-Zergatik sortu da Hernanin, Denok Hiritar bezalako kandidatura bat?
SOS Arrazakeria taldeak sortu du Denok Hiritar, eta beraz, AMHER taldeak (Hernaniko Elkarte Multikulturala). Egiten ditugun ekitaldi guztien artean, botu zesioa edo botoa uztea izaten da bat, hauteskundeetan egin izan duguna. Berritasuna bat da; eta da, orain legezko kandidatura bat aurkeztu dugula, helburu jakin batekin: oihartzun haundiagoa lortzea, hemen bizi diren pertsona guztien eskubide politikoen defentsan, eskubide berdintasunaren defentsan (eta zehatzago, etorkinek sufritzen duten diskriminazioaren aurka).
-Zein dira Denok Hiritar alderdiaren zutabeak?
Hautagaitza honen oinarrian dago AMHER elkarteak zazpi urtean egin duen lana, arrazismoa eta xenofobiaren kontra, eta inor ez baztertzearen alde, elkarbizitza txukun baten alde, eta gizarte kohesioaren alde. Lan hori hernaniarrekin egiten dugu; batzuk bertan jaioak dira eta bestak herritik kanpo.
-Zeinek osatzen duzue kandidatura? Zeinek eman dizuete babesa?
AMHERekin lotura daukan jendea gara, era berean, SOS Arrazismoa taldearekin ere lan egiten duena. Gure propaganda orrietan 60 bat aurpegi eta izen ikusi daitezke, eta jende hori da gugana inguratu den jendea, erreibindikazio hau bere egiteko, denen eskubideak eskatzeko eta diskriminazioa eta bazterketa salatzeko.
Horrez gain, ziento-erdi bat lagunek eman digu bere babesa; ezagunak direnak, egin duten lan politikoagatik, zientifikoagatik, edo kirola, kultura, euskera eta musika munduan egindako lanagatik...
-Zer lortu nahi duzue kanpaina honetan?
Helburu nagusia da, hauteskundeak aprobetxatzea zenbait ideia eta eskaera zabaltzeko. Hain zuzen, hauteskundeetan aukeratua izateko edo norbait aukeratzeko eskubidea izatea edozein pertsona extrakomunitariok, Hernanin bizi bada. Ez da etorkinen eskaera bat; eskaera honek gizarte osoarena izan nahi du, eskaera oinarrizkoa, herritar batzuk botoa emateko aukerarik ez badute, demokrazia baita galtzen ateratzen dena.
Horregatik, Hernanin lan berritzaile bat egin dugu eta oso interesgarria, etorkin (hernaniar) kopuru haundi baten laguntzarekin. Orain ereiten segi behar dugu, gizartearen eta politikarien gehiengoak begi hobeekin ikus gaitzan eta jarrera hobea izan dezan.
-Hobetu beharrekoak?
Gizarte guztia inplikatu behar dugu eskubide politiko eta legal batzuren alde... eskubide horiek mugak dituzte gaur egun, edo gizarte-zati bati ez zaizkio aitortzen. Hori begi-bistakoa da hauteskundeetan, baina baita beste kontu orokor eta zehatz askotan ere: Atzerritarren Legearen gogortasuna ikusi besterik ez dago, edo lan mundura sartzeko zailtasunak, familia ber-elkartzea, etxebizitza, eta abar... Hernanin ere hutsuneak ikusten ditugu; adibidez, Udalak azaldu berri duen inplikazioa erroldatzearen inguruan, edo laguntza sozialei buruzko informazio eskasia.
Hutsuneak hutsune, aurrerapausoak ere asko izan dira, eta ezin dira izkutatu: osasun arretan, eta baita berdintasunezko ikasketak izateko aukeran ere (diskriminaziorik gabe), edo kultur jardueretan, gizarte zerbitzuetan, elkarbizitza hobetzeko dagoen kezka edo jartzen diren baliabideak, euskera ikasteko ere bai...
-Etorkinei ze harrera egiten zaie Hernanin?
Kontuan hartzen badugu Hernanin bizi diren pertsonen %5 inguru orain gutxi etorriak direla, azken 10 urteetan, horrek hasieran suposatzen duen txokea kontuan hartuta, ohitura berriak, ideologia berriak eta abar..., esan liteke hernaniarrek orokorrean harrera ona egiten dietela bizilagun berriei. Edozein gizataldetan gertatzen den gisara, badira arazoak sor-tzen dituzten elementuak. Hala ere, gure herrian konflikto gutxi suertatu dira.
-Esaten da, krisiarekin etorkinen egoera oraindik gehiago zaildu dela. Zein dira arrazoiak? Eta zer egin beharko litzateke hori erremediatzeko?
