Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Amaia Iraola eta Janire Garin:

Kronika - Erredakzioa 2010ko urr. 1a, 02:00

AMAIA Iraolak 23 urte ditu, eta Itzulpengintza eta Inter­pretazioa ikasten du Ga­s­teizen. Janire Garinek berriz, 20 urte ditu eta Atzerriko Hizkuntzan Irakaskuntza ikasketak amaitu ditu. Biek uniber­tsitateko ikasturte bat atzerriko herrialderen batean pasa­tzea pentsatu zuten, eta ‘Amerika Latina eta beste no­rakoak’ programaren ba­rruan, Filipinak aukeratu zi­tuzten 2009-2010 ikasturterako.

Nolatan aukeratu zenituzten Filipinak?
J.G.: Nora Fuentes hernaniarra laguna dut, eta bera ere Filipinetan izan zen lehengo urtean. Esperientzia izugarria izan zela esan zidan. Nire gelakide batzuek ere Filipinetara joatea erabaki zuten. Beraz, ni ere animatu egin nintzen!
A.I.: Niri ere Norak eman zidan bultzadatxo bat. Bestalde, Erasmus programaren bidez Milanen izana naiz, eta beraz, ezin dut berriro ere programa berean parte hartu. Horrez gain, ingelesa praktikatzeko aukera emango zidan herrialde bat nahi nuen.

Biak hernaniarrak izanda, elkarrekin joan zarete?
Biak: Ez ba! Ez genuen elkar ezagutzen. Bagenuen batak bestearen berri, baina Filipinetan egon arte ez genuen elkar ezagutu.
A.I.: Ingelesa praktikatu nahi nuenez, bakarrik joatea erabaki nuen, eta ikasle pisuan ere beste ikasle atzerritarrekin elkartu nintzen.
J.G.: Ni berriz, klaseko bost lagunekin joan nintzen, eta alokatu genuen etxea betetzeko beste bi ikasle frantsesekin elkartu ginen. Amaia eta biok berriz, Manilako portuan ezagutu genuen elkar; biak telefonoz hizketan ari ginela, topo noiz egingo ote genuen zain... Oso polita izan zen... erromantikoa! (barre egiten dute)

Nolako bizimodua aurkitu duzue bertan?
Ematen zaizkizuen bekak nahikoak al dira?
Biak: Hegaldia garestia izan daiteke (1.000 euro inguru), baina bizimodua oso merkea da. Eusko Jaurlaritzak, Kutxak eta EHUk eman dizkiguten dirulaguntzekin nahikoa da. Pentsa, etxearen alokairurako 500 euro nahikoa izan ditugu hilabete guztietarako; jan ere, ederki jan dugu etxetik kanpo euro baten trukean...
J.G.: Gainera, etxearen alokairuarekin batera garbitzailea kon­tratatzen da eta labadorarik ez dago etxeetan, garbigailu-lo­kaletara joan behar izaten da. Esango nuke ez dudala ikasi janaririk prestatzen, ez eta labadora jarri eta etxea txukuntzen ere!
Biak: Horrenbeste bidaia egin izan ez bagenu nahikoa izango genuen jasotako dirulaguntzekin bai!

Ondo moldatu al zarete ingelesa eta tagaloarekin?
Biak: Ez dugu arazo handirik izan. Ingelesaz gain, tagaloa da bertako hizkuntza ofiziala. Egia da, Manilatik irtenez gero, ingelesa dakitenak ez direla horrenbeste, gehiagok hitz egiten dute tagaloa edo honen dialektoren bat. Normalean, ingelesa dakien jendea, ikasitako jendea da. Baina azken batean, turista batzuekin moldatzeko adina ingeles dakite denek. Bestalde, Filipinak ko­lo­nia espainiarrak izan zirenez, hainbat dialektok gazteleraren kutsu nabaria dute. Guk ez diegu gehiegi ulertzen, baina beraiek as­kotan ulertu digute guri gazteleraz hitz egiterakoan. Kale, herri eta pertsonen izen-abizenak ere sarri ezagunak egin zaizkigu: Loyo­la, Legazpi, Rodriguez...

Unibertsitatetik kanpo nolako jendea topatu duzue?
A.I.: Oso jende atsegina, jatorra eta apala. Txikiak eta irribarre zabalekoak dira. Ezertxo ere ez izan arren, guztia eskaintzen dizute. Pobrezia dezente dago. Egia esan, muturreko pobrezia eta muturreko aberastasuna ikusi ditugu elkarren ondoan. Desberdintasun handia dago, hirian batez ere. Manilatik kanpo nekazariak edo arrantzale xumeak dira gehienak.
J.G.: Hala ere, segurtasun handiko hiria da Manila. Armatutako polizia eta segurtasun-langileak toki guztietan ikusi ditugu. Behin, diru-zorroa jantoki batean ahaztuta utzi eta taxia hartu nuenean, polizia atzetik etorri zitzaidan korrika, diru-zorroa itzuli nahian.
A.I.: Umeak ere oso jatorrak eta naturalak dira. Asko eskean ari­tzen dira supermerkatu eta denda sarreratan. Egunero, eta orduro, hantxe, toki berean. Azkenerako ezagutu egiten gintuzten, eta beraiekin jolasten amaitzen genuen. Ondoren, gailetak, coca-cola, edo litxarreriaren bat erosten genien, eta izugarri eskertzen ziguten.

