Lehendabizikoak izango direnez, ezin ukatu hauteskunde hauek duten garrantzia Ereñotzuko Auzo Udalaren historian. Hala ere, hauteskundeak berak baino, garrantzi haundiagoa izan duena zera izan da, 2010eko udazkenean Auzo Udala sortu ondoren, joan den apirilaren 8an Batzorde Kudeatzailea eratu izana. Hau baita Auzo Udalean lanean abiatzeko behar zen organoa.
Beste alde batetik, aipagarria iruditzen zaigu gure hautagaitza hau auzotarrek izendatu dituzten pertsonez osatuta dagoela. Nolabait esateko, auzoan aurre-hauteskunde batzuek izan genituen eta bertan auzotarrek proposatu zituzten egokien jotzen zituzten pertsonak hautagaitza honetarako.
Ondorioz, Auzo Elkarteak sustatu eta auzotarrek izendatutako zerrenda hauetatik Ereñotzu Ekinez hautesle elkartea edo agrupazioa sortu da.
-Hauteskunde egunean, hiru boto eman behar dituzte ereñotzuarrek…
Halaxe da. Ereñotzuko auzotarrek hiru ontzitan izango dute botoa emateko aukera. Ontzietako batek Gipuzkoako Batzar Nagusietarako bozak jasoko ditu. Beste ontzietako batean Hernaniko Udalerako zinegotziak aukeratu ahal izango dituzte ereñotzuarrek. Eta azkenik, hirugarren ontzi batean, zuzen zuzenean Ereñotzuko Auzo Udalerako alkatea hautatuko da.
Alkatearekin batera, Ereñotzuko Auzo Udaleko aginte organoa osatuko duten lau juntakideak hauteskundeen ondorengo egunetan izendatuko ditu Junta Elektoralak.
Esan behar da, Ereñotzuko Auzo Udalerako alkatetzarako, Ereñotzu Ekinez hautesle elkartearen hautagaitza bakarrik aurkeztu dela. Hortaz, esan liteke, elkarte edo agrupazio honek irabaziko dituela hauteskundeak. Kasu horretan, bere hautagaia alkate izendatuko da zuzen zuzenean, eta ondorengo egunetan Junta Elektoralak izendatuko ditu lau juntakideak.
-Erronka nagusiak zein dituzue hasiera honetan?
Berehalako etorkizuneko lana izango da, alorrez alor auzoaren beharrak zein diren ondo ezagutzea eta bereiztea, hala nola, zerbitzuetan, azpiegituretan, hirigintzan, kultura eta aisialdian, auzoko ondarean, ingurumenean, eta abar, azken batean, auzoa indartzen eta biziberritzen lagunduko duten ildoak urratu eta finkatzea.
-Eta etorkizunean?
Aurrez aipatutako ildo horietako jarduera sendotu eta Auzo Udala datozen belaunaldietan iraungo duen tresna eraginkor bat bilaka araztea.
Hastera goazen bide honen helburua da Ereñotzu auzotarrentzat bizi leku erakargarri, eroso eta duina izatea, bai orain bizi garenontzat, baita datozen belaunaldientzat ere. Hasi behekaldeko auzuneetatik eta goikoetaraino. Ez dadila baldintza egoki faltagatik auzoa utzi eta hirietara bizitzera joan beharrik izan. Gainera, kaletarrek ere gustuko dute auzora hurbiltzen direnean ondo egituratutako auzo osasuntsu eta bizia topatzea.
Esan behar da asmo horiek betetzeko daukagun aurrekontua mugatua dela. Orain bidea ondo finkatzen badugu agian etorkizun urrunxeago batean asmo handiagoetan sar liteke Ereñotzuko Auzo Udala.
-Kontsentsuz iritsi zarete honaino: alderdi guztiak ados, administrazio guztiak ados, auzotarrak ados… Lan egiteko modu bat erakusten al du horrek?
Oso garbi geneukan, ditugun indar eta baliabide mugatuak eztabaida eta enfrentamenduetan xahutuz gero bide laburra egingo genuela. Aurrerantzean ere, lanean eraginkor izateko modu onena dela uste dugu.
-Aurrerantzean ere, lantaldeka funtzionatuko omen duzue. Azaldu dezakezu hori nola izango den?
Goian aipatutako aurre hauteskunde horiek aukera eman digute hauteskundeetarako boskote horretaz haratago hamabi laguneko talde bat osatzeko ere. Hamabi lagun hauek lau sail desberdinetan banatuko dira: alkatetza, zerbitzuak, ongintza eta zerbitzu sozialak eta kultura eta aisialdia. Sail bakoitzeko arduradunek auzotarren laguntza baliatuko dute, nahiz modu iraunkorrean, nahiz aldikako lankidetzaz.
-Alkatea eta juntakideak, guztira bost izango zarete, eta denak eremu banatakoak: Epele, Fagollaga, Ereñotzu, Abillats eta Pagoaga…
Goian aipatu bezala, gure helburua Auzo Udalaren jarduera auzo osoarentzat onuragarria izatea da. Ereñotzu, bere osotasunean hartuta, bailara luze eta sakabanatua da, eta guretzat, garrantzi handia izango du auzo osoaren kohesioa bilatzeak.
Jakina, horretarako, juntan auzune guztietako ordezkariak izateak asko lagunduko du.
-Ereñotzuarrek, hemendik aurrera, zertara joan behar dute Auzo Udalera, eta zertara Hernaniko Udalera?
Orain arte Hernaniko Udalean egiten zituzten gestio guztiak bertan egin ahal izango dituzte edo gutxienez bertatik tramitatu ahal izango dituzte.
Bestalde, lehen Hernaniko Udalera zailtasunez iristen ziren eskaerak eta premiak bertan aurkeztu ahal izango dira eta gertuagoko erantzuna izango dute.
Edonola ere, Ereñotzuko Auzo Udalak zuzenean eman ezin dituen zenbait zerbitzu Hernaniko Udalak ematen jarraituko du orain arte bezala. Adibidez, ongintza eta zerbitzu sozialen alorrean, gizarte asistente batek auzotarren premiak identifikatuko ditu modu jarraituan auzo osoan. Horrez gain, Auzo Udaleko egoitzan astean behin izango da auzotarrak bertan atenditzeko. Hortik eratorriko diren asistentzi mota desberdinak Hernaniko Ongintza zerbitzuetara bideratuko ditu.
Honek esan nahi du, orain arte bezala, aurrerantzean ere, Hernaniko Udalarekin lankidetza leial eta koordinatua izateak garrantzi haundia izango duela Ereñotzuko Auzo Udalaren bilakaeran.
Lau lantalde izango ditu Auzo Udalak
- Alkatetza / Ogasuna / Ondarea...
- Zerbitzuak / Obrak / Azpiegiturak...
- Zerbitzu Sozialak / Osasuna / Hezkuntza...
- Kultura / Kirola / Euskera...