Egoera okertu egin da, zaildu egin da. Zergatik? Jendea ohituta dagoelako errudunak jende xumearen artean bilatzen, lan-merkatura azkena iritsi direnen artean. Errudunak, bestalde, goian daudenak dira, berak ari baitira apustuak egiten gure irabazi eta aberastasunarekin.
Etorkinek, orokorrean, askoz baldintza txarragoetan lan egiten dute, langile autoktonoek baino. Zergatik? Kotizazioak bete beharrak itotzen dituelako, hori behar baitute lan eta erresidentzia txartelak berritu ahal izateko. Etxebizitza lortzeko zailtasun haundiagoak dituzte, etxe jabe batzuk ezezkoa ematen dietelako etorkinak izateagatik, eta neurriz kanpoko kopurutan pilatzen dira etxebizitzetan, edo isilpeko alokairuan hartzen dituzte, baldintza abusiboetan.
Aurrerapauso bat litzateke, nonbait erabakitzea, eskubide gehiago edo gutxiago izatea ez dela non jaio garenaren araberakoa; aurrerapauso bat litzateke, denok onartzea, hemen bizi eta lan egiten dutenei tratu bera dagokiela legez. Horrek eskatuko luke Atzerritarren Legea aldatzea, eta baita aplikatzeko Araudia ere.
-Konbibentzia edo elkarbizitzan, zein pauso eman dira? Zertan egin da aurrera?
Hernanin AMHER daukagu, eta hark antolatzen dituen ekitaldiak dauzkagu. Gainera, talde horrek egiten duen lanak Udalaren babesa dauka 2007tik, hitzarmena sinatu baitzuten urte hartan, elkarbizitzarako lehenengo pausoak emateko. Zein dira pauso horiek? Aholkularitza zerbitzua ematea eta informazioa jasotzea. Laguntza ere ematen zaie, gestio ezezagunak egiteko, edo iritsi berriei, hizkuntzarekin gaizki dabiltzalako, eta abar...
Hezkuntzan ere pausoak eman dira. Adibidez, matrikulak epez kanpo egin behar izaten dituzte etorkin askok, noiz iritsiko diren Hernanira ez dutelako aukeratzen; horretarako erraztasun gehiago dago orain. Hezkuntzan, bada pauso bat eman beharra, etorkinak ikastetxe bakar batean pilatu ez daitezen. Euskera ikasteko ere aukerak bilatu dira, bai AEKren bidez, eta bai Udal Euskaltegiaren bidez; bietan AISA programa martxan jarri da. Horri erantsi behar zaio, baztertze klase askoren kontra egiten diren kanpainak: eskubide ezberdintasuna, gizarte arrazismoa, pobrezia edo bestelakoak.
-Integrazioa bilatzeko, beste politika bat egin liteke? Ze politika modu?
Integrazioari buruz ari garenean edo kulturartekotasunaz ari garenean, zer esaten ari gara? Integrazioa ez da norabide bakarreko bidea, alegia, ezezaguna moldatu egiten da, eta gizarteak ez du ezer egin beharrik. Gehiengoa osatzen dutenek egin behar dute ahalegina, aukerak sortzeko edo emateko adaptaziorako; beharrezkoa baita adaptazio hori, baina sumisio erabatekoa izan gabe. Nahasketa hori, integrazio-sumisio, oso zabaldua dago, eta eragin haundia dauka gure ideologia sortzeko garaian, edo ikastetxeek zabaltzen dituzten jokaera eta baloreetan. Gizarte integraziorik ez dugu lortuko elkar errespetatzen ez badugu. Arazoa ez du sortzen integrazio faltak; arazoa sortzen du, eskubide gutxiagorekin integratuta egoteak.
-Hurrengo Gobernu Taldeak zer egin beharko luke Hernanin?
Beharrezkoa jotzen dugu denon parte hartzea herri baten eguneroko bizitza sortzen ari garenean edo etorkizuna sortzen ari garenean; beharrezkoa jotzen dugu denon partehartzea gure ezberdintasunak gerturatzeko; gizarte kohesionatu bat nahi badugu, behar beharrezkoa da bertan bizi direnek parte hartzea, bertan gozatu, negar egin eta amesten duten guztiek parte hartzea...
Ez dugu onartzen gizarte bat, bizilagunen zati bat legez baztertzen duena. Bazterketa horrek ez die eragiten etorkinei soilik; gizarte osoari baizik. Beraz, gobernatzen duenak gobernatzen duela, ezin dugu onartu arrazoi bategatik edo bestegatik inor baztertzerik, berdin dio gure bizitzaren zein esparrutan tokatzen den; ezin dugu onartu inor baztertzerik kanpotik etorria delako edo beste edozein arrazoirengatik. Lan hori guztioi dagokigu; pertsona, gizarte mugimendu, instituzio... gauza txikietan edo haundietan, gertukoetan edo orokorretan.