Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Roberto Cavallo

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 19a, 02:00

E.R.I.C.A. kooperatibako presidente zara. Zein da zure lana?
Nik presidente kargua daukat. Kooperatiba sortu zuten pertsonetatik jarraitzen duen bakarra naiz. Nire ardura da gure zerbitzua jasotzen duten edo jaso nahi duten herri edo mankomunitateekin kontaktua eta harremana manten­tzea. Baita ere, koordinatzaile lana egiten du, ofizina teknikoarekin eta komunikazioaz arduratzen den taldearekin bilerak eginez.

Hernanin hitzaldia eman zenuen aurtengo martxoan, herrian Atez-Ateko bilketa sistema martxan ja­rri aurretik. Italiatik jarraitu al duzu Hernanik eman duen aldaketa?
Oso aldaketa positiboa izan da. Herritarrak positiboki inplikatu zarete eta beti izan duzue aldaketa inportante baten aurrean egoteako jarrera. Zuen lurrari oso lotuta zaudetela iruditzen zait. Gainera, uste dut kulturalki gauzak elkarrekin egitea gusta­tzen zaizuela. Orain inguruko herriak kontajiatzea da falta dena. Geroz eta herri gehiago, hobeto. Ikusarazi behar diezue Atez-Ateko bilketa erraza dela eta errekurtso naturalak aurrezteko balio duela.

Europak beti inportatu egin ditu errekurtso naturalak urruneko herrialdeetatik, Afrikatik edo He­goameri­katik. Herrialde ho­riek esplotatzen ditugu, errekurtsoak balio duena baino merkeago erosiz. Ho­rrek herrialde ho­rietan kostu ekonomiko eta sozialak dakar­tza. Oso ondo kontserbatu behar ditugu gure erreserbak. Horretarako ere balio du Atez-Ateko bilketa egiteak.

Eskainitako hitzaldian herritarren auzolana, talde-lana eta solidaritatea azpimarratu zenuen. Zergatik?
Orokorrean, ingurugiroaren argumentua garatuagoa dagoen tokietan, jendeak gauza gehiago egiten ditu elkarrekin. Atez-Ateko zabor bilketa sistemak pertsonen arteko kontaktua eta harremana eskatzen du. Ez da akzio anonimoa eta indibiduala. Adibide bat jartzeko, imajinatu erosketa talde bat. Bizilagun batzuk elkartzen dira eta denentzako janaria erosten dute kantitate haundiagoetan. Merkeago aterako zaie erosketa eta ez dute hainbeste enbase eta plastiko sortuko. Hori da talde-lana eta ingurugiroaren artean egiten dudan harremana. Pertsonen arteko kontaktuak balio gehigarri bat ematen du beti eta hau normalean positiboa da ingurugiroaren aldetik begiratzen bada.   

E.R.I.C.A. kooperatiban lan asko egiten duzue Atez-Ateko sistema herrietan martxan jartzen. Zein izan ohi da lan hori aurrera eramateko arazorik haundiena?
Normalean ez da arazo sozial bat izaten, arazo politiko edo ekonomikoa baizik. Herrita­rrek bilketa selektiboa egiteko aukera eta konbikzioa badute, moldatzen dira eta ondo erantzuten dute. Hasie­ran pixka bat kostatuko da ohitura aldaketa bat eska­tzen duelako, baina segituan har­tzen dute trukoa.
Interes politiko edo ekonomikoak tartean sartzen direnean sortu daitezke arazo gehiago. Zaborraren bilketa sistema aldatzeko borondate politikoa edukitzea inportantea da eta politikarien ausardia maila ere bai. Bestetik, interes ekonomikoa duten taldeak ere oso kontuan hartu behar dira, asko eragiten baitute erabakiak hartzeko orduan. Lobby-ek edo presio taldeek oztopo asko jartzen dizkigute batzuetan.

Adibidez, Italia hegoaldean ezta?
Hori da. Askotan kontatzen dut istorio hau. E.R.I.C.A.-rekin urte eta erdiz bultzatzen aritu ginen Napoles inguruko herri batean, Ottavianon (20.000 biztanlekoa), Atez-Ateko bilketa sistema jartzea. Inguru horietan zaborren negozio guztia mafiak darama, camorra-k. Beraiek kontrolatzen dituzte zabortegiak eta diru bat ordaindu behar diezu horietara hondakinak botatzeagatik. Bilketa selektiboarekin, birziklatu gabe zabortegira botatzen den hondakin kopurua asko gutxitzen da, eta ondorioz beraien negozioa ere bai. Horregatik, Atez-Atekoare­kin hasi baino hiru egun lehenago, goiz batean, gure almazena erreta azaldu zen, Ottavianoko etxe guztietara banatzeko genituen kuboak barruan zeudela.
Kuboak berriro erosi genituen eta Ottavianoko ´Porta a Porta` martxan jarri genuen astebete beranduago eta orain oso ondo funtzionatzen du.

Herritarrak bilketa sistemaren aurrean ondo erantzuten dutela esan duzu. Orduan, ‘zabor turismoa’ (ondoko herrian zure zaborra botatzea) praktikatzen da ala ez?
Hondakinen turismoa patologia bat da, eta ohitura baten aldaketa garaira mugatzen da. Patologia guztiek bezala, honek ere bere medizina dauka, medizina naturala. Herritarrak lehen hilabetea bukatzerako konturatzen dira errazagoa dela zaborra bereizi eta etxe atarian uztea, beste herri batera kotxean eramatea baino. Ohitura al­da­keta garaiko patologia besterik ez da.

Usurbilgo birziklapen tasak %80a pasa du eta Hernanin
antzeko emaitzak espero dira. Zein irtenbide du falta den %20ak?

Nik bi aukera ikusten ditut emaitzak hobetzeko. Batetik, zaborra sortzearen preben­tzioa, hau da, gutxiago sor­tzen badugu %20eko tasa hori kantitate txikiagoa izango da. Gainera, hondakin gutxiago egoteak bilketa erraztu eta merketzen du. Bestetik, gelditzen den errefusaren konposizioa ondo aztertu behar da. Seguruenik, oraindik material asko birziklatu daiteke errefus horretatik. Helburua beti izango zen errefus kantitatea ahalik eta txikiena izatea.

Posible da erraustegirik gabe funtzionatzea ala sobran dagoen %20 ho­­rrekin erraustegia beharko litzake?
Posible da. Egia da Italian erraustegi asko daudela. Baina zaborraren prebentziorako neurriak hartzen badira eta Porta a Porta bilketa egiten bada, erraustegi kopurua asko murriztu beharko litzateke. Italian posible da pixkanaka erraustegiak ixten joatea eta etorkizunean hondakinik erre gabe funtzionatzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!