Ibilbide luzea egin duzu ETBn, ia oraintxe arte.
Kazetaritza ikasten ari nintzela, praktiketan hasi nintzen Euskadi Irratian eta Radio Euskadin. Segituan albistegietan hasi nintzen, eta ondoren, ia bi urtez, Estepan Aldamiz Etxeberriarekin aritu nintzen.
Gero, Pausoka ekoizte etxean Goenkaleko produkzioan egin nuen lan, adibidez. Ikusgela saioan jarraitu nuen, 7 urtez. Denetik ikasi nuen bertan, eta oso esperientzia interesgarria izan zen. Gazte ikuspuntua genuen oinarri eta Euskal Herriko txoko guztiak ezagutzeko aukera izan nuen. Handik Sut&Blai saiora egin nuen salto. Antzekoa zen, gazte ikuspuntua zuen oinarri, baina guk, lan-talde txikian, sortutako lana izan zen.
Aldaketarako aukera Andoni Aizpururekin etorri zen. Horrelakoa da bizitza saioan hasi nintzen eta oso esperientzia polita izan zen. Zuzenekoan lan egiten ikasi nuen, eta tentsio hori gustatu egin zitzaidan, bere xarma du. Askotan audientziek agintzen dute ordea...
Orduan sortu al zitzaizun 11
telebistara salto egiteko aukera?
Lehenago ere banuen proiektuaren berri, baina orduan, lagun baten bidez, musu-truk bazen ere, lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan. Nik interesa nuen, benetako proiektua zela sinesten nuen; gure herri honek behar zuen telebista eredua zela sinesten nuen.
Horrela, Bilbon hasteko aukera eman zidaten. Elkarrizketa egitera joatean ikusi nuen hura nire txokoa izango zela, nire irizpidearekin bat zetorren proiektua zela. Bilbora joan behar horrek botatzen ninduen atzera zertxobait, baina banekien Donostiara ere zabalduko zela, eta telebista baten sorreran parte hartzea zoragarria izango zela pentsatu nuen.
ETBn hamaika urtez aritu
ondoren, haundia izan al zen
11 telebistarako aldaketa?
Oso haundia, baina hasieratik oso gustura aritu naiz. Etxean sentitzen naiz bertan. Lan-taldea txikia gara, baina talde gazte eta tinkoa, irizpide berekoa eta proiektuarekin oso bat egina dagoena.
Bestalde, erredakzio-buru izatea ere txoke haundia izan da. Normalean esanekoa izan naiz beti; esan zer eta nik egin. Baina orain nik gobernatu behar guztia! Pentsa, urte eta erdi honetan, nire 32 urtetan maila guztietan ikasitako baino gehiago ikasi dut.
Hurrengo aldaketa, Bilbotik Donostiarakoa izan da.
Hasieran Bilbon hasteak ez zidan grazia haundirik egiten. Baina euskararen aldetik zentzu haundiagoa zuen proiektua bertan hasteak, eta azkenerako, oso gustura egon naiz, Donostiatik joan behar horrekin penetan! Bai lanerako eta baita bizitzeko ere, Bilbo asko gustatzen zait. Baita parrandarako ere! Oso giro ederra dago! Gainera, oso pozgarria da euskara nire ikasle garaietan baino gehiago entzutea.
Hala ere, Donostiara oso gustura etorri naiz. Zuzendaritza eman didate, eta oraindik ere lan-talde txikiagoa topatu dut bertan. Baina gogor ari gara lanean.
Proiektuak arrakasta du hortaz.
Arrakasta hitzak beldurra ematen dit, baina ari gara bai. Orain urte eta erdi jendeak ez zekien zer zen 11 proiektua. Orain salto haundia eman dugu, eta jendeak ezagutzen gaitu. Ikusi egiten gaitu eta horrek errespetua ematen digu.
Jendeak beste telebista eredu bat nahi du, eta ari gara, baina denbora behar dugu. Guk telebista herritarra eta hiritarra egiten dugu, parte hartzailea eta inolako mugarik gabe denon ahotsa izatera heldu nahi duena. Noski, euskalduna eta euskaltzalea ere badena.
Sarea zabaltzen ari zarete
oraindik?
Gure sarea zabaltzeaz gain, tokiko telebistekin ere hitzarmenak lortzen ari gara. Horrela, denon arteko esfortzua batu eta programazio irekiago bat lortzen baitugu.
Bide batez, gogorarazi nahi nuke nahi duenak akzioak erosteko aukera baduela, guztientzako aukera irekia dela... (barre egiten du)
Orain berriz, udan, ´oporretara` joango gara, baina irailean programazio eta eskaintza berriarekin itzuliko gara, energiaz tope!.
NOLA SINTONIZATU HAMAIKA TELEBISTA?
3 aukera daude:1) LTD antena komunitatean edukita Hala ere arazoak dituzula? Antenistari eskatu komunitateko antenan telebista lokalak ikusteko anplifikadore txikia jar dezan.
2) Euskaltel-en bidez Gipuzkoan, linea basikoa duenak dekodifikadorea erosi behar du. Laster Donostialdean irekiera izango da.
3) Internet bidez www.hamaika.tv