi gutun aurkeztu ziren lehiaketara, eta horien artean nirea atera zen garaile.

Pozik egoteko modukoa beraz
J.O. Bai, oso pozik. Ez nuen espero irabaztea, maila haundia baitzegoen bertan. Eus­keraz idazteak badu alde on bat, izan ere, hamabost gutun besterik ez ziren aurkeztu euskeraz. Ea lehiaketa haundiago batera aurkezten naizen eta zorte bera daukadan. Hala ere, denbora beharko dut horretarako, oraindik ez bainago prest.

Beraz, etorkizunera begira, bideren bat aukeratu beharko bazenu, musikarena izango litzateke, ezta?
J.O. Dudarik gabe, bai. Eta gehiago sakonduta, musikarena eta haurren munduarena.  Udalekuak eta irakaskuntza izugarri gustatzen zaizkit, eta haurrekin lan egiteak zeharo txoratzen nau.
Bestetik, antzerkiaren mun­dua oso erakargarria iruditzen zait. Artearekin zerikusia duen guztia dut gustuko.

Musikaren jarraituz, talde bateko kide ere bazara
J.O. Bai, gu biok eta Ainara Ortegak Chacahiru izeneko taldea osatzen dugu. Hasiera batean, Sebastian eta biok osatzen genuen taldea eta orduan Chacarera doble zuen izena; baina orain Ainara Ortega gehitu zaigu eta Chacahiru taldea osatzen dugu. Oso pozik gaude taldearekin eta egiten ari garen lanarekin.

Zer dela eta izen hori?
S.U. Chaca chacarera hitzetik hartutako laburdura da. Ar­gentinako erritmo folkloriko baten izena da chacarera, be­raz, ideia hortik dijoa. Hiru, hitz berak esaten duen bezala, hiru garelako jarri genion. Bi hitz horien batura da Chaca­hiru. Hitz-joko bat besterik ez.

Bi  taldekide lehendabizi, hiru ondoren... nolakoa izan zen taldearen sorrera?
S.U. Joana Argentinan zegoenean, folklore argentinarra ikasten, batera jotzen hasi ginen; eta nahiz eta izenik ez izan, berehala hasi ginen talde bat bezala funtzionatzen. Hona iristean, konturatu ginen Argentinak eta Euskal Herriak lotura handia dutela. Argentinan adibidez, Ata­hulpa Yupanqui eta Raul Carnedo musikariak aiton euskaldunak zituzten eta hauek euskal-kantuak kanta­tzen zizkieten txikiak zirenean. Gainera, argentinako gune batzuetan ere euskal musika entzuteko aukera dago.
Hernanira iritsi bezain laister hiru musikari ginela ikusi eta zerbait egin behar genuela pentsatu genuen; gainera, el­karrekin bizi gara. Beraz, zerbait egiteko arrazoi haundiagoa. Hori dela eta, folklore ar­gentinarraren eta euskal-mu­sikaren arteko lotura bila­tzen hasi ginen, eta Chacahiru taldea sortzea erabaki genuen. Nahiz eta oraindik lotura hori bila­tzen jarraitu, talde bezala fun­tzionatzen jarraitzen dugu.

Zeintzuk dira Euskal Herriko eta Argentinako musikaren ezberdintasun nagusienak?
J.O. Erritmo aldetik ezberdintasun haundia dago. Hemen, Euskal Herrian adibidez zor­tzikoa daukagu, eta hemengo fandangoa eta arin-arina  erritmo zeharo desberdinak dira hango erritmoekin alderatzen baditugu. Argentinan ez dira  Euskal Herrian dauden erritmo gehienak eza­gutzen.
Hala ere, hemengo fandangotik sortu da, hango cueca izeneko musika-mota. Hori beste erritmo askorekin ere gertatu da; hau da, hemengo erritmoetatik beste batzuk sortu dira Argentinan. Dena den, nahiz eta desberdinak izan, orokorrean antza badaukate. Han dagoen arazoa da, Argentina oso zabala dela eta hango folklorearen barruan musika-mota asko daudela: indigenena, gauchoena...
Instrumentalki ere desberdintasun haundia dago bien artean. Hemen, Euskal Herrian akordeoia, panderoa eta trikitixa bezalako musika-tresnak ditugu; eta han berriz, bandoneioa daukate eta gitarra asko jotzen dute modu akustikoan. Musika bizitzeko era desberdinak dira, hala ere, gu  bi mutur horiek uztartzen saiatzen gara.

Bi erritmo horiek uztartzea beraz, ez da gauza erraza izan behar
J.O.  Bi erritmoak musika ba­tean uztartzen saiatzen gara. Sebastianek adibidez, hemengo fandangoarekin perkusioa jotzen du eta hango erritmoa gehitzen dio. Oraingoz, uztartu dugun guztia bat etortzen da, baina hori lortzeko denbora asko pasatzen dugu bat al datozen edo ez pentsatzen. Zortzikoarekin oraindik ez dugu proba egin, baina hori denborak esango du.

Abestiak zuek konposatzen dituzue ala beste musikarien obrak moldatzen dituzue?
S.U.  Moldaketak guk egiten ditugu, baina normalean beste musikarien obrak jo eta kantatzen ditugu. Hau da, hobeto esanda, beste musikarien kantak gure jotzeko erara molda­tzen ditugu. Beste batzuk ordea, diren bezala abestu eta jotzen ditugu.

Euskerak badu presentzia zuen abestietan ezta?
J.O. Bai, Xabier Lete, Mikel Laboa eta Joseba Tapiaren kanta batzuk abesten ditugu.  Gainera, euskal kantu eta doinuak oso gustuko ditugu hiruok. Hala ere, esan bezala, lanean ari gara bi erritmoak moldatzeko, gure musika erakargarriagoa izateko.

Asko entsaiatzen duzue ala entsegu gutxi behar dituzue elkar ulertzeko?
S.U.  Euskaldunei, orokorrean, kosta egiten zaie entsaia­tzea; gure taldean behintzat hori gertatzen da. Jotzeko data bat gerturatzen denean asko eta gogor entsaiatzen dugu; baina bestela, bakoitza bere kaxa ibiltzen da bere gauzak egiten.
Entsaioetan, normalean, segituan konektatzen dugu. Taldeko kide bakoitzak badaki zer eman dezakeen, beraz, alde horretatik ez dago kexa­tzeko arrazoirik. Gainera, etxean behintzat, beti gaude kantuan eta musika jo­tzen. Adibidez nik trikitixa jotzen dut, eta Joana kantuan hasten da, eta Ainara berdin. Alde horretatik abantaila haundia da Chacahiru talde osoa elkarrekin bizitzea.

Zein musika tresna uztartzen dituzue Chacahiru musika-taldean?
J.O. Normalean hiru musika-tresna erabiltzen ditugu. Nik pianoa jotzen dut; Sebas­tianek gitarra jotzen du, eta Ainarak biolina jotzen du, baina batez ere, kantatzen duena da bera. Guk berriz, koruak egiten dizkiogu. Perku­sioa ere badaukagu eta batzuetan Sebastianek gitarra utzi eta hau hartzen du. Panderoa ba­daukagu, baina normalean han­go bonbo leguero musika-tres­narekin txandakatzen dugu.

Beraz, Argentinako musika-tresnak uztartzen dituzue
S.U.  Nahi baino musika-tresna gutxiago uztartzen ditugu. Hernanira etorri nintzenean perkusio-joko osoa han utzi nuen ezin bainuen hegazkinean dena sartu. Gitarra eta poltsa ekarri nituen bakarrik. Hala ere, han perkusiorako musika-tresna asko ditut eta egunen batean guztiak ekar­tzea gustatuko litzaidake.

Folklore argentinarraz dakizun guztia Sebastianek irakatsi dizu ala musika-mota hau gertutik bizitzeko aukera izan duzu?
J.O. Sebastianek asko irakatsi dit, hausnarketa egiterako orduan batez ere. Hango musikari askotaz dakidana ere berari zor diot, hala ere, musika-mota hau aspaldidanik ezagutzen dut. Gainera, han bi urtez egoteak asko lagundu dit folklorearen in­gu­ruan egon zen  mugimendua ezagutzeko, eta abar. La­gun asko ditut  Necho­chean, Sebastianen herrian, eta hori oso baliagarria izan da.

Zaila izan al zen folklore argentinarra bezalako musika motara moldatzea?
J.O. Oso atsegina izan da beti. Folklorea ezagutu nuenean, hau jotzeko irrika izan nuen. Hasiera batean zamba izeneko musika estiloarekin hasi ni­ntzen; hala ere, nik erritmo biziagoak ikasi nahi nituen eta irakasleak cueca eta chacarera irakatsi zizkidan; txundituta geratu nintzen. Oso erritmo aberatsak dira. Dena den, gogorra egin zitzaidan hasiera batean, hemen pianoko doinuak erritmo klasikoan ikasi  nituen, eta hara joan, eta erritmo bizi horiek ikastea ez zen erraza izan. Baina esaten duten bezala, gustuko lanean aldaparik ez.

Argentinan jo duzue noizbait?
S.U.  Joana eta biok Argenti­nan jo izan dugu, Chacarera doble taldea osatzen genuenean. Ainararekin ordea ez, taldea Hernanin geundenean osatu baikenuen. Hala ere, ikaragarri gustatuko litzaiguke han hiruok jotzea; Bertako askok dute lotura estua Euskal Herriarekin, eta euskal-etxe ugari daude. Beraz, hara joaten bagara ez zaizkigu jotzeko lekuak faltako, baina lehenengo hemengo lana txukun egin behar dugu.

CD-rik kaleratzeko asmoa duzu ala soilik hobby bezala hartzen duzue musika egitearena?
J.O. Hobby-a baino gehiago da, honetan lana egitea gustatuko litzaiguke. Egia da, gaur egun dagoen krisiarekin oso zaila dagoela eta murrizketa asko daudela kultura arloan batez ere; beraz, musikaz bizitzea oso zaila da. CD-arena egunen batean gustora egingo genuke, baina orain  txukun samar maketa bat grabatzearekin eta jendearen artean ezagutzera ematearekin konformatzen gara.

Hernanin ezaguna da `Chacahiru´ taldeak egiten duen musika?
S.U. Joanaren familian bai, bestela ez. Euskaldun zatia ezaguna da herritarren artean baina folklore argentinarra ez du jende askok ezagutzen. Jendeak tangoarekin lotu ohi du Argentinako musika eta honek ez du zerikusirik.

Musika taldeei dagokionez, zer nolako maila ikusten duzue Hernanin?
J.O. Hernanin musikari asko dago. Alde batetik, euskal-musikan dultzaineroak , trikitilariak eta abar ditugu. Hernanin, txistu eta txalaparta lehiaketa askotan ari dira parte hartzen. Hernaniko musika-eskolan ere jende asko biltzen da, bai musika-tresna desberdinak jotzeko bai kantuan aritzeko ere, eta rock talde dexente daude. Maila polita dagoela esango nuke.

Etorkizunari begira, zein asmo dituzue?
S.U. Buruan daukagun ideietako bat Argentinara jotzera joatea da, baino printzipioz euskal herrian zehar jo nahiko  genuke. Izugarri gustatuko litzaiguke jendeak egiten duguna ezagutzea. Hori izango litzateke lehen pausoa eta hortik aurrera, herri ezberdinetan gure musika jotzea.

Musikari hasi berri bati zein aholku emango zeniokete?
J.O. Egin behar duen gauza bakarra, egiten duenarekin ondo pasatzea da, eta hortik etorriko da beste guztia. y
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!