Aldez aurretik suerta litezkeen arazoak
aurreikusi eta guztia prest edukitzea
gomendagarria izaten da. Azken momentuko sustoak ezin izaten dira saihestu ordea. Furgonetak matxura txikiren bat zuela eta, zertxobait atzeratu du Xabier Solanok Kronikarekin hitzordua. Ez daitezela Esne Beltzaren egarriz dauden jarraitzaileak zain egon gero!
Kontzertuz kontzertu dabil Esne Beltza. Ezin esan musikaz bizitzea zaila denik!
Musikaz bizitzea posible da bai, baina ez kontzertuekin soilik! Taldekide guztiok dugu beste ogibide bat eta hobe horrela. Bestela, Esne Beltza lana bihurtuz gero, kontzertuak lortzeko behar horrekin biziko ginateke, eta ez genuke horren ondo pasako. Hala, ondo pasatzeko eta bidaiatzeko askatasuna dugu, izugarri gustatzen zaigu eta.
Musika beltza, zuriek egina...
Esne Beltzaren lehen diskoa gehiago zen horrelakoa bai. Baina bigarren disko honetan, Noa-n, musika beltzaz gain badago, esaterako, countrya. Edozein estilo aurki daiteke. Kultura anitzeko lagun taldea gara. Gainera, ez dugu entzuteko musika soilik egiten. Ikusteko ere bada. Kontzertuetara dantzaria eramaten dugu eta ikuskizun bat antolatzen dugu.
Hala ere, musikak aldarrikatzeko balio duela uste dugu. Behin zertxobait ezagun egitea lortzen duen talde batek aprobetxatu eta apustua egin behar du. Zer esanik ez, bizi garen tokian bizita.
Nola iritsi da trikitilari bat horren musika estilo desberdinetara?
Hasteko, ez nuke esango trikitilaria naizenik. Trikitilaria gehiago da soinu txikia eta panderoarekin aritzen dena. Nik trikitixa, soinu txikia jotzen dut, baina edozein estilotan. Gainera, beste instrumentu batzuk ere jotzen ditut, hala nola, gitarra, baxua edota bateria. Izatekotan musikaria naiz.
Hala ere, trikitixarekin beste instrumentu batzuekin baino erosoago sentitzen naiz. Bederatzi urterekin hasi nintzen Billabonan trikitixa ikasten, zer zen ere ez nekiela. Aitari gustua egiteagatik hasi nintzen, eta azkenean neronek hartu nion gustua.
Hortik aurrera, milaka estilotan probatu dut. Etzakit-en trikitixa zen nagusi; 4 Itzal-en berriz, albo batera utzi eta rock-a landu genuen gehiago... Fermin Muguruzak trikitixari berriro heltzeko bultzada eman zidan, eta beste estilo batzuk erakutsi zizkidan. Azken batean, zuzenekoa gustatzen zait, eta jendaurrean jo eta abesteko trikitixa egiten zait erosoen.
Talde eta estilo askotan ibili zara, baina Etzakit-ekin sortu ziren lehen doinuak.
Gure gazte denborak! Esanahi handikoa da Etzakit guretzat. Lagunen arteko kontua izan zen hura ere. Elkartzen hasi eta bat-batean Euskal Herri osoan zabaldu zen gure musika. Gero, Argentinan, New Yorken... ere ibili ginen. Oso gazterik harrapatu gintuen hark guztiak; 16 urte besterik ez nituen! Kristorena izan zen!
Esne Beltzan orduko hiru aritzen gara eta oraindik ere, hainbat herritara jotzera joaten garenean jendea Etzakit-ekin oroitzen da; poza ematen du. Tristura gutxi eman dizkit musikak! Etzakit-ek zerikusi handia izan du oraindik musikarekin jarrai dezadan.
Etzakit hasierako indarra izan zen; Muguruza jarraitzeko bultzada?
Fermin Muguruzak trikitixa berriro hartzera bultzatu ninduen, alde batetik. Eta bestetik, ezagutzen ez nituen musika estilo batzuk dastatzeko aukera eman zidan. Gaur egun musika desberdina egiteaz gain, estilo eta toki askotako musika entzuten eta gozatzen ere ikasi dut.
Berak deituta Kontrabanda Tour-ean hartu nuen parte eta utzi xamar nuen trikitixari heldu nion. Hortik aurrera, talde gehiago etorri ziren. The Solanos sortu nuen Kontrabanda Tour-ean ezagututako hainbatekin. Gero berriz, Ferminekin Jamaikan izan nintzen hilabetez, eta zerbait berria egiteko gogoarekin itzuli nintzen. Berarekin ikasi nuen reggae, ska... bezalako musikarekin gozatzen. Beraz, urteetan ezagututako jendearekin elkartu eta Esne Beltza sortu genuen.
Esne Beltzaz gain, ba al duzu proiektu berririk buruan?
Oraingoz Esne Beltza-rekin oso eroso nago. Gainera, sei hilabetetan bi disko atera ditugu eta orain kontzertuz lepo gabiltza. Horregatik, urtebete ´ezer` egin gabe pasatzeko asmoa dugu, nork bere lanarekin, familiarekin... jarraitzeko. Baina eskuetatik zertxobait alde egin digula esango nuke. Izan ere, deskantsu hori uda ondorenean hartzeko asmoa genuen, eta dagoeneko, abendura arteko asteburu guztiak kontzertuekin beteak ditugu!
Bestalde, proiektutxoren bat ere badabilkit buruan. Garai bateko trikitixa molde eta doinu zaharrei begira Esne Zopak lana argitaratu nuen lehengo urte bukaeran, eta agian, lan horren bigarren zati bati ekingo diot... Ikusiko da!