Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Larra eta Paolla

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 11a, 02:00

Joan den urteko arantzatxoa kentzeko egin duzu erronka aurten? Jon Larrañaga: Azken finean denoi irabaztea gustatzen zaigu, eta asmo horrekin goaz; baina ez da hori izan arrazoi nagusia. Guk saltsan ibiltzea dugu gustuko, joan den urtean egun polita atera zen, eta errepikatzeko gogoa nuen. Jendea ere galdezka aritzen zen ea aurten apustua egongo zen, eta azkenean apetan hartu nuen. Hala ere, batzuetan damutu egin naiz, esfortzu haundia baita, lanarekin batera entrenatu beharra, egurra kostatzen dena… baina gero gustura aritzen naiz, eta nik uste dut egun polita aterako dela aurten ere.
Imanol ‘Paolla’: Horrela­ko­e­tan askorik ez. Ni normalean zaldiarekin ibiltzen naiz, baina herri mailako apustuak ere politak dira. Eta, batez ere, gazteak horrelako apustuak egitera bultzatu nahiko nituzke, nik jada 40 urte ditut, eta gaztexeagoak direnak ere ikustea gustatuko litzaidake.

Asko entrenatu duzu gaurko desafiorako?
J.L.:
Aurten, egia esanda, ez naiz gehiegi entrenatu; bi hilabete inguru besterik ez. Joan den urtean lehenago hasi ginen, apustua ere lehenago zehaztu baitzen. Aurten, egin edo ez zalantzatan egon garenez, beranduxeago hitzartu da. Ni zalantzatan nengoen, lana nire kontu egiten baitut, eta prestaketak horrekin bateratu behar baititut. Etxean ere, hiru seme-alaba ditugu, eta azkenean horrek ere lana suposatzen du. Baina azkenean, animatu nintzen.
P.: Bai, apustua egin genuenetik gaur arte entrenatzen aritu naiz. Poliki-poliki hasi eta ahal bezala martxa haunditzen joan naiz.

Zein arlotan ikusten zara prestatuago, korrika ala aizkoran?
J.L.: Hobeto korrika ibiltzen naiz, aizkoran dezente gehiago kostatzen zait, ez nabil oso ondo. Azkenaldian nekatu samar nabil, lana dela eta.
P.: Zalantzarik gabe aizkoran hobeto ikusten naiz. Ni haundia naiz, 100 kilo inguru pisatzen ditut; horregatik, korrika ibiltzea kosta egiten zait.

Prest ikusten duzu zeure burua?
J.L.:
Bai, egindakoa eginda dago. Gogoa dut lehenbailehen egiteko, deskantsu falta dudalako. Azkenean gogorra egiten da, egun osoa lanean pasa, eta ilunabarrean entrenatu, asteburuetan ere ahal denean entrenatu. Lan gutxiago izanez gero ezberdina litzake, baina horrela, ezin iritsi eta beste lanak ere atzean uzten nabil. Gogo haundia dut eguna iristeko, egun politaz gozatzeko.
P.: Bai, uste dut prest nagoela. Nik nahiko gogor entrenatu dut, ahal izan dudan guztia egin dut, eta gaurko egunerako prest sentitzen naiz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!