Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Luis Intxauspe

Kronika - Erredakzioa 2012ko mai. 6a, 02:00

Bi urte pasa dira Atez Atekoa martxan jarri zenetik. Zein balorazio egiten duzu?
Positiboa oso. Jendea jada ohitu da bilketa sistema berrira eta orokorrean ondo egiten da eta emaitzak oso onak dira....%80ko berziklatze mailan gabiltza. Hurrengo erron­ka errefusaren %20ko kopurua jaistea da, kontsumo ohiturei eraginda. Ea kopuru hori gainditzea lortzen du­gun eta %90ko birziklatze mailara iristen garen.

Garbigunea zabaldu berri duzue, zein izan da Hernaniarren harrera?
Oso berria da eta oraindik ez daukagu datu zehatzik, hala ere, jendeak gogoz hartu du eta jada hasi da bertara gauzak eramaten.

Zabaltze hori beste pausu bat dela diozue. Zein dira Hernanik oraindik emateke dauzkan pausuak?
Epe motzean etxeetan sortzen den olio erabilia biltzeko sistema berria martxan jarriko dugu, hondakinen bilketan eta trataeran eman beharreko beste pausu bat dela uste dugu. Hernanin Atez ateko sistema dugu hondakinen bilketarako, sistemarik eraginkorrena, emaitza onenak ematen dituena. Dena den, hondakinen gaiarekin badugu zer landua: hondakin gutxiago sor­tzeko bideak erraztu, kon­tsumo ohituretan eragin...

Olio bilketarena, beraz, epe laburrean martxan jartzeko asmoa duzue?
Bai, ea maiatza bukatzerako martxan dagoen. Herrian zehar hainbat makina jarriko dira eta etxebizitzetan olioa biltzeko poteak banatuko dira. Herritarrek, laster jasoko dute euren etxeetan horren inguruko informazioa eta, informazioarekin batera, txarteltxo bat, Udalak esango dien egunean eta lekuan, olio potea jasotzeko.

Zein dira orain arteko onurak?
Ba, esaterako zenbait erosteko ohituren aldaketa, sartu ga­be tupper eta poltsa berrerabilgarriekin, erosteko ohitura batzuk aldatzen ari gara. Gehiago begiratzen dugu zer erosten dugun. Pro­duk­tuak aukeratzerakoan kontu handiago hartzen dugu eta haien bildukietan ere erreparatzen hasi gara. Jada hasi gara aleka erosten eta ondorioz, ugaritzen ari dira Her­nanin aleka erosteko aukera ematen duten dendak eta, eskaintzen dizkiguten pro­duk­tuak: fruta, lekaleak, xa­boiak (ontzi garbigailuena barne)... Organikoa eta ontzi arinak gehiagotan jaso beharko liratekeela diote batzuk. Jasotze prozesua moldatzeko asmorik ba al duzue? Momentuz ez da planteatu ere egin maiztasun gehiagorekin jasotzea. Bultzatu behar duguna ontzi arin gutxiago sortzea da. Komertzioen kasuan, aztertzen ari gara aldaketaren bat edo beste egitea, beti ere, koste ekonomikoek uzten diguten neurrian.

Organikoa Lapatxera eramaten duzue, baina Itsasura eramateko nahia azaldu zenuten. Zergatik eta zertan da hori?
Oraingoz Gipuzkoan Lapa­txeko konpost gunea dago bakarrik. Berau jada beteta dago eta ezin du asimilatu bertara eramaten den organiko guztia. Horren aurrean irtenbide bat behar zen eta hortik dator Itsasura eramatearena. Duela gutxitik hona, Hernanin igandeetan biltzen den organikoa eta Usurbilen astelehenetan biltzen dena Itsasura eramaten da.

Etorkizunean aurreikusten al da Hernanirentzat eta atez atekoa egiten duten herrientzat konpost planta bat egitea?
Oraingoz herritarren artean autokonpostaje komunitarioa bultzatu nahi dugu; hau da auzoan egingo litzatekeena. Usurbilen jada horretan ari dira eta jendearen aldetik harrera ona izan du eta demanda handia dago. Hernanin antzeko zerbait egin nahi da. Oraindik proiektua diseinatzen ari gara. Gipuzkoak garai berriak bizi ditu hondakinen kudeaketari dagokionean. 34 herritan atez atekoa jartzekoak dira. Nola bizi duzue prozesu hori? Pozik eta lasaitasunez. Poza ematen digu ikusteak atzetik datorren herri multzo hori, ilusioz ari dela guztia presta­tzen, atez atekoa beraien herrietan martxan jartzeko; eta lasaitasunez, gu jada beste fase batean sartuta gaudelako eta orain martxan hasi diren herriei laguntza eman diezaiokegulako.

Herri guzti horietan atez atekoa martxan jartzen bada, Sanmarkok orain arte bezala funtzionatuko du edo zein aldaketa izango dira?
Sannarkok 10 udalerrik osa­tzen dugu. Horietatik 3tan jada atez atekoa ezarria du­gu, Usurbil, Hernani eta Oiar­tzunen. Astigarraga izan­­go da hurrengoa eta on­doren Lezo; eta Pasaia etorriko da gero. Horrek aldatu egingo ditu mankomunitatea osatzen dugun udalerriak ditugun beharrak. Duela urte bat, Sanmarko Mankomu­nitateak 5garren edukiontziaren aldeko apustu garbia egiten zuen; jada, horrek buelta izan du eta orain indarrak atez atekoa bultza­tzearen alde daude. Ez dugu ahaztu behar ordea, ba­daudela beste kide batzuk, Donostiak, Errenteriak eta La­sarte-Oriak, momentuz zaila dutenak jausi hori ematea. Urnietak berriz, oraingo sistemarekin jarraitzea nahiago du.

Eta Garbitaniak zein funtzio izango du?
Garbitania sortu zenean, gure herriko hondakinen bilketa egiteko asmoarekin sortu zen. Eta hori da egiten duena, eta horretan jarraituko du oraingoz behintzat. Bestetik, atez ateko sistema martxan jarriko duten herriei lagun­tzen ari zaie ezarpena egiteko prozesuan, eta lan hau garrantzitsua da abiatzear dauden herrientzat.

Hiri haundietako zenbait auzotan atez atekora egokitzeko lanak izango direla azaldu dute. Hernaniren kasua hartu liteke eredutzat hori posible izateko?
Bai eta horren froga dago Bartzelonan. Duela gutxi, Bar­tzelonako Agencia de Eco­logia Urbana (Bartzelona hi­rian hondakinen gaia daraman bulegoa) gurekin harremanetan jarri da. Hernani hartzen dute eredu moduan, hango auzo batean «atez atekoa» martxan jarri nahi dutelako, ondoren Bartzelona osora (hiriburu osora) zabaltzeko.

Etorkizunean, Euskal Herrian hondakinak atez ate jasotzea errealitatea izango al da?
Hala beharko luke eta gauzak ondo egiten baditugu hala izango da, ez dut dudarik.

Bizkaiak esan berri du ez duela Gipuzkoako hondakin gehiagorik jasoko. Ze eragin izango du?
Gipuzkoako aldundiko ingurumen diputatuak, Juan Karlos Alduntzinek esan zuen bezala, Bizkaiara eramaten den hondakinen kopurua %10aren ingurukoa da; beraz, eragina ez da hainbesterainokoa. Hondakin horiek gure herrialdean ditugun beste zabortegietara bideratuko dira. Gogoratu behar dugu ere, gaur egun Gipuzkoak berak j­asotzen dituela Bizkaiko bi herriren hondakinak, Er­mua­­koak eta Mallabiakoak eta, hala jarraituko duela. Hala ere, ikusita gaikako bilketarekin lortutako emaitzak (Usur­bilek, Hernanik, Oiartzunek eta Antzuolak) eta segidan sistema hori ezarriko dituzten 34 udalerriek lor ditzaketenak, errefus portzentaiak asko jeitsiko dira datozen urteetan. On­dorioz, Gi­puzkoak nahikoa izango du bere lurraldean dituen zabortegiekin sortuko duen errefusa kudeatzeko. Erraustegiaren moratoria bukatzear da, zer gertatuko da? Iruditzen zait momentu honetan gutxi batzuk jartzen dutela zalantzan Gipuzkoako errealitatea aldatu egin dela; eta marko berri honetan, ba al dago erraustegiaren beharrik? Ezezkoan nago. Beraz, natural naturala izango da erraustegiaren proiektua bertan behera geratzea.

Oposizioak erraustegia beharrezkoa dela dio errefusarekin zerbait egin behar delako. Zein dira alternatibak?
Lehenik eta behin esan, Her­na­­niko datuek adierazten du­tela errefusa %20ra murriztu daitekeela. Gipuzkoako da­tuak horrelakoak balira, argi da­go erraustegirik ez dugula behar, edo ez behintzat aurreko Aldundiak aurreikusitakoa. Errefusa gutxitzeko eta murrizteko politikek eraginda, bestelako irtenbideren bat eman beharko zaio gerakinari. Bide horretan ikertzen eta lanean ari dira Europako hainbat herrialde; Zero zabor politikak bultzatzen ari dira errefusa murrizteko helburuarekin. Eta hori da gure bidea ere bai: errefusa gutxiago sortzea, zero hondakin politikak bultzatzea eta Gipuzkoa osora zabaltzea.

Estatu mailan, PPk eta PSOEk atez atekoaren aldeko jarrera azaldu dute azken egunetan. Euskal Herrian, ordea, kontrako jarrerari eusten diote. Zergatik izan daitekeela uste duzu?
Dudarik gabe ezkutuan ge­ra­tzen diren interes ekonomikoengatik. Hor dago bultza­tzen dutenaren koherentzia eza, ezta? PSOEk Madrile­ra­ko proposatzen duena zergatik da txarra Gipuzkoan? 


Europa Zero Zabor biltzarra

Hernaniko Atez Atekoa ezagutuko dute ostiralean

Biltzarra ostiraletik igandera izango da, eta ekitaldi gehienak Donostian izango dira.

EUROPA Zero Zabor mu­gi­menduak urteroko ba­tzarra egingo du datorren as­teburuan, eta aurten, Gi­puzkoa aukeratu dute, es­zenatoki gisa. Aurkez­pe­nean Gipuzkoako Diputa­tua den Ainhoa Iraolak azal­du zuen, Gipuzkoan egiteak garrantzia haundia duela: «batetik, Europako beste herrialdeetan zer egiten ari diren jakiteko aukera paregabea delako; eta bestetik, Europako hondakinak kudeatzeko hartzen ari diren norabideen berri izango dugulako. Gainera, Gi­puzkoako hondakin ku­dea­ketan lortutako emai­tza onak kanpoan ezagutuko dituzte».
Biltzarra maiatzaren 11tik 13ra izango da, eta parte hartuko dute Eu­ropako hainbat politikarik, hondakinen kudeaketako hainbat adituk, eta bestelako eragileek.

Ostiralean bisita Hernanira eta Usurbilera
Ostiralean egingo die ongi etorria Martin Garitano Al­dun Nagusiak. On­do­ren, au­­tobusez Hernanira etorri eta bertako kaleetan barrena, atez ateko sistemak nola funtzionatuko duen ikusiko dute. Segidan, Usurbilera joango dira, eta bertan, konpostaje komunitarioa zertan den ezagutuko dute, alde zaharra eta merkatariak nola molda­tzen diren ikusiko dute...

Hitzaldiak, aurkezpenak...
Hitzaldi eta aurkezpen ia guztiak Donostian izango dira. Larunbatean esaterako, Aieteko Kultur Etxean izango dira ekitaldiak. Lehen pertsonan kontatutako esperientziak protagonismo berezia izango dute egun honetan, hala nola, Usurbilgo, Italiako eta Bartzelonako udal ba­tzuetako esperientziak kontatuko dituzte.
Igandean, Zero Waste Europa proiektuaren garapenari buruz ariko dira: finantziaketa aukerak, lankidetza, proeiktuak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!