Plenoak baiezkoa eman dio Arau Subsidiarioen testu bateratu berrikusiaren hasierako onarpenari. Nolakoa izan da prozesua?
Hamabi urte daramazkigu hau tramitatzen. Aurreko araua indarrean izan zen 1996ra arte, eta hortik aurrera erabaki zen errebisio bat hastea. Orduan hasi ziren lantzen, baina agintaldia aldatu egin zen 1999an eta agintaldi berrikoek aurreko dokumentua eskasa zela adierazi zuten, inongo helbururik gabekoa. Gure ustez, 1999tik aurrera egon zirenek egindako lana kristorena izan zen.
Baina 2003an berriz, agintaldia aldatu zen, eta aurrekoek ordura arte egindako lana kajoian sartu zuten, eta zerotik hasi ziren. Lan horrek 2007ra arte eraman zien. Urte horretan hauteskundeak izan ziren; hain zuzen, maiatzaren 27an. Eta ekainaren 12an Diputazioak lan hori onartu zuen, baina baldintza askorekin. 18 alor bertan behera utzi zituen. Berez, hainbeste baldintzekin ez zuten onartu behar, baina politika politika da.
Eta hori da guk aurkitu dugun egoera. Diputazioak guri agindu digu dokumentuari koherentzia emateko, hainbat moldaketa eginez. Eta departamendu ezberdinetako txostenetara egokituta, lan bateratu bat egin da. Beraz, hau da 12 urteko prozesuaren amaiera: testu bateratua.
Zein modutan eman diozue koherentzia dokumentuari?
Laburbilduz, guk egin duguna da Diputazioak eskatzen duen egokitzapena, eta aldaketa berri batzuk ere sartu ditugu. Baita ere etorkizunean izan daitezkeen arazoie aurre hartzeko, helburu zehatzak markatu ditugu. Esaterako, Lur Zoruaren lege berria onartu zen Gasteizen, eta hori kontuan hartu dugu Arau Subsidiarioetan. Kontuan izan behar da Arau Subsidiarioak lau urte hauetako erabakirik garrantzitsuena direla; izan ere, bertan erabakitzen da 8-10 urteetan herriak izango duen antolamendua eta bidaia aprobetxatu nahi izan dugu dena ondo egiteko.
Eta aipatutako helburu horiek sakonduz, zeintzuk izan dira garrantzitsuenak?
Gure helburuetako bat da gaur egun eraikita dagoen eremu horretako potentzialitate guztia aprobetxatzea, landa eremu berriak okupatzen hasi aurretik. Guk lortu dugu aurrekoek aurreikusten zuten etxebizitza kopurua murriztea, eta leku gutxiago okupatzea.
Horrez gain, etxebizitza eta industriaren arteko bateragarritasuna bilatu dugu. Hau da, konpatibleak diren erabilpenak uztartzea ez da txarra. Esaterako, Floridan AMR kentzea normala da, enpresa kutsakorra baita. Baina tailer batzuk zergatik kendu, ez badute kalterik eragiten? Urumea inguruari dagokionez, guk askoz gutxiago okupatuko dugu, beraiek guztia okupatzea proposatzen zuten.
Galarretako gune estrategikoaren sorreran berriz, etxebizitzak ateratzea erabaki dugu, eta beste estatus bat duen industria jarri dugu.
Babestutako landa eremuei zehaztapen haundiagoa eman diegu, eremu guztiak ez baitira berdinak, eta bakoitzarentzat araudi ezberdina egon behar du, eta ez aurrekoan bezala, orokor bat guztientzat.
Helburuak betetzeko
zein dira egin dituzuen
proposamenak?
Bereziki babestu behar liratekeen hektareetatik 29 gutxiago okupatzen ditugu, eta asko dira. Benetan etxebizitzari dedikatuta egongo den lurra %22ra murrizten dugu.
Aktibitate ekonomikoetara dedikatzen dena ere murriztu egiten dugu, nahiz eta Galarreta egon. Hala ere, oro har, mugatu egiten da. Besteak beste, Altzuetarako aurreikusita zegoen industrigunea desagertzen delako.
Terziarioetara (ofizinak, hotelak, supermerkatuak...) lur gehiago dedikatzen dugu. Igotzen dugu 3 hektareatik 19ra. Eta sistema orokorra ere (parkeak eta abar) igo egiten dugu, 4 hektarea gehiago.
Etxebizitzari dagokionez, egingo dira 2.693 etxe berri. Egingo dira aurreko arauek aurreikusten zutena baino 164 gutxiago. Lehen aurreikusita zeuden 1.348 Babes Ofizialeko etxe, eta orain 1.461 egitera goaz.
Eta hauek kontuan izanda, zein dira herriak izango dituen aldaketa nagusiak?
Alde Zaharrean bi zonalde berreskuratzea izango da helburua: bat Leokatik Balantxarainokoa, eta bestea, Tilosetatik, Izpizua beherainokoa.
Latsunben Kultur etxerako lekua gordetzea aurreikusi dugu.
Villas-Los Alemanes zonaldean, 3 parkeren arteko lotura egin nahi da, Ave Maria, Mendi Mendia eta Nere Borda. Hiruen arteko lotura eginda, batetik bestera paseoan joateko aukera izango litzateke, eta 100.000 m2ko parkea geratuko litzateke elkartuta, erabiltzeko moduan. Horretarako etxeak egingo dira Alemanetan, eta Antziolan, Cuesta de la muerte inguruan. Honek, zonalde guztiaren konexioa ekarriko du.
Galarretan parke teknologikoa egingo da, eta aurreikusita zeuden etxeak ez dira egingo.
Floridan, batetik, AMR eta Papelera del norte kenduko dira, eta etxeak egingo dira bertan. Horrek ahalbidetuko du lur azpiko irteera bat egitea, trenbidearen azpitik, Zinkoenea ez izateko pasoko trafiko guztia hartzen duena. Bestetik, Floridari emango diogu benetako abenida baten izaera.
Karabel eta Portu auzoei dagokienez, bakoitzaren punta batean etxeak egingo dira. Horrela Portuko etxebizitzek ahalbidetuko dute tren azpiko beste paso bat egitea altuera gehiago dagoen gunean. Karabelgo etxeek berriz, uholdeei aurre egiteko egin behar den zubi berria finantziatzen lagunduko dute, baina are garrantzitsuagoa den zerbait lortuko litzateke: Karabelek 250 plazako aparkalekua izango luke, Plaza berria, eta bizilagunen beharrak asetzeko lokalak.
Lizeaga eta Elizatxoren kasuan, Villa San Antonio zonaldean, mendiari kaxkoa kenduko zaio, eta bertan etxeak egingo dira, plaza, aparkaleku eta ekipamendu berriekin. Horrek, Lizeagari bistak emango dizkio, eta behar bezalako parkea izango du. Horrez gain, Portu, Elizatxo eta Lizeagako bide eraztuna osatuko da, herriari lotura emango diona.
Eta azkenik, Osiñagan, bertako zerrategia Andolako papelera gaineko poligonara eramango da. Eta Altzueta bere horretan utziko da.
Mugikortasun Planak ere
izango du presentzia
Arau Subsidiarioetan, ezta?
Bai, Arau hauek jasotzen dute Biterin erakusketan egon zen Mugikortasun Plana, jendeak proposatutako aldaketekin. Bertan, lehentasuna ematen zaie oinezkoei, bizikletan doazenei eta nola ez, garraio publikoei.
Aurrez aipatutako aldaketez gain, bere baitan hartzen ditu mendebaldeko bariantea egitea, Butano paretik Mandazubira joango litzatekeena. Eta horrek herria bitan banatzea saihestuko luke, Santa Barbara auzoa eta gainontzekoa. Baina obra hori egitea Diputazioari dagokio.
Bost errotonda berri ere aurreikusten dira, horietako bat da Txantxillakoa. Aparkamendu berriak ere egingo dira, Izpizua kalean, Urbietan, Karabelen... Eta beste lau igogailu berri egitea ere aurreikusten da: Urbietako Kulturgunetik Langilera; Larramenditik Zaharren Egoitzara; Kiroldegitik Urbietara; eta Elizatxo ikastolatik Lizeagara.
ALDE ZAHARRA,
HERRIKO ALDAKETA NAGUSIENETAKOA
Testu bateratuak herriak izango dituen hainbat aldaketa aurreikusten ditu, eta horien artean, nagusienetakoa da Alde Zaharrak jasango duena. Bi helburu nagusi izango ditu, Kaxkoak bere espazio berdea izan dezan, eta trafikoa mugatua izan dadin.
Leokatik-Balantxara
Alde batetik, asmoa da Leokatik Balantxarainoko bidea egitea, hau da, punta batetik bestera paseatuz joateko bidea egitea. Lehendik ere badago pasatzeko modua, eskaloi diferenteetan, eta hori berreskuratuko da. Horrez gain, Leoka bera berreskuratuko litzateke, eta Arauetan aurreikusten da Txalaparta dagoen etxea desagertzea. Planteatzen dena da Leoka plaza bat bezala berreskuratzea, eta akueduktoak bistan geratzea. Horretarako, Leokatik joanda, Portu aldera jaisten, eskaileretan ezkerretara geratzen den etxearen ondoan, etxe garapen bat egingo litzateke, eta horrek ahalbidetuko luke gainotzekoa egitea.
Tilosetatik-Izpizuan behera
Bestetik, Tilosetatik hasita, Izpizua kale guztia errekuperatzea aurreikusten da, gune berdeak dituen bulebarra eginez. Tilosetako pasealekuak beheraino jarraituko luke, eta Izpizua kalean, lur azpian, aparkamenduak egingo lirateke.
Baita ere, aurreikusten da Izpizua kaleko eta Urbieta kaleko (Taxi parada ingurua) trafikoa murriztea, egun Atzietasen egin den moduan. Soilik garraio publikoarentzako, bizikletentzako eta oinezkoentzako izango litzateke.
Azkenik, Urumea desagertuko litzateke, eta plaza bat egingo litzateke bertan, azpian aparkalekuekin.