ESTITXU NEIRA
Noiz hasi zinen arraunean eta zerk bultzatu zintuen?
Duela urte eta erdi hasi nintzen arraunean Hernanin. Bateletan ibili naiz urte eta erdi honetan, eta aurten Hernanin bateletan entrenatzen jarraitu dudan arren, San Juan arraun elkartean traineruan hasi naiz.
Egia esanda, nire hasiera oso berezia izan zen. Betidanik urari beldurra diot: baina, nire gelako bat Hernanin zebilen arraunean, eta konbentzitzen saiatu zen denbora batean; azkenean, proba egin eta izugarri gustatu zitzaidan.
Lehen Hernanin aritzen zinen, zutaz gain beste neskarik ba
al zegon?
Hasieran, Hernanin laguna eta biok ginen neska bakarrak. Gainontzekoak mutilak ziren. Baina, gure koadrilako beste hiru neska konbentzitu genituen, eta gure botea osatu genuen. Orduan, bostak elkarrekin entrenatzen hasi ginen, eta mutilak euren aldetik.
Arrauna kirol gogorra da, zer
nolako sakrifizioak eskatzen ditu?
Sakrifiziorik haundiena denbora asko eskaini behar zaiola da. Astean sei egunetan entrenatzen dugu. Hauetatik bost egunetan traineruarekin, eta egun batean korrika. Eta, denboraldian estropadak ere ditugu, noski. Horretaz gain, urtean mantendu beharreko dieta bat jarraitzen dugu, eta estropada eguneko beste dieta berezi bat ere.
Onartzen dut leher eginda nagoenean, estropadetan momentu batean pentsatzen dudala ea nork esango zidan niri arraunean hasteko, baina berehala ahazten dut neke hori, eta disfrutatzen jarraitzen dut.
Nesken kasuan arrauna are sakrifikatuagoa dela uste duzu?
Egia esanda, trainerua neskentzat haundia da, mutilen neurrira eginda baitago. Horrek dezente zailtzen du estropada. Bestela, nire ustez sakrifizioak biek egin behar ditugu maila berean.
Une honetan nola ikusten
duzu emakumezkoen arrauna? Indartzen joango dela uste duzu?
Geroz eta indartsuago ikusten dut emakumezkoen arrauna, geroz eta neska gehiago ausartzen dira probatzera eta asko pozten nau hori hala dela ikusteak. Urte batean soilik, emandako gorakada oso nabaria da; joan den urtean Gipuzkoan hiru traineru zeuden, eta aurten jada bost gara: Hondarribia, Getaria-Tolosa, Zumaia, Zarautz eta San Juan.
Neskak bultzatuko zenituzke arraunean hasteko?
Zer esango zenieke?
Bai noski. Trainerua aurrera doanean, balio duzula ikusten duzunean sentitzen dudan sentsazioa zoragarria da, ni guztiz asebetetzen nau. Gainera, oso teknikoa denez, zu eta zure beste hamabi kideak une berean gauza bera egiten ikustea oso polita da.
Zer da ematen dizun gauzarik garrantzitsuena?
Eta kentzen dizuna?
Arraunak osasuna ematen dit. Gau eta egun nabil arraunean pentsatzen. Zerbait berezia da barruan sentitzen dudana. Sentsazio horrek eta baita bertako giroak guztiz betetzen nau.
Kentzen didana denbora da; baina antolatzen jakitea da kontua. Klasetik atera eta entrenatzen hasi aurretik egunero 4 edo 5 ordu ditut tartean. Nire lagunak harritzen dira ez naizelako parrandan ibiltzen, baina ez dut beharrik, nahikoa dut buelta txiki bat ematearekin. Arraunean pentsatzen dut, estropadetan… eta hori da benetan erakartzen nauena.
Luzaroan jarraitzeko gogoa duzu? Noraino iristea gustatuko litzaizuke?
Bai, urte askotan jarraitu nahiko nuke. Edozein arraunlarirena bezala, nire ametsa ere, Kontxako Bandera da.