Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] UNAI SANTAMARIA:

Kronika - Erredakzioa 2010ko ira. 25a, 02:00

Olaztiko plazatik goizeko 10:00etan abiatuko dira 700 bat korrikalari, zein baino zein, Euskadiko Kopako az­ken proba puntuagarrian. Unai Santamaria hernaniarra tartean izango da, sailkapenean bigarren dijoana, eta lehenengo hiru postuetako bati eutsi nahi diona, «ahal bada, lehenengoa noski». Joanjo Igar­­tzabal eta Jesus Martin ditu aurkari gogorrenak; San­tamariak 255 puntu ditu, eta Igartzabal aurretik dauka, 6 puntura; eta Martin atzetik, 4ra. Santamariak irabazi nahi badu, Igartzabal baino bi postu lehenago sartu beharko du, gutxienez. Justu dago kon­tua, beraz.

Gustoko lasterketa al duzu gaurkoa?
Bai. Neri karrera azkarrak ko­meni zaizkit, eta gaurkoa ha­lakoa da. Lehenengo igoera 5 kilometrokoa da, gogorra, 700 metro igotzen dira kolpera. Hortik aurrera zelai-xamarra da. Urbasako gainean egingo ditugu kilometro gehien, eta denak korrika egiteko modukoak dira. Jaitsiera motza du; nik luzeagoa nahiago nuen.

Hiru lehenengoak korapilo batean zaudete...
Igartzabal eta Martin ezagu­tzen ditut, eta ezagutzen nau­te. Hirurak gara karrera azkar zaleak, dohai berdintsuak di­tugu, eta batera xamar ibiltzeko arriskua izango da; lehia polita izan liteke gaurkoa.

Aurreko bi lasterketetan 5garren eta 6garren postuak lortu dituzu.
Berez, 4 proba puntuagarri dira Euskadiko Kopan, baina hiru puntuazio onenak har­tzen zaizkio kontuan korrikalari bakoitzari. Horregatik, nik hiru proba bakarrik egingo ditut, bestela asko nekatzeko arriskua izan litekeelako. Nik Zornotzan (Aramotz) 6ga­­rren egin nuen, eta Oroz­kon 5garren. Orozkon okerrago ibili nintzen Martin baino, eta Aramotzen hobeto. Igar­tza­­bal biak baino hobeto ibili zen Aramotzen. Nere beldurra da, nekatu xamar iritsi ote naizen azken probara. Azken entrenamenduan sentsazio hori izan nuen. Bi egun deskantsurako hartu ditut, eta ea gaur bizi ateratzen naizen.

Nola entrenatzen da Unai Santamaria?
Astean lau bat entrenamendu egiten ditut. Bi egunetan se­rieak, eta beste bitan mendia. Astez, egun batean 1.000 edo 2.000 metroko serieak, 3:20-3:30eko erritmoan, gutxi gora behera. Serie horiek zelaiean egiten ditut, 1.000-ko hamar serie, edo 2.000-ko bost. Serie mo­tzak egiten ditut beste batean, 200 metrokoak, aldapa sartuta. Asteburuan, mendian entrenatzen naiz, egun batean lasaiago, 15 km inguru. Eta hurrengoan gogor, 20-25 km inguru. Inguru honetan ibiltzen naiz, Elorrabi inguruan, edo Xoxoka aldean, gehiegi urrutiratu gabe.

Aurtengo denboraldia ona al dijoa? Zein ziren zure helburuak aurten?
Euskadiko Kopa eta Lakun­tza­ko lasterketa nituen bu­ru­an. Oso gustora nago denboraldiarekin. Abenduan entrenatzen hasi, martxoan asfaltoan probatu, uztailean atseden hartu, eta orain azken esprinean ari naiz.

Lakuntzakoa irabazi egin zenuen... Atzetik aurrera joan zinen...
Kontatuiguzu karrera nola joan zen. Karrera atzetik hasi nuen. Aurten kriston lainoa zegoen. Aurrekoak ikusten nituen, justu-justu, 40 segundutara edo horrela. Igoeran bi nituen aurretik: Juango Igartzabal bera, eta Angel Arrieta. La­kun­tzatik Guarda Etxera, eta handik Irumugarrietara igo ginen. 40 segunduko aldea atera­tzen zidaten. Jaitsieran, galduta ibili nintzen, lainoagatik. Eta nerbioso jarri nin­tzen, karrera bazijoakidala ikusten nuen. Atzetik etorri zitzaidan han bertako beste bat, Ander Unzurrunzaga, eta esan zidan: «-Etorri nerekin». Harekin jaitsi nintzen, lainotatik atera ginen, eta esan zidan: «-Benga, segi aurrera». Minutu inguru galdu nuen. Eta batek esan zidan, «hor dauzkazu, 1,20 segundura!». 3 km-ra bat harrapatu nuen, eta berehalaxe bestea.

Aipatuko zenituzkeen lasterketa gehiago?
Camille Extreme egin nuen, Zegama-Aizkorrikoa ere bai; bietan asko sufritu dut, ez ditudalako prestatu. Bestela, aipatzeko azkena Sorginen Lasterketa, elkarrekin sartu ginen Zigor Iturrieta eta biok, 3garren postuan. Orreaga-Zubiri lasterketa ere egin nahiko nuke; eta denboraldia bukatzeko, Donos­tia­ko Maratoia, asfaltoan.

2010EKO EMAITZAK
Mendi Lasterketak
1go Lakuntza-Aralarren (28 km)
3garren Sorginen lasterketan (25 km)
6garren Izarraitz-en (30 km)
Euskadiko Kopa
5garren Orozko-Haranan (24 km)
6garren Aramotz-en (30 km) Bestelakoak
1go Bertizaranan (7 km)
3garren Aginagan (12 km)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!