Nadine Dumon-ek (Belgika 1922), 18 urte zituen, Bigarren Mundu Gerra hasi zenean. Comete Sarea sortu zutenetako bat izan zen, Andree De Jongh-Dédée-rekin, eta beste batzuekin batera. Alemaniak Polonia, Belgika, Frantzia eta ia Europa osoa hartu zituen indarrez, eta aliatuek erresistentzia antolatu zuten, ahal zuten moduan. Tartean, Comete Sarea sortu zuten aliatuen abiadoreak Belgikatik Gibraltarreraino izkutuan eramaten zituena. Abiadore horiek tropa Alemanen kontrako misioak zituzten, eta tartean, asko, Alemanek bota egiten zituzten. Bizirik ateratzen zirenak, ospa egin beharra zeukaten, Alemanek harrapatzerik nahi ez bazuten. Abiadore horiei aldegiten laguntzeko, Europan 20 sare inguru sortu ziren; Comete Sarea horietako bat, hain zuzen ere.
Comete Sarearen bidez, 800 pilotu aliatu pasa zituzten mugaz beste aldera.
Zein egoeratan sortu zenuten Comete Sarea?
Nadine: Lehenengo eman zitzaion izena Postman zen, postalaria. Gerra bukatu eta gero jarri zioten Comete izena, oso linea azkarra zelako. Nik 18 urte nituen orduan. Gerra hasia zen eta gosea sentitzen hasiak ginen. Nik zerbait egin nahi nuen. Lehenengo ekintza, egunkaria hartu, V batzuk egin (victoria), eta kalean bota nituen. Sei hilabetera ere paper horien arrastoak jarraitzen zuten.
Gure aita sendagilea zen, eta soldaduak sendatzen zituen, askotan ingelesak, eta Ingalaterrara bueltatzen laguntzen zien. Bestela, sendatu eta kanpoan utzitakoan, Alemaniara bidaltzen zituzten. Modu bat egin nahi genuen, piloto horiek Ingalaterrara bueltatzeko, berriro Alemaniaren kontra borrokatzeko.
Ama enfermera nuen, etxez etxe ibiltzen zena gaixoak sendatzen. Behin, etxe batean ingelesa entzun zuela kontatu zuen, eta laguntza beharko zutela. Orduan, inguruko batek esan zion, ezagutzen zuela pertsona bat prest egongo zena haiei laguntzeko. Gizon hori, De Jongh jauna zen. Une horretan, ia lau ginen: gure aita, ama, ni eta De Jongh jauna. De Jongh jaunak asko lagundu zion aitari.
Nik Bruselasetik Pariserako bitartekaria izan nahi nuen, eta hala esaten nion aitari. Bazen aita baino goragoko bat, emakumerik nahi ez zuena. Baina azkenean lortu nuen.
Pariserako lehen bidaia ondo gogoratzen dut oraindik.
Nolakoa izan zen?
Cometeko informazioa zapata kaja batean sartu nuen, eta beste poltsa batean nere arropa. Treneko pasiloan jarri nintzen, txutik. Alemanen trena zen. Aleman ofizialak etorri ziren, eta esan zidaten frantses perfekto batean: «Emakumea, hemen lekua daukazu-eta». Eta beraien departamenduan eseri behar izan nuen. Nik zapata kaja neukan Cometeko informazioarekin, eta goiko apalean utzi nuen, eta haien ondoan eseri. Alemanak beraien artean hizketan ari ziren. Ez genuen elkarrekin hitzik egin.
Interbentoreak atea ireki zuen, eta galdetu: «ezer baduzu deklaratzeko?». Eta nik, «ez, ez dut ezer». Eta alemanek: «Bai, hor poltsa bat baduzu». Nik baietz, eta poltsa hartu eta departamendutik pasilora atera nintzen, eta atea itxi. Poltsa erakutsi eta zapata-kaja hanketan hartu nuen. Berak galdetu egin zidan: «eta kajan zer duzu?». Nik baju-baju: «paperak». «Ze paper klase?», «beste alderako paperak» (Frantziako zati bat okupatua zen, eta beste aldea librea). «Bale ondo da» erantzun zidan. Zorte izugarria izan nuen, interbentore hura tokatu zitzaidalako.
Zein gehiago aritu zen Comete Sarean?
Hasieran gutxi ginen. Zaila zen jakitea zeinengan izan konfiantza. Hurbileko jendea zen dena; lagunak, lagunen lagunak... Garrantzitsuenetakoa Dédée izan zen, Dédée De Jongh, Frederic De Jongh-en alaba. Hura zen Comete Sarearen hegoaldeko arduraduna, Pirineoak gurutzatzen zituen zatiko arduraduna, Florentino Goikoetxearekin hark zuen harremana.
Zuk ezagutu zenuen Florentino?
Orduan ez. Dédéek esan zidan, behin, berarekin bide hura egin behar nuela, Pirineoak pasako genituela, badaezpada bidea ezagutzeko, bera harrapatzen bazuten ere. Florentino ezagutu baino bi egun lehenago, ni atxilotu ninduten.
Atxilotu egin zintuzten, Gestaporen eskuetara pasa, eta kontzentrazio zelai batera eraman zintuzten.
Leku pila batean egon nintzen, batzuk hobeak eta besteak txarragoak. Azkena, Mauthaussengo kontzentrazio zelaia. Hara animalien tren batean eraman gintuzten. 4 egun eta 5 gau, urik gabe eta ogi puska txiki batekin. Gaixotu egin nintzen. Handik oinez eraman gintuzten kontzentrazio zelairaino. Elurretan, bosteko filatan jarrita... ahul nengoen, ezin nuen arnasarik ere hartu. Horietako batean, ofizialei esan nien, lurrera bota eta tiro bat emateko, dena bukatu zedin. Momentu horretan entzun nuen nire buruan ahots bat, nire aitari hizketan: «Dumon doktorea, zure alaba bidean hil da». Ezin izan nuen hori jasan, eta aurrera egin nuen.
Askatu zintuzteten arte...
Ez dut inoiz ahaztuko. Kontzentrazio zelaia bailara polit batean zegoen. Ez geneukan ez urik ez elektrizitaterik, eta ogi puska txiki bat egun guztirako. Jende asko gaixotu zen eta hil zen.
Egun batean jaiki ginen, eta zerbait arraroa sumatu genuen. Soldaduek ez zuten su-armarik; labanak bakarrik zituzten. Zelai haundi batera eraman gintuzten, futbol zelai baten tamaina zuen. Ez genekien zer gertatuko zen. Han egon ginen. Bat-batean, gurutze gorriko hiru furgoneta azaldu ziren. Batzuk saltoka hasi ziren, besteak garraxika, negarrez. Gogoratzen naizenean malkoak ateratzen zaizkit. Gurutze Gorrikoak soldadu kanadiarrak ziren. Kanadiarrek Alemanei esan zieten, emateko euren ogia guri, ogi zuria, ez ogi beltza.
Hor ez zen dena bukatu. Hortik Suizara joan ginen. Han, justu, Alemanek karabanako azken kamioia geldiarazi zuten, besteek aurrera. Emakume haundi batek, salto egin eta karabanan aurrera korrika egin zuen, eta abisua pasa zien kanadiarrei, etortzeko atzera. Kanadiarrek atzeratu zituzten alemanak. Alemanek denak hil nahi gintuzten. Ez zuten testigurik utzi nahi.