Liburuan, izenburuak dioen bezala, ekonomikoki indenpendentzia behar dugula azaltzen duzu. Zergatik?
Gaur egun dagoen eredu ekonomiko kapitalistaren aurrean beste eredu ekonomiko bat sortzeko. Esaterako, aberastasuna banatzeko. Horretarako, berriro estrukturatu beharko litzateke lan merkatua, eta hori Madrilen eta Parisen esku dago, gaur egun. Fiskalitate progresiboa ezin dugu ezarri, hau da, gehiago ordaindu dezatela gehiago daukatenek. Tasa finantzarioa ezartzea ere ez dago gure esku. Nazioarteko harremanei lotuta, ez dugu guk erabakitzen Europa nahi dugun edo ez. Merkatuko aginduen arabera ibili nahi dugun edo ez. Eredu ekonomiko berri bat ezartzeko, balore berriak izango dituena, beharrezkoa dugu elementu juridiko batzuk lortzea, gaur egun ez ditugunak, eta horretarako behar dugu independentzia.
Beraz, independentziarekin lortuko litzateke egungo sistema aldatzea?
Independentziak berak bakarrik ez du ezer egiten. Independentziak ez du ziurtatzen eredu ekonomikoa aldatzea. Baina izango bagenu, eta nahikoa indar politiko bagenu beste eredu bat aurrera eramateko, aukera izango genuke, soberanoak izango ginatekeelako. Beraz, lehenengo pausoa hori da. Behin independentzia lortuta, lanean jarraitu beharko genuke eredu justu eta solidario bat lortzeko.
Euskal Herrian badira alderdi eta enpresariak egungo eredua defendatzen dutenak.
Bai defendatu eta beraietatik elikatzen direnak. Oso ondo babestuak daude. Esaterako, MCC euskal multinazionala, eredu fiskal ezinhobea daukana. Zerga minimoak ordaintzen ditu, teorian obra sozialak egiten dituztelako, herritarrei zuzenduak; Mondragon Unibertsitatea adibidez, baina unibertsitate pribatua da. Azken finean ez da ikusten herriaren hoberako, Euskal Herri osorako erabiltzen dituenik bere baliabideak eta irabaziak. Beste multinazional batzuk dira: Iberdrola, BBVA, Gamesa… eta horiek Latinoamerikako herri indigenak esplotatzen dituzte...
Zein dira pausoak eredua aldatzeko?
Lehenengoa, ideologia da. Ideologiaz gain, elementu juridikoak izango bagenitu, dena izango genuke. Izan ere, baliabide aldetik, oso lurralde orekatua da gurea, aberastasuna dugu, biztanleria prestatua dago ikasketa aldetik… Kontua da: badaukagu sujetu berri bat eramango gaituena eredu ekonomiko horretara? Ustelduta gaude merkatu ideologiarekin eta globalizazioarekin. Lehenengo lana da, gure baloreak aztertzea eta hobetzea. Eta ideia horiek aldatuta, posible da. Behin ideologia aldatuta, bigarren pausoa da, ekonomia herritar guztien zerbitzura jartzea.
Udalek zer egin dezakete krisia arintzeko?
Merkatutik kanpo alternatibak sortzea, bizi kalitate hobea lor-tzeko, elkarte desberdinei dagokie. Horretarako, garai bateko auzolana bultzatu behar da teknologia berriekin egokitua. Ez bakarrik lanik ez daukatenek, herritar guztiek izan dezatela zerbait emateko eta zerbait jasotzeko. Bide horretan Udalek zeregin haundia dute. yy