Aurreko urteetan binakako txapelketan txapeldun eta txapeldunorde izan ondoren, lehenengo ligaxkan kalera aurtengoan.
Bai, hala da. Aurten Aimar eta biok ezin izan dugu aurreko bi urteetako mailarik eman, eta ez ginen ligaxkatik pasa. Partidu batzuetan zortea ere falta izan zitzaigun gainera, irabaztetik oso gertu gelditu ginen.
2. mailako buruz-burukoan eman zenuen mailarekin gustora?
Gustora bai, baina gehiago nahi izaten da beti. Final- laurdenetako ligaxkan sartu nintzen Argoteri ondo irabazita, baina ligaxkako hiru partiduak galdu nituen ondoren. Bitan aurretik ibili nintzen gainera partiduan zehar, Leitza eta Beroizen aurka, baina huts egin nuen partidu amaieretan. Zerbait gehiago egin nezakeen.
Asegarcerentzat izan da urte zaila orokorrean.
Bai. Ez gara final nagusi batean ere sartu, ez Lau eta erdikoan, ez Binakakoan, ezta Buruz burukoan ere.
Horrek eraginik izango al du udako zure partida kopuruan?
Pixka bat bai agian. Herrietatik gure enpresara egindako deien kopurua jeitsiko da ziurrenik. Baina horrez gain, beste alor askotara bezala, krisia iritsi da pelotara. Partidu gutxiago programatzen dira, jende gutxiago bertaratzen da frontoietara eta diru gutxiago jokatzen da. Guzti horrek egiten digu kalte. Guk gure lanean segi behar dugu hala ere. Deitzen diguten tokietara joaten, gure maila ematen eta ikuskizun polita eskaintzen ikusleei.
Zuen enpresako Aimar Olaizolak lesio larria izan du gainera.
Bai, baina aurrelari on asko daude. Pablo Berasaluze, Bengoetxea VI, Asier Olaizola bera. Ea hauek partidu asko jokatzen dituzten! Guretzat ez litzateke seinale txarra.
Udako torneoak inoiz baino
garrantzitsuagoak izango dira orduan?
Udako torneoak beti dira garrantzitsuak. Eta ea aurten ere, iaz bezala, torneo gehienetan parte hartzeko eta baten bat irabazteko aukera daukadan. Iaz hiru finaletara iritsi nintzen eta Zarauzkoa irabazi nuen Aimarrekin batera.
Atzelari asko zaudete ordea, torneoetan sartu nahi duzuenak.
Bai, zaila izango da torneoetan sartzea ere. Atzelari onak ditut lehiakide. Begino indartsu dabil, Beloki itzuliko da kantxetara, Ruiz hor dago, Apraiz ere goraka dator, Ibai Zabala,... Lanean gogor jarraitu behar dut. Aurten ez zaizkit gauzak nahi bezala atera, eta gogoz nago udarako.
Zure gaitasunak
demostratzeko lehen aukera aste honetan izango duzu.
Ostiralean Andoainen jokatuko dut eta larunbatean Hernanin. Partidu gogorrak izango dira biak ere.
Hernanin Bengoetxearekin batera arituko zara, Berasaluze VIII.a eta Apraizen aurka. Nolako partidua
espero duzu?
Partidu orekatua izango da. Apraizek segurtasun haundia hartu du azken hilabeteetan eta oso fin dabil. Berasaluzek berriz, denok dakigu tantoa amaitzeko nolako erraztasuna duen. Bengoetxea eta biok bikote polita osatzen dugula uste dut hala ere, eta gauzak oso zail jarriko dizkiegula. Bengoetxea aurrelari haundia da eta asko laguntzen digu atzelarioi.
Herrian beste behin ere
pelota jaialdi handi bat,
eta zu bertan.
Bai, eta niretzat beti da berezia Hernanin San Joanetan jokatzea. Gainera, pelota eskolan lana ondo egiten ari denaren seinale dira gisa honetako jaialdiak.
Herriarteko finala ez al da beste seinale bat?
Bai, eta herriarteko finalera iristea oso garrantzitsua da. Normala da jendeak pena izatea Hernanik ez irabazita, baina bi urtez jarraian finalera iristea ere, ez da lorpen makala. Gureek ahal zuten guztia egin zuten Atanon, baina azpeitiarrek izugarri jokatu zuten, jubenilek zein afizionatuek.
Emaitza onak, Iazko udako torneoetan
Zarautzen txapeldun:
Olaizola II-Oier Mendizabal 22/ Bengoetxea VI- Begino 10
Gasteizen txapeldunorde: Berasaluze VIII- O.Mendizabal 17 Xala-Goñi III 22
Donostian txapeldunorde: Bengoetxea VI-O.Mendizabal 11 Berasaluze VIII-Begino 22
Iruñan: Asier Olaizolarekin bikote.