Erreportajeak

[ELKARRIZKETA] Iratxe Retolaza Irakurbide Feministak

Kronika - Erredakzioa 2010ko ots. 21a, 01:00

Emakumeentzako Jabe­tze Eskolak esaten dugunean zer esaten ari gara? Zer da ema­kumea jabetzea?

Jabetzea da, ohartzea, norberak eskubideak dituela, gaitasuna daukala, eta aukera edo ahalmena daukala, gauza ezberdinetarako, besteek bezala. Eta horiek eskatzea, aldarrikatzea eta egu­­neroko bizitzara eramatea. Hori lantzeko, Hernaniko Ber­dintasun sailak antolatuta, lau ikastaro edo tailer emango dira, otsailean hasi eta ekainera bitartean. Hernaniko Uda­lak, Gipuzkoako beste hiru he­rrirekin batean Jabetze Esko­lak eskaintzen ditu. Ikastaroak, esan bezala, aste honetan hasiko dira, ostegunean. Aste honetan hasiko den ikastaroa Iratxe Retolazak donostiarrak emango du, eta Hernaniko Kronikak beregana jo du, labur-labur, ikastaroaren nondik norakoak jakiteko.

Irakurbide Feministak ikastaroa emango duzu zuk. Zertaz ari gara, irakurbide feministak esaten dugunean?

Ikastaro honetan asmoa da ikustea, ea literaturak zertarako balio duen feministontzat; edo bestela esanda, literaturak zertan lagun dezakeen feminismoan urratsak egiteko. Ikastaro honetan, asmoa da, gogoeta egitea, heziketa lite­rario bat jaso dugula guztiok, eta heziketa horretan, oharkabean, balore batzuk jaso ditugula denok. Nahi ala ez, eredu batzuk, kanon asko, ikus­pegi matxista batetik ezarriak dira. Eta gu, emakume ira­kurle bezala, ea ohartzen garen, oharkabean jaso ditugun eredu asko, ez direla, ge­nero ikuspegitik, guk ditugun ideia batzuei lotuak. Hiru urratsetan landuko dugu gaia. 1.Urratsa – Gogoeta egitea: Emakume irakurleak gara. Horrek eraginik ba al du gure irakurketa ohituretan? 2.Urratsa – Ea testuetako eredu matxistak eta feministak identifikatzeko gai garen. Fe­minista garen asko eta as­kok, gizarteko beste alor batzuetan berehala identifikatzen ditugu gauza matxistak. Baina literaturan, heziketa literarioak bultzatuta, ez ditugu identifikatzen. 3. Urratsa – Instituzioek he­zi­keta horretan irakurtzeko pro­posatzen dituzten kontzeptu batzuk, nola diren nahiko matxistak. Eta instituzioak diodanean, da, bai unibertsitatea, bai eskolak, bai hedabideak... Eramango ditut hedabideetako testu batzuk, unibertsitateko kritikak...

Eredu horien adibiderik eman dezakezu?

Adibide bat emango dizut. Edozein garaitan irakurri de­za­kegun esaldi bat: zer dago misteriotsuagoa emakume ba­ten mundua baino? Esaldi ho­rrek atzean, gauza asko ez­ku­tatzen ditu. Ho­rre­lako gauzak, literaturan asko eta asko egin dira. Hori egin duenak ez du espero komentarioen hartzailea emakumea izan daitekeenik ere. Edo intimismoari bu­ruz hitz egiten denean, eredu batzuk ditugu. Gizo­nez­ko batek urratsen bat egin badu intimismora, txalotzen zaio urrats hori, baloratzen zaio. Eta emakumearen ka­suan, bere eremua da, beraz ez da ez txalogarri eta ez ezer. Eta hortik ateratzen bada, berriz... Eta hori gai asko eta askorekin. Beraz, ez gara ari produkzioari buruz hainbeste, baizik eta guk jasotzeko garaian nola jasotzen ditugun testu horiek, mezu horiek...

Bai. Ez da hainbeste erakustea: «begira! Emakumeek hau egin dute!». Gehiago da gure irakurketa jarreretaz gogoeta bat egitea. Gai horiez hitz egiteko testuak eramango ditut. Adi­bidez eramango dut, Artze; Jose Anton Artze­ren testu bat oso feminista izan daitekeelako, eta agian, beste emakume batena ez. Estereotipo batzuk hausteko. Testu hori guretzako oso baliagarri zaigu; horko eredu batzuk baliagarri zaizkigu, feminismoan urrats ba­tzuk egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!