Gabonak Filipinetan pasa zenituzten?
J.G.: Horretarako ere oso ´amerikartuta` daude. Urriaz geroztik, toki guztiak gabonetako pinu, argi-bolatxo eta Papa Noel-ez betetzen dituzte. Oso graziosoa izaten da gainera, Filipinetan uda garaian ospatzen baitituzte Gabonak!
A.I.: Unibertsitatean festatxo bat egin genuen. Ikasle bakoitzak bere herrialdeko zerbait erakutsi behar zuen. Guk Agurra dantzatu genuen beste bi euskaldunekin, eta ondoren, Janirek gitarra jo eta guk kantatu egin genuen. .
J.G.: Ertzainak-en Aitormena hain zuzen, eta jende guztia harrituta! Ondoren, Amaia bi­dai­­atzera joan zen, eta nik ama eta izebaren bisita jaso nuen. eta hondartzan izan ginen. A.I.: Nik Tailandia eta Kanboian barrena bidaia­tzeko aprobetxatu nuen.

Ongi da, eman inbidia pixka bat egin dituzuen bidaia guztiekin!
Biak: Ez gara gaiztoak izango... Edo agian pixkatxo bat! Egia esan toki askotan izan gara!
A.I.: Baina 7.000 irla baino gehiago daude eta ezinezkoa da denak ezagutzea!
J.G.: Amaia ni baino gehiago mugitu da; nik itzuli egin beharko dut! Biak: Boracay, Palawan, Bohol, La Union, Sagada, Banaue, Legaspi, Coron eta Negros irlak bisitatu genituen besteak beste. Banauen ´arroz terrazak` ikusi genituen UNESCOk Mundua­ren Ondare izendatu dituenak. Legaspin berriz, snorkellinga praktikatu genuen, hau da, ur-azpira sartu gabe, ur-gainean ibiltzea betaurreko eta arnasketarako tutuarekin. Bertan ´bale-marrazo` deritzanarekin bainatu ginen! Izugarrizko piztia puska zen!
A.I.: Baina bere ondoan bainatzerakoan, bere mugimendu lasai ikusita, erlaxatu egiten zara...
J.G.: Ederki kosta zitzaigun ba, uretan sartzeko zu konbentzitzea!

Zein inpresiorekin geratu zarete?
A.I.: Bertan ezagututako jendea dut gogoan. Tokiei dagokienez, Boracay ez beste toki guztiak nahiago ditut. Azken batean, Boracay da turistikoena. Hala ere, ez duzu jendea gainean sumatzen, orokorrean, esplotatu gabeko irlak dira.
J.G.: Esperientzia zoragarria izan da eta ez nuke aukera­tzen jakingo.
A.I.: Orain berriz, Gasteizera itzuli behar...

«Ikasleak unibertsitaterako bizi dira, literalki»

Bidaiak egin dituzuela badakigu baina... zuek ez al zineten ikastera joan?
Biak: Manilako Ateneo Unibertsitatean aritu gara, unibertsitate pribatu batean. Bertara joaten ziren ikasle filipinarrak familia aberatsetakoak ziren; asko limusinan joaten ziren klasera! Bestalde, kutsu amerikar handiko unibertsitatea da. Ikasleak unibertsitatearen­tzako bizi dira, literalki. Talde edo elkarte asko izaten dituzte unibertsitatearen inguruan antolaturik, eta guztia bertan egiten dute; dela antzerkia, saskibaloia edota gitarra ikastea. Adin aldetik, oso gazterik sartzen dira unibertsitatean, 16 urterekin. ´Graduatu-aurreko` ikasleak izaten dira lehen bi urtetan gutxi gora-behera. Ondoren, guk unibertsitatean sartzeko izaten dugun adinarekin, ´graduatuak` deitzen zaie. Baina atzerriko ikasleok ´graduatu-aurreko` maila horretan sar­tzen gara. Hortaz, nabarmena izaten da adin alde hori. Oso jende jatorra dira, baina oso lotsatiak. Zail xamarra egin zaigu klaseko filipinarrekin erlazionatzea, errazagoa izan da kalean, ´giri` gisa hartzen gintuzten eta. Gelakideekin parrandaren bat edo irteeraren bat egin nahi izan dugunean ere, lotsaz gain traba gehiago izan ditugu: gurasoen baimena eskatu behar izaten zuten! Hori dela eta, nahiko itxiak dira beren herrialdetik irteterakoan. Ez dituzte Erasmus edo antzeko programak asko erabiltzen, eta gehienetan Asiara jotzen dute, Japoniara. Zein erlijiosoak diren ere harrigarria da! Egunero, klasea hasi baino lehen, errezatu egiten dute. Guri ere tokatu zaigu gelakide guztien aurrean otoi egitea! Uniber­tsitatetik kanpo ere, auzo eta kale guztietan dago Elizaren bat, eta igandero guzti-guztiak lepo betetzen dira! Bestalde, Filipinetako ereserkia ere ia egunero entzuten dute. Momentu horretan guztia gelditu egiten da. Ezin zara mugitu, ezin duzu jan edo hitz egin... Ereserkia bukatu bezain laster berriz, ezer gertatu izan ez balitz bezala, guztiek lehengoarekin jarraitzen dute. Klaseak emateko moduan berriz, Bolognako plana barneratua dutela nabaritu dugu. Eguneroko lana da gehien baloratzen dena, eta azterketa gutxi egiten dira. Asistentziari izugarrizko garrantzia ematen diote, derrigorrezkoa da. Baina egia esan, hizkuntzaren aldetik izan ditzakegun zailtasunak kontuan hartu dituzte, eta errez gainditu dugu guztia.
A.I.: Niri hala ere, errazagoa egin zitzaidan Milanen gainditzea.
J.G.: Bai zera! Izugarri nota onak atera ditugu eta!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!