Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Agin Rezola

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 28a, 01:00

Zer sentitzen duzu hain gazte, oraindik ibilbide profesional laburra izanik, Argia saria jasotzean?
Lehendabiziko gauza, sorpresa handia izan zen. Ez nuen lan egin saria lortzeko asmoz, baizik eta saria egindako lanaren ondorioa da. Eta noski, horregatik, ilusioa izugarria da.

Saria emateko garaian, zure saioan egindako Bertsolari txapelketako emanaldia azpimarratu zuten, lan haundia suposatu zuen emanaldi hark?
Bai, batez ere lan extra izan zelako. Hau da, eguneroko saioa ere egiten jarraitzen genuen. Horregatik, astea bost lan egunekoa beharrean, hogeita bat egunekoa bilakatu zen; eta nekagarria bihurtu zen. Esaterako, azaro osoan jai egun bakarra izan genuen. Oso gogorra egin zitzaigun, baina atzera begiratuz, pena merezi izan du.

Zer dela eta uste duzu izan zuela hain harrera ona txapelketako jarraipenak?
Nire ustez hainbat faktoreek eragin dute. Alde batetik, zuzeneko emanaldia zen, eta ez zegoen saio guztiak zuzenean emango zituen beste irratirik. Bestetik, adituen ekarpenak izatea. Eta azkenik, nik mundu hori oso-oso gertutik ezagutzen dudala.  Hau da, beste arlo bateko txapelketa bat emango banu, demagun, gimnasia erritmikokoa; ziur aski ez nuela erakargarritasun bera izango, ezta analisi eta kontaketarako gaitasun bera ere. Eta nola ez, ez nuen jakingo adituari nondik tira egin.

Zu bertsolaria izanik, berezia izan zuen zuretzat emanaldi hura gidatzea?
Niretzat abantaila izan zen, aurretik aipatu ditudan arloetan lagundu nauelako bertsolaritza mundua ezagutzeak. Baina, aldi berean, desabantaila ere izan zen; azken batean nire lagunak epaitzen ari nintzelako edo behintzat haiekiko iritzi bat ematen, eta askotan eurekin batera sufritzen nuen.

Oso ongi jarraitu duzu txapelketa, alde batetik, bertsolaria izanagatik; eta bestetik, irratian saio guztiak zuzenean jarraitu dituzulako. Beraz, zer azpimarratuko zenuke txapelketatik?
Gauza bat baino gehiago azpimarratuko nituzke. Adibidez, antzeman dudan gauza bat, saio guztietan emakumeren bat egon izana da. Agian  zozketak eta baita zorteak ere zerikusi haundia izan dute, baina seikotero gutxienez emakumezko bat egon da. Eta, ez dut uste hori orain arte gertatu izan denik. Gainera, oso maila ona eman dute emakumeek. Beno, orokorrean oso maila ona egon da txapelketa honetan.

Bertsolaritza munduan zaude; txapelketaren emanaldia egin duzu, bertso eskolako kide zara… baina, eskaintzen al diozu denbora bertsoak egiteari?
Ez du ematen, baina bai!  Astero elkartzen gara bertsotan aritzeko. Bertsoak aurpegi asko ditu, eta horietako bat lagun artekoa da, niri asko gustatzen zaidana. Bertsolaritzak lagun asko eman dizkit eta horiekin oso ondo pasatzen dut bertsotan. Horretaz gain, egunerokotasun bat eraman ez arren, ni neu ere saiatzen naiz dudan bertsolari txikia hazten.

Beraz, ez duzu alde batera uzten zure bertsolari karrera? Bidea haunditzea gustatuko litzaizuke?
Bai noski. Ez dut inolaz ere baztertuta uzten. Euskal Herriko txapelketara ez nintzen pasa, baina, hurrengo txapelketan parte hartzeko aukera izango banu, zalantzarik gabe berriz ere parte hartuko nuke.

Bertsolaria izateak, eta inprobisatzera
ohitua egoteak, irratiko lanean lagundu dizu; adibidez, zuzenean gidatzen duzun magazinerako?

Askotan zalantza daukat bertsolari­tzak lagundu ote didan bat-batean hitz egiteko erraztasunean, edo alderantziz izan den, hau da, hitz egiteko trebeziak lagundu didan ber­tso­la­ri­tzan. Nire ondorioa da, elkar lagun­tzen duten arloak direla.

Zure beste afizio bat kirola izanik, zure irratiko karrera hortik
bideratzea gustatuko litzaizuke?

Bai, eta gainera badut asmoa. Tro­pela.net-ekin batera txirrindularitzako etapak emateko proposamena egin dut Info 7-n, eta onartu dute. Oraindik ezin dut askorik zehaztu, bakarrik maiatzetik aurrera izango dela.

Kirolari buruz hizketan, ezinbesteko galdera, igoko al da aurten Erreala lehen mailara?
Bai, nik uste dut baietz. Bostetako dilijentzian gainera, errealak bazuen bere protagonismoa, astelehenenetan asko sufritzen genuen. Eta ni, baikor naiz.